2021eko Musikaren Eguna esanahi askoz handiagoarekin datorkigu aurtengoan. Izan ere, ekainaren 21ean uda hasten dela adierazteaz gainera, egun horretantxe bueltatuko dira Euskadiko musikariak agertokietara. Murrizketek markaturiko urte luzearen ondoren, martxan ditugu atzera gure artistak, kultura segurua baita.

Igo bolumena, post hau irakurtzeko ez ezik entzuteko ere bada eta?!

Gatibu

Urteurren bete-betean da euskal rock-talde hau. Bigarren hamarkada dute, eta agertokira igota ospatuko dute. Musikak salbatuko gaitu disko berria aurkeztu dute, eta Iradier Arenako lehen kontzertuetarako sarrera guztiak saldu dituzte dagoeneko.

Zuk ere zuzenean ikusi nahi badituzu, adi hurrengo datekin.

En Tol Sarmiento

En Tol Sarmiento (ETS) Euskal Herri osoan jarraitzaile gehien mugitzen dituzten taldeetako bat bihurtu da. Aukera berriak da musikari arabarren azkeneko diskoa, eta jauzi kualitatiboa egin dute aurreko lanekin alderatuta.

Haien mezua argia da: “Inoiz ez da berandu horizonte berriak bilatzeko eta bizitzan aukera berriak sortzeko”.

Hona hemen nola entzuten den:

Adi hurrengo kontzertuei, zuzenean ikusteko.

Zea Mays

Pandemia dela eta, bertan behera geratu zen Atera diskoaren aurkezpena, baina Zea Mays taldeak ikasi du egunean egunekoa bizi behar dela, eta gero gerokoak.

Taldeak Adore kaleratu du. Baikortasuna eta indarra darie lan horretan bilduriko bi abestiei, egoera latzenei hortzak erakusteko.

Aurtengo udan, zuzen-zuzenean entzun ahalko duzu abesti bikain hori. Kontsultatu hemen data guztiak.

ZETAK

Popa eta elektronikoa euskaraz; horra hor ZETAK taldearen arrakastarako formula. Pello Reparaz buru duen proiektua Gaztea Sarietan nabarmendu zen iaz, eta, beste hainbat sariren artean, Konfinamenduko Abesti Onenaren saria eman zioten Zeinen ederra izango den kantuari.

Horretaz gainera, Etxepare Euskal Institutuak babesturiko euskarazko album onenerako izendatu dituzte, Musika Independentearen Sarietan.

Hona hemen Zeinen ederra izango den:

Kontsultatu hurrengo kontzertuak, aurtengo udan zuzenean ikusteko.

Tulsa

Miren Iza Tulsa egitasmoaren liderrak Ese Éxtasis albuma estreinatu du. Pop pertsonala eta artistaren beraren konposizioak entzun daitezke abesti guztietan, eta, bereziki, “Autorretrato” lehen singlean.

Miren 2006an hasi zen Tulsa proiektuan, eta, urteen poderioz, musikaren erreferente sendo bihurtu da. Nabarmentzekoa da Malagako Zinema Jaialdian eskuratu zuen Zilarrezko Biznaga; Jonás Trueba zinemagilearen Los exiliados románticos filmaren soinu-bandagatik eman zioten.

Jarraitu, hurrengo kontzertuak zer egunetan izango diren jakiteko.

Izaro

Limones en Invierno da Izaroren azkeneko lana, eta Xoel Lópezek parte hartzen du “Invierno a la vista” abestian. Iaz gehien salduriko diskoetako bat izan da, eta kantautore gazte honek sarrera guztiak agortzea lortzen du bazter guztietan.

Baieztatuta dago iraileko Fárdelej jaialdian parte hartuko duela, baina, aurretik, hiri hauetan ikusi ahalko duzu zuzenean.

Mastodonte

Asier Etxeandia ohikoa dugu pantaila handian, baina Enrico Barbarorekin batera egin duen proiektu musikalak hankaz gora ipini du musikaren panorama. Haren zuzenekoak emozioz gainezka izaten baitira.

La transfiguración del Mastodonteren ondoren, Simplemente perfecto biran dabiltza buru-belarri, zeinean izen bereko diskoko abestien irakurketa berritua egiten baitute.

Adi hurrengo zuzenekoen egunekin.

Belako

Plastic Drama da Belako taldearen azken lana, eta, harekin, rock independenteko bandarik nazioartekoen gisa finkatu dira. Abestirik gehienak ingelesez diren arren, badute euskarazko kantarik ere errepertorioan.

Berriki, Rock Album Onenaren Gibson saria eskuratu dute Musika Independentearen MIN sarietan, honen moduko abestiekin:

Hemen hurrengo emanaldiak.

El Columpio Asesino

Talde iruindarrak kaleratu berri du Ataque celeste, estudioko seigarren diskoa, eta, pandemiak eragindako geldialdiaren ondotik, zuzenean aurkezten dute orain.

El Columpio Asesinok alderdirik popzaleena erakusten digu album honetan, edertasunaren eta makurtasunaren arteko esentzia galdu gabe.

Egiaztatu zerorrek:

Eta ez galdu aurtengo udako kontzertuak.

Nogen

Izen daniarra badute ere, donostiarrak dira izatez, eta Under Alt azken diskoak aldaketa ekarri du. Orain pop-rock ukitu handiagoko abestiekin konbinatzen dute indie-folka, eta guzti-guztiek konkistatzen gaituzte.

Berriro ere agertokietan dira bost donostiarrak; ez galdu haien zuzeneko emanaldiak.

SUA

2020ko Gaztea Sarietako Talde Berri Onenaren saria eskuratu dute. Ordu beltzak lehen diskoak garbi asko uzten du lau gazte bizkaitar hauen estilo propio eta ausarta.

Jarraitu, aurtengo udan zuzenean ikusteko.

GARRANTZITSUA: Ez dugu inor utzi nahi hautaketa honetatik kanpo, baina, tamalez, ez dago guztientzako tokirik. ? Kontsultatu zure talde gogokoenen webgunea eta sare sozialak, hurrengo kontzertuak noiz emango dituzten jakiteko.

Eta, orain, zure txanda: aurtengo udan, zer euskal talde ikusiko zenuke gustura zuzenean? Idatzi hemen!