Euskadin, berritzeko eta asmatzeko joera dugu. Hala ere, beti ez ditugu izendatzen gure lurraldean sortutako asmakizun eta asmatzaileak, mugak gainditu eta eguneroko bizitza irauli dutenak. Berrikus ditzagun euskal asmakizun onenak.

Ez diogu guk bakarrik, zenbaki-kontua da ere. 2022an, asmakizun berrientzako 250 patente-eskaera baino gehiago aurkeztu ziren Euskadin. Aurreko urtean baino ia % 14 gehiago da hori; beraz, badirudi gure asmatzeko grina bolada onean dagoela.

Sortzen jarraitzen dugu, baina euskaldunok, gaur arte, hauek eman dizkiogu historiari, besteak beste: kartak, mahaiko grapagailua, kremailerazko kortxo-kentzekoa, arropa estaltzeko esekitokia, tren arina eta surfa egiteko olatu artifizial berria.

Fournier kartak

Heraclio Fournier-i zor diogu aisialdi-unerik onenak eman dizkigun asmakizunetako bat.

Gasteizen bizi zen inprimatzaile hark, 1868ko Parisko Erakusketa Unibertsalean, karta-sorta litografiatu bat aurkeztu zuen; asmo handikoa zen, eta saritu egin zuten.

Lau palo ditu (urrea, kopa, bastoia eta ezpata), eta zenbakizko eta irudizko kartak (txota, zaldia eta erregea). Fournierren karta-sortaren diseinua ikono artistiko eta historiko bihurtu da, eta ez dio modan egoteari utzi.

Gaur egun, oraindik ere, karta ezagunenak Heraclio Fournierrek sortutako enpresak egiten ditu —Araban dago gaur egun, Legution—..

Karten historiari eta bilakaerari buruz gehiago jakin nahi baduzu, Arabako Fournier Karta Museoa bisitatzea gomendatzen dizugu, Gasteizen dago, eta bakarrik kartei buruzkoa den munduko museo bakarrenetakoa da.

Mahaiko grapagailua

Eibarko bi armagilek sortu zuten El Casco enpresa, 1920an.

Hasieran su-armak egiten zituzten, baina, 1930eko hamarkadan, bulegorako objektuekin esperimentatzeari ekin zioten. Dirudienez, Frantziako Luis XVII.a erregearen enkargu bat izan zen aitzakia, bere dokumentuak josteko eta antolatzeko zerbait eskatu baitzuen.

Hala sortu zen “paper-joskin” moduko bat, aurrez itxuratutako grapak zituena, perretxiko-formakoa eta altzairuz egina, alegia, mahaiko grapagailua.

Eta hori ez zen dena izan. Lortutako arrakastak animatu egin zituen, eta haiei zor dizkiegu folio-zulagailua eta biraderadun arkatz-zorrozkailua ere.

Enpresak martxan jarraitzen du gaur egun ere, mahai gaineko luxuzko artikuluen erreferente bihurtuta.

Kremailerazko kortxo-kentzekoa

Herri armagilean bertan sortu zen eguneroko beste objektu hau ere: besodun kortxo-kentzekoa, kremailerazkoa ere deitua.

Orduko hartan, David Olañeta diseinatzaile industrialaren meritua izan zen.

Haren arrakasta zalantzan jarri aurretik, jakin beharra dago 1932an asmatu zutenetik 30 herrialdetan baino gehiagotan saldu dela, eta askotan plagiatu eta kopiatu dela.

Bide batez, Olañetaren sormenerako talentutik sortu zen gure sagardotegietan asko erabiltzen den hormako kortxo-kentzekoa ere.

Arropa estaltzen duen esekitokia

Maria Teresa Pinero santurtziarrak asmatu zuen esekitoki hori, arropa estaltzen duena eta betidanik hain baliagarria izan zaiguna.

Gure klimak beharra piztu zion, baita ideia eman ere gurean hain ohikoa den euritik babesteko esekitoki bat diseinatzeko. Altzairu herdoilgaitzez egina zegoen, eta bilketa automatikoa zuen.

Horretarako sortu zuen Tendederos Marta enpresa, eta, harrezkero, etengabeko berrikuntzan aritu da, funtzio eta material berriak txertatuz.

Salmentez gain, bere asmakizunak ospe handia eman dio; besteak beste, bi urrezko domina lortu ditu Genevako Asmakizunen Nazioarteko Azoka ospetsuan.

Tren arina

Alejandro Goikoetxea du izena Goikoetxea-Oriol Tren Artikulatu Arinaren atzean dagoen euskal ingeniariak (TALGO izenaz ezaguna, Tren Articulado Ligero Goicoechea-Oriol izenaren akronimoa). Hala ere, bidezkoa da Jose Luis Oriol enpresaburu bizkaitarrak izandako parte-hartzea ere aipatzea, harekin elkartu baitzen Goikoetxea Patentes Talgo enpresa sortzeko.

Abiapuntu hartuta Alejandroren interesa trenez garraiatutako merkantzien karga arintzeko, eta segurtasunari uko egin gabe, tren artikulatuaren kontzeptu berri bat sortu zen, material arinago batez egina (aluminioa) eta triangelu-formako egitura zuena.

Bizkorra izatea baino ez zen falta. Eta lortu zuten hori ere: lehenengo prototipoak 130 kilometroko abiadura gainditzen zuen, baina ez zen inoiz erabili.

Bigarren eredu batek funtzionatu zuen praktikan; hain zuzen ere, 1950. urtean egin zuen lehenengo bidaia komertziala, Madril-Irun-Hendaia.

Ondoren, bertsio eta bidaia gehiago etorri ziren.

Surf-olatu artifiziala

Surf-olatu artifiziala da euskaldun baten sormenak eman duen asmakizun berrienetako eta unibertsalenetakoa.

Euskadin surfaren aitzindari izan gara beti, hala kontatu genizun Mundakako olatuari buruzko gure blogeko post honetan.

Eta olaturik ez dagoenean, sortu egiten ditugu. Esan diezaiotela kontrakoa Josema Odriozolari.

Surflaria eta ingeniaria da, eta berari zor diogu olatuak sortzen dituen makina berritzailea. Plataforma baten alde batetik bestera ura mugitzen duen pala baten bidez, eta haustura egokia posible egiten duen hondoaren bidez, bi olatu sortzen ditu 8 segundotik behin.

Ikusten duzunez, sormena eta asmamena gainezka ditugu Euskadin. Seguru aurrerago ere euskal asmakizun gehiagoren berri emango dizugula

Goiburuko irudiaren letra-mota: Arabako Fournier Karta Museoa.