Adimen artifizialeko hizkuntza-sistemak dira LLM hizkuntza-ereduak, eta hizkuntza naturaleko testua prozesatzeko eta sortzeko entrenatzen dira (ingelesezko Large Language Models-en sigla da, eta hizkuntza-eredu handiak esan nahi du).
LLM hizkuntza-ereduen ezaugarriak
LLM hizkuntza-ereduak sistema konplexu eta balioaniztunak dira. Ezaugarri hauek dituzte, besteak beste:
- Milaka parametro dituzte, eta tamaina eta mota askotako datu-multzoen bidez entrenatzen dira; bai dokumentu korporatiboen bidez eta bai Interneten dagoen informazioaren bidez. Horrela, hizkuntzaren patroi konplexu nahiz sotilak atzematen dituzte, eta galdera edo eskaera zailei erantzuteko prestatzen dira.
- Funtzionatzeko, arkitektura teknologiko aurreratuak erabiltzen dituzte, testuinguru-erlazioak eraginkortasunez maneiatzeko aukera ematen dietenak.
- Autoikaskuntza-gaitasuna izan dezaten konfiguratzen dira, eta, beraz, gainbegiratu gabe entrenatu daitezke.
- Hizkuntza-eredu malguak dira; eredu bera gai da aldi berean oso zeregin eta funtzio desberdinak egiteko.
Nola funtzionatzen duten LLM hizkuntza-ereduek
Giza hizkuntza modu koherentean ulertzeko eta sortzeko, testu-datuen eta ikasketa automatikoko algoritmo aurreratuen kantitate izugarrietan oinarritzen dira LLM hizkuntza-ereduak.
LLMen muina transformadoreak dira: neurona-sareen multzoak dira, kodetzaile bat eta deskodetzaile bat dituztenak, eta arreta-mekanismoak erabiltzen dituztenak hitzen arteko erlazioak aztertzeko eta testuingurua ulertzeko. Gai dira identifikatzeko testuko zer zati diren garrantzitsuenak, eta funtsezkoa da hori.
Oro har, LLMak progresiboki entrenatzen dira, hiru fasetan: entrenamendu aurrekoa, fintze-fasea eta entrenamenduaren amaierako etapa. Azken hori giza feedbackaz osatua dago, eta erantzunak erabiltzaileen balio edo eskakizun espezifikoekin hobeto lerrokatzeko balio du.
LLM hizkuntza-ereduen aplikazio praktikoak
Industrian, hezkuntzan nahiz ikerketan aurki ditzakegu LLM hizkuntza-ereduen erabileraren adibide praktikoak.
- Estilo eta gai desberdinetako testuak sortzea, hasi publizitate-edukietatik eta laburpen juridikoetara.
- Programatzea.
- Morroi birtualak (adibidez, ChatGPT)
- Itzulpen automatikoa.
- Sentimenduen azterketa.