Copilot Microsoftek sortutako laguntzaile digital edo txatbot bat da, adimen artifizialeko teknologia baliatzen duena.

Copilot-ek hizkuntza-ereduetan oinarritutako edukia sortzen du; eredu horiekin trebatu da, eta elkarrizketa-sistema gisa funtzionatzen du. Hau da, erabiltzaileak zuzenean emandako prompt edo komando batetik abiatuta ematen ditu erantzunak.

Hasieran, Bing Chat izena eman zitzaion, baina Copilot edo Microfot Copilot izenekin merkaturatzen da 2023ko bukaeratik.

Nola sartu Copilot-en

Bi bide daude: copilot.microsoft.com helbidetik edo iOSerako eta Androiderako aplikazioak deskargatuta.

Copilot-ek bertsio libre eta doako bat du, aukera hauek dituena: testua, ahotsa eta irudia eskaintzen dituen txata, eta dokumentuak eta irudiak sortzeko eta laburtzeko aukerak. Copilot Internetera konektatua dago beti; beraz, informazio eguneratua ematen du denbora errealean.

Ordainpeko bertsio bat ere badu, Copilot Pro, funtzio aurreratuagoak eskaintzen dituena, bai eta abiadura handiagoa eta pertsonalizazio-aukera gehiago ere erantzunak, sormen-lanak eta diseinuak proposatzerakoan.

Irudietarako, Copilot-ek DALL-E baliatzen du, hau da, testuan oinarriturik irudiak sortzeko adimen artifizialeko teknologia.

Zer egin dezake Copilot-ek?

Copilot-ek eguneroko zereginetarako laguntza eskaintzen die, bai erabiltzaile partikularrei, bai enpresei.

Oro har, gai da eduki-zirriborroak sortzeko, testuak idazteko edo editatzeko iradokizunak egiteko edo aurkezpenak sortzeko.

Enpresentzat, Microsoft 365erako Copilot aukera dago, eta hainbesteko bat ordaintzen da hilero, urteko harpidetza bat kontratatuz gero.

Enpresetarako bertsio hori bateragarria da Word, Excel, Outlook, Teams eta beste zenbait aplikaziorekin. Adibidez, Excel-ekin konbinatuta, gai da joerak identifikatzeko edo egoera hipotetikoak proposatzeko; Teams-ekin konbinatuta, berriz, funtsezko eztabaida-puntuak antola ditzake, eta bilera bateko ekintza garrantzitsuak laburtu. Gainera, datuak babesteko eta programa pertsonalizatzeko tresnak ere baditu.