Gero eta gailu gehiago dauzkagu sarera konektatuta. Kalkulatzen da 2030ean 25.000 milioi gailu baino gehiago egongo direla konektatuta mundu osoan. Eta digitalizazio eta hiperkonexio horrek bidea zabaltzen digu teknologiaren erabilera eta abantaila berri batzuk aprobetxatzeko; esate baterako, IoT soluzioak, hots, Gauzen Interneteko soluzioak.
Zer da IoT (Gauzen Internet), eta zer aplikazio ditu?
Gauzen Internet era guztietako gailuei konektagarritasuna ematearen ondorioa da; hau da, eguneroko objektuen eta Interneten arteko konexio digitala.
Bera da eraldaketa digitaleko prozesu baten oinarria, eta prozesu horrek erabateko aldaketa dakar, pertsonen bizi-kalitatean eta bizimoduan ez ezik, enpresen jarduera antolatzeko eta kudeatzeko moduan ere.
Digitalizazio horren ondorioz, gero eta digitalago bihurtzen ari dira ia sektore guztietako erakundeak, bai publikoak, bai pribatuak.
Hala, dagoeneko badaude IoT soluzioak errendimendu handiz aplikatu direnak medikuntzan, irakaskuntzan, domotikan eta abeltzaintzan, esaterako. Besteak beste, mugikortasun jasangarria arintzeko, eraginkortasun energetikoa sendotzeko edo suteen aurkako borroka hobetzeko balio duten soluzioak dira.
Administrazio publikoa ere ari da IoT-ren abantailak erabiltzen zenbait gaitan, hala nola Smart Cities deritzenak (hiri adimendunak). Horrek berekin ekarriko du baliabideen kudeaketa eraginkorragoa izatea eta herritarrentzako zerbitzu berriak definitzea.
IoT soluzioen helburu nagusia datuak informazio bihurtzea da, testuinguruan jarriz eta ordenatuz, eraginkortasuna, errentagarritasuna, jasangarritasuna eta produktibitatea hobetzeko.
IoT soluzio horiek garatu ahala, gailuen konektagarritasuna handitu da, halako moldez non sentsore ugari baitaude datuak biltzen, erabakiak hartzeko prozesua optimizatzeko eta are automatizatzeko, eta, horrez gain, pertsonalizatzeko gaitasun handiagoa emateko eta informazio horrekin guztiarekin erabakiak denbora errealean hartzeko aukera izateko.
Nabarmendu beharra dago gaur egun mota guztietako sentsoreak daudela, hala etxekoak nola profesionalak eta industrialak, eta ez direla oso garestiak.
Gatewayak sarearen teknologia eta protokolo espezifikoak sare-teknologia estandarragoetara —eta alderantziz— itzultzen dituen geruza dira. Gauzen Interneten, gateway horiek etxean daude sentsore-sareetan, eta haietan funtsezkoa da ehunka sentsore sakabanatu maneiatu eta antolatzeko gai izatea.
Mileva, Euskaltelen IoT soluzioa
Mileva plataforma da digitalizazio-estrategiarako gure soluzio bateratzailea. Hortik abiatuta, soluzio eta zerbitzu digitalak gara daitezke zeinetan gailu guztiek sentsore gisa funtzionatzen baitute, algoritmo batzuek patroiak lortzen dituztela, etorkizuneko portaerak aurresaten dituztela eta kasu errealen bidez ikasten dutela.
Milevak aukera ematen du mota guztietako sentsore fisiko eta birtualak garatu eta integratzeko; komunikazioetako segurtasuna bermatzen du sare pribatu konbergenteak erabiliz; IoT gailuak eskala handian administratzeko aukera ematen du, eta API moduan zerbitzua emateko aukera ere badu.
Oro har, tresna baliagarria da prozesuak digitalizatzeko, eragiketak automatizatzeko, segimenduak eta inbentarioak egiteko eta enpresa-aktiboak denbora errealean monitorizatzeko. Horrela, erakundeei bide ematen die datu erabilgarriak, antolatuak eta egituratuak lortzeko, ondoen prestatuta egotearren erabakiak azkar hartzeko, eta, gainera, mugarik gabe eskalatu daitezke hodei hibridoan oinarritutako plataforma baten bidez.
Gauzen Internet adimen artifizialaren eskutik doa bildutako datu horiei guztiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta gertatu behar duenari aurrea hartzeko, eraginkortasun handiagoarekin eta kostu gutxiagorekin. Eta 5G-aren prozesatze-gaitasuna ere erabakigarria izango da datu-kopuru ikaragarri horiek aztertzen laguntzeko.
Euskaltelekook gara zuen bazkide teknologiko integrala eraldaketa digitalaren esparruan. Gure esperientziaren eta ezagutzen bidez, bai eta kide espezializatuen laguntzarekin ere, teknologia emergenteetan oinarritutako soluzio eta proiektu berritzaileak sortzen eta garatzen ditugu, merkatuan posizio sendoa lortzen eta finkatzen laguntzeko.
Egungo testuinguruan, IoT soluzioak funtsezko balio bat dira zuen ahaleginak errentagarri bihurtzeko eta datuei ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Enpresetarako ditugun zibersegurtasun-soluzioei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin.