Euskaltelen jardunaldi teknologikoen beste edizio bat egin berri dugu. Hauxe izan da aurtengoaren izenburua: ''Gaur erabakiko duzu zer etorkizun nahi duzun".
Jardunaldi esklusibo honetan, azken bi urteotan izandako gertaeretatik eratorritako produkzio- eta negozio-eredu berriari buruz hitz egin dugu, eta proposamenak egin ditugu erronka ekonomiko eta sozial berriei aurre egiteko.
Ekainaren 7an egin da jardunaldia, Larrabetzun, Eneko Atxaren Azurmendi guneko Eneko jatetxean. Profesional eta enpresetako arduradun ugari bildu dira ekonomiarekin eta teknologiarekin zerikusi zuzena duten hainbat sektoretako adituei entzuteko, besteak beste, Santiago Niño-Becerra ekonomialariari eta Roberto Romero metabertsoko espezialistari.
Euskaltel, teknologia eta gertutasuna
Jon Ander de las Fuentes Euskalteleko zuzendariak aurkeztu du jardunaldia, eta, nabarmendu du, batetik, teknologia funtsezkoa dela erronka berriei aurre egiteko eta, bestetik, oso garrantzitsua dela horretarako inguruko enpresetara hurbiltzea eta haiei eguneroko erronketan laguntzea.
Hori da, orain arte bezala, Euskaltelentzat hasiko den etapa berriaren giltzarrietako bat. Etapa horretan, zuntza MAXen sarea, 5G teknologia eta adimen artifiziala hedatzea da gure proiektu nagusietako bat.
Santiago Niño-Becerra eta agertoki global berria
Euskaltelen zuzendariaren ondoren, Ramón Llul Unibertsitateko katedradun emeritu eta hizlari aditu Santiago Niño-Becerrak mundu mailako bi urteko osasun- eta ekonomia-krisiaren ondoren bizi dugun egoera sozioekonomikoari buruzko ikuspegi berezi eta zehatza eskaini du.
Niño-Becerrak, 'Balizko agertoki bat' hitzaldian, etorkizuneko ekonomiari buruz duen ikuspegia azaldu du. Ekonomia horretan, ezer ez da berdina izango, eredu berri baterako erabateko trantsizioan baitago, non kultura digitaleko hainbat belaunaldik elkarrekin orpoz orpo egon behar baitute, alfa belaunaldi delakora iritsi arte. Alfa belaunaldi hori erabat digitala izango da, eta dagoeneko ez du erreferentziarik izango konparazioak egiteko.
Aldaketen atzean dauden oinarrizko bi faktoreak azpimarratu ditu Niño-Becerrak: batetik, teknologia, aldaketaren eragile gisa, eta, bestetik, Txina MMAn sartu zenetik eta mundu osoan izan duen hazkunde ekonomiko geldiezinaren ondorioz eratzen ari den mundu-ordena berria.
Testuinguru horretan, hainbat gai jorratu ditu: berrikuntza, fabrikazio aurreratua, logistika adimenduna, energia-eraginkortasuna, jasangarritasuna eta erresilientzia.
Laboral Kutxa Taldea, adimen artifiziala banku-sektorean praktikan jartzen
Ondoren, Pablo Campo Laboral Kutxa Taldeko Berrikuntzako eta Open Business-eko zuzendariak 'Begirada bat berrikuntzari eta digitalizazioari' hitzaldian azaldu duenez, bere erakundeak soluzio digitalak inplementatu ditu, hala nola dokumentuen irakurketa automatiko eta adimenduna ordainagiri eta fakturetarako, eta, Euskaltelekin batera, adimen artifizialaren demokratizazioa gauzatu du, datuen portaera-ereduak erraz hedatzeko.
Roberto Romero eta metabertsoa
Ondoren, Roberto Romero teknologo adituaren txanda izan da. Metabertsoaren fenomenoan espezialista da; etorkizuneko unibertso horretan, bezeroekin elkarreraginean jardun ahal izango da, eta produktu erreal eta birtualen salmenta bultzatu.
Metabertsoa ez da ez hardware bat ez plataforma bat. Sare bat izango da, Interneten eboluzioa; hau da, ziberespazioa metabertso bilakatuko da. Bertan, erabiltzailea eta haren lau ezaugarri nagusiak nabarmentzen dira: identitatea, edo legez nor den; nortasuna, edo bere burua sarean nola aurkezten duen; ekonomiaren eta datuen transakzionagarritasuna; eta inbentarioa, non gordetzen dituen datuak.
'Bidaia sinestezina: ziberespaziotik metabertsora' hitzaldian, sortzear den gune birtual horrek negozio eta enpresei eskaintzen dizkien aukerak azaldu ditu, esate baterako: komunitatea sortzea, marka-ikusgarritasuna, produktuen erakusketa eta konpromisoa.
Enpresa-estrategiak partekatzeko profesionalen mahai-ingurua
Aurtengo Jardunaldi Teknologikoen programa osatzeko, 'Iristear diren aldaketak: zure enpresa prest dago?' izeneko profesionalez osaturiko mahai-ingurua antolatu da. Deia egunkariko zuzendari Iñaki González izan da moderatzailea. Niño-Becerra, Roberto Romero eta Pablo Campo-rekin batera, Isidro Fernández de la Calle Euskaltel Taldeko Enpresen zuzendariak eta BAICeko lehendakariorde eta Danobat Group-eko Berrikuntza zuzendari Nerea Arangurenek hartu dute parte mahai-inguru horretan.
Nereak nabarmendu du beharrezkoa dela lankidetzan aritzea teknologia elementu bereizgarritzat duen eta gero eta espezializatuagoa dagoen mundu honetan. Gaur egun, behar diren ezagutzak eskain ditzaketen zentroen sare oso bat dago: enpresa handiak, startup-ak edo aholkularitza-enpresa espezializatuak. Izan ere, gaur egun zure lehiakidea dena zure aliatu bihur daiteke merkatu jakin batera iristeko.
Prest al daude enpresak mundu-ordenan gertatzen ari diren aldaketetara egokitzeko? Mahai-inguruko partaideek egoera berri horretan zein estrategia balia daitezkeen aztertu dute, eta egoera berriak dakartzan arazoak arintzeko Europako funts eta laguntzek benetan zer eragin duten izan dute hizpide.
'Gaur erabakiko duzu zer etorkizun nahi duzun. Egin bat efektu digitalarekin' Jardunaldi Teknologikoetan zenbait gako landu dira euskal enpresei egokitzen eta berrasmatzen laguntzeko etorkizuneko aldaketen aurrean prest egon daitezen, teknologia prozesu horretako funtsezko protagonista dela.
Dakizuenez, sektoreko erreferentziazko enpresa bihurtu da Euskaltel ingurumen-kudeaketako politikei dagokienez. Jasangarritasunaren alde egin dugun apustu sendoari eutsiz, Jardunaldi Teknologiko hauetan ere ahalik eta hondakin gutxien sortu ditugu —papera eta plastikoa erabiltzea saihestu dugu—, elektrizitate gutxiago kontsumitu da, eta ibilgailuen erabilera mugatu da pertsonak eta materialak garraiatzeko.
Horrez gain, jardunaldietan saihestu ezin izan diren karbono-emisioak konpentsatuko ditugu, Lurgaia Fundazioaren bidez Urdaibaiko eskualdean bertako zuhaitzak landatuz.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure aldizkarira, edo jarri harremanetan enpresetarako gure sail komertzialarekin.