Adimen artifiziala ez da, ez, paseko hegaztia; gure artean da jada, eta, sektore eta jarduera askotarikoetan hedatu ahala, gero eta proiektu eta ekimen gehiago ari dira sortzen, enpresetan ere ezarri eta garatu dadin. Testuinguru horretan kokatzen da BAIC (Basque Artificial Intelligence Center) elkarte sortu berria, zeinaren kide sortzaileetako bat baita Euskaltel; Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroa prest dago historian sekula izan den erronka teknologiko eta sozial handienetako bati erantzuteko.
BAIC lankidetza publiko-pribatuko gune bat da, eta Euskadin adimen artifizialaren garapena gidatzea eta bultzatzea du xede. Batetik, tresna egokia izan nahi du enpresek adimen artifiziala lehenbailehen balia dezaten laguntzeko eta, bestetik, proiektuak esperimentatzeko eta azeleratzeko laborategia izan nahi du, nazioarteko ikuspegia gidari.
Hala, beraz, ezinbesteko ardatz egituratzailea izango da adimen artifizialaren eremuan, Euskaltelek funtsezkotzat jotzen duen eremuan, hain zuzen. Urteak daramatzagu enpresen garapen eta berrikuntza teknologikorako funtsezkoak iruditzen zaizkigun adimen artifizialeko soluzioak lantzen eta berritzen. Hain zuzen, BAI Analytics ekimena sortu du Euskaltelek, tamaina askotako enpresa eta erakundeei balioa sortzen laguntzeko, adimen artifizialeko tresnarik eta praktikarik berrienak erabiliz eta datuen analisi aurreratua baliatuz.
Hauek dira elkarte berri honen helburuak:
- Adimen artifizialaren garapena sustatzea Euskadin.
- Adimen artifizialaren euskal ekosistema egituratzea (enpresak, zentro teknologikoak eta ikerketa-zentroak, prestakuntza-zentroak, etab.) eta gaitasun zientifiko-teknologiko askotarikoen arteko sinergia bultzatzea.
- Adimen artifizialaren sektoreko enpresa berrien sorrera sustatzea.
- Adimen artifizialaren eremuko talentua sustatzea eta erakartzea, eta talentuari eustea, EAEko prestakuntza-zentroekin lankidetzan, eta Euskadiko eskaintza nazioartean zabaltzea.
- Adimen artifizialeko aurrerapen teknologikoek dituzten ondorio etikoak aztertzea.
Adimen artifiziala, Eusko Jaurlaritzaren lehentasun estrategikoa
Une erabakigarrian dator BAIC: hain zuzen ere, adimen artifiziala euskal gizarteak dituen erronkei erantzuteko funtsezko laguntza-tresna bihurtu denean. Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskadi 2025 Eraldaketa Digitaleko Estrategiak.
Europako Batzordeak ere eraldaketa digitalaren alde egin du, eta herrialde askok ekin diote jada adimen artifiziala garatzeko eta erabiltzeko ibilbideari.
Zergatik Euskadi?
Euskadik enpresa-ehun berritzaile eta aitzindaria dauka, kluster-sare sendo batek lagundua; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea; eta administrazio publiko digital eta lehiakorra, nola funtzionamenduan hala zerbitzu publikoetan, adimen artifizialaren alde egiten duena lurraldearen garapen ekonomikoa bultzatzeko.
Eta, azkenik, Euskadi ezin hobeto kokatua dago konektagarritasun ultralasterra hedatzeko prozesuan, eta plan arrakastatsuak ari da martxan jartzen 5Gren alorrean, hala nola Euskaltelek koordinatutako 5GEuskadi proiektua, teknologia hori bultzatzeko xedea duena, erabilera-kasu zehatz eta praktikoak abiapuntu harturik.
Azken batean, beraz, Euskadik jokaleku egoki eta lehiakorra du adimen artifiziala garatu eta zabaltzeko, eta BAIC beste aurrerapauso bat da enpresen eta gizartearen prozesuak eta helburuak birdiseinatzeko teknologia berri horren aldeko apustuan.
Adimen artifizialean oinarritutako gure soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera. Enpresentzako sail komertzialarekin ere jar zaitezke harremanetan.