Sareen eta komunikazioen gaitasunak proban jartzen dituzte larrialdiek. Izan ere, egoera kritiko horietan dira batez ere eraginkorrak eta beharrezkoak 5Ga eta horren antzeko beste teknologia batzuk. Horren adibide egokia dira larrialdietarako 5G sare pribatuak, eta horiekin lotutako proiektu aitzindarietan ari gara lanean.

MasOrangek proiektu berritzaile bat abiarazi berri du, larrialdi-zerbitzu publikoetarako lehen 5G sare pribatua ezartzeko; Europako lehenengoetakoa ere bada.

Ekimen hau urrats erabakigarria da funtsezko zerbitzuetako komunikazio kritikoen digitalizazioan, eta, horren bidez, muturreko egoeretan behar diren komunikazioak eta gaitasunak bermatzeko 5G azpiegituran oinarritutako sare optimizatu bat martxan jarri eta probatu da. Hala, 5G teknologiaren abantailak aprobetxatzen dira, hala nola abiadura handia, latentzia oso-oso txikia eta gailuen konexio-ahalmen handia, eta, gainera, udaletako egungo larrialdi-sistemekin integratzen dira.

Integrazio horren bidez, ahotsa eta mezu laburrak trukatzetik harago doazen funtzionalitateak eta komunikazio-modalitateak lortzen dira, hala nola multimedia-edukia eta datuak zerbitzu-kalitatearekin transmititzea, larrialdi-zerbitzuei lehentasuna ematea eta misio kritikoko 5Gko komunikazio-estandar berrien gaitasunak ustiatzea (3GPP eta ETSI).

5G sare pribatu horren oinarria "Network Slice" / "Slicing" bat garatzea da. Sare mugikor bat da, zerbitzu horiek soilik ematen dituena eta ezaugarri eta gaitasun espezifikoak dituena kalitate-parametro oneneko sareko zerbitzua eskaintzeko.

Gainera, aurrerapauso garrantzitsua da 5Gn oinarritutako larrialdietako komunikazio-sistemak modernizatzeko, gaur egungo DMR/TETRA sistemak osatzeko eta etorkizunean haiek ordezteko.

Zer da TETRA?

TETRA, ingelesezko Trans European Trunked Radio kontzeptuaren sigla, Telekomunikazio Arauen Europako Institutuak definitutako estandar bat da, irrati-interfaze digitalen alternatibak bateratzeko eta larrialdi-zerbitzuetako eta zerbitzu publikoetako profesionalen arteko komunikazioa ahalbidetzeko.

Komunikazio-ekipo kritikoek mundu osoan gehien erabiltzen duten sareetako bat da, eta abantaila hauek ditu:

  • Sare-azpiegitura propioa du, beste mugikor-saretatik independentea.

  • Datuak konprimitzeko sistema aurreratuak erabiltzen ditu, eta, horiei esker, audioaren kalitatea bikaina da.

  • Beste sare batzuk baino asetasun txikiagoa du, eta terminalak zuzenean komunikatu ditzake elkarrekin.

  • Segurtasun aurreratua du, eta zifratze- eta enkriptatze-sistemak ditu komunikazioetarako.

  • Tokiko, eskualdeko edo estatuko irismena izan dezake.

  • Ez dakar kostu handirik.

  • Pertsonalizatzeko aukera eskaintzen du.

Digitalizazioa geldiezina da, eta elkarteek, erakundeek eta norbanakoek gero eta sistema eta soluzio indartsuagoak eta seguruagoak eskatzen dituzte banda zabaleko sarbiderako, beren beharrak asetzeko gai izango direnak. 5G teknologia, eta, zehazki, 5G sare pribatuak zabalak, gaitasun handikoak, fidagarriak eta integratuak dira, eta segurtasun, malgutasun eta autokudeaketa-gaitasun bera edo handiagoa eskaintzen dituzte.

5Garen potentziala aprobetxatzeko modu egokia dira, eta larrialdi-zerbitzuetakoa adibide praktiko on bat da.

Proiektu honi esker, larrialdi-taldeentzako misio kritikoko sarerik modernoenetako bat jarriko dugu martxan, irtenbide aurreratu, sendo eta erabat fidagarri batekin. Zerbitzu horrek etengabeko konektagarritasun segurua bermatuko du, baita egoerarik zailenetan ere, eta, hala, indartu egingo dugu berrikuntzaren alde eta erakunde publiko eta pribatuentzako zerbitzu berrien alde egiten dugun apustua.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteen berri izateko, jarraitu guri LinkedInen.