Hurbiltasuna eta liburu-giro bizi-bizia. Halakoxea da Bilboko Cámara liburu-denda, liburu-denda tradizional bat —ez dira asko geratzen—, mende beteko historia duena. Javier Cámara da Bilboko liburu-denda zaharreneko arduraduna. Euskalduna kalean dago, eta babesleku ezin hobea da irakurleentzat, liburu eta argitaletxe independente onenez betea baitago.
Liburu-saltzaile lanbidea familiatik datorkio Javierri, eta pasioz bizi du. Hizketaldi honetan, liburu-denden esentziaz hitz egingo digu, eta, beste gauza askoren artean, azaldu digu pandemiaren ondoren irakurleen gustuak nola aldatu diren.
Nola definituko zenuke liburu-saltzailearen lanbidea?
Pasiozko lanbide bat da. Ez da beste edozein produkturekin lan egitea bezalakoa; kulturarekin lan egiteak barrua ukitzen du, eta asko lotzen zaitu harekin. Horretan zorionekoak gara, produktu kultural oso polit batekin egiten baitugu lan: asko xurgatzen dugu, eta asko askatzen dugu.
Eta nolakoa da? Zein da barruko lana, ikusten ez dena?
Barruko lana kaosa da. Gaur egun, Espainian 80.000 ale argitaratzen dira urtean, eta gurea bezalako liburu-denda batek 22.000 titulu inguruko edukiera du. Beraz, ezin duzu izan urtero argitaratzen den guztia. Bezero batek liburu bati buruz galdetu eta dendan baldin badaukagu, arrakasta itzela da.
Ikusten ez den lana liburu-saltzaile batek behar duen ezagutza da, liburu-hautaketa egokia egiteko ezagutza gure bezeroen eskakizunei erantzun ahal izateko, hori baita guk eskaini nahi dieguna. Hori da liburu-saltzaile bakoitzaren marka, nolabait.
Zorionez, hainbeste argitaratzen denez, liburu-dendek badugu zeresana, eta gure ukitutxoa ematen diogu gure espazioari. Asko zaintzen dugu liburu-hautaketa, eta publikoaren gustuetara ere egokitzen saiatzen gara. Bezeroek zer eskatzen diguten ikusi behar dugu, eta guri gustatzen zaiguna ere bai, eta, gero, ibai horretan, bide egokiak bila ditzakegu guri gustatzen zaizkigun horietako batzuen berri emateko bezeroei. Alderantziz ere gertatzen da batzuetan: bezeroek deskubritzen digute jarraitu beharreko bidea.
Zergatik joan liburu-dendetara?
Zergatik joan liburu-dendetara? Eta zergatik bizi edo zergatik ibili? Antzeko galderak dira. Liburu-dendetan irakurketa posibleez elikatzen gara, hiri baten kultura osatzen duen espazio interaktibo bat da, aniztasunean oinarritua, eta patxadaz kontsumitzeko, gozatzeko, atseden-tarte bat hartzeko babes-leku antzeko bat da... Gaur egungo munduak baloratzen ez dituen baina gizakiak beharrezko dituen elementu asko ditu.
Eta hori da azken urteetan egiten ari garen lana, hori eskatzen zaigu. Hau da, badira espazio fisiko batzuk, biltzeko gune batzuk, komunitatearekin eta kulturarekin konektatzeko leku batzuk gozarazi egiten digutenak eta, beraz, mantendu nahi ditugunak. Hortaz, liburu-dendetara joan behar dugu, ez dugu egun osoa pantaila bati itsatsita pasatuko.
Nola aldatu dira irakurleen gustuak?
Zoro samarra da, egia esan; aldaketa ikaragarrien garaian bizi gara. Azken hamarkadan —azken bi hamarkadetan— dena aldatu da, eta liburuetarako jaidura ere bai.
Adibidez, liburu tekniko eta esku-liburu asko saltzen genituen lehen; baina, orain, askoz gutxiago, alor horri Internetek eta beste eragile digital batzuek erantzuten diotelako.
Alabaina, azkenaldian ikusi dugun gauzetako bat da, pandemiaren ondoren, jendeak irakurtzeko premia duela baina gauza politak nahi dituela, atseginak, errazak, leku eroso eta gozagarri batera eramango zaituztenak. Nire ustez, pandemia hain esperientzia mingarria eta traumatikoa izan da askotan, ezen babesleku eta atsegin-iturri gisa ari gara erabiltzen literatura. Hori izan da pandemia gehien aldatu duen gauzetako bat.
Oso gai gogorrak genituen, baina jendeak gai dibertigarriak eskatzen zituen; zeruan bizi diren txori guztien bila ari zen.
Pandemiaren ondoren, naturarekiko konexio bat ere izan da. Ingurune naturaletako esperientziekin lotzen gaituzten gero eta gai gehiago bilatzen ditugu. Etxe barruan hainbeste denbora egon garelako gertatu da hori, nik uste. Asko sumatu dugu haren falta, eta, berriz ere, ihesbide bat izan da literatura, non egon nahi dugun, hara eramaten gaituen tresna.
Pentsatzekoa da ia familiakoak diren bezero asko izango dituzuela gomendioa eskatzen dizuetenak, eta haien gustuetara egokitzen saiatzen zaretela.
Bai, noski. Gure eginkizunetako bat preskripzioa da; bai erakusgai jartzen ditugun liburuak aukeratzean, bai gomendioak egitean. Horretan datza gure lana, horretarako lan egiten dugu. Egunean zehar egiten ditugun lan guztiak (albaranak, sarrerak, irteerak, fakturak...), azkenean, liburu-dendan ditugun liburuekin asmatzeko eta bezeroari bere gustuen araberako obrak gomendatzeko dira.
Asko entzuten da gazteek ez dutela irakurtzen. Zer iritzi duzu?
Nik uste dut denek irakurtzen dutela. Orain dauden tresna digital guztiak oso erakargarriak dira gazteentzat, eta eragina dute haien ohituretan eta irakurtzeko dinamikan. Erronka berri hori dute gazteek, eta haiek konpondu behar dute.
Baina, bestalde, ikusten ari gara, adibidez, gazte pila bat jotzen ari direla mangaren mundura.
Irakurketa asko egin daitezke beti. Nik uste dut gazteek orain zailtasun gehiago dituztela, lehen baino aukera zabalagoa eta sakabanatuagoa dutela aisia-baliabide eta espazioei dagokienez eta, hor, talka sortzen dela eduki digitalekin.
Hainbeste liburu berri dauden garai honetan, nola moldatzen zarete ez galtzeko eta ez zoratzeko?
Ezagutuz, ezagutuz eta ezagutuz. Azkenean, liburuen munduan esperientzia plus bat da, eta pixkanaka ezagutuz joaten zara; irakurle askori entzutea ere garrantzitsua da. Gure esperientziaren oinarria, irakurtzen duguna baino gehiago, entzuten duguna da. Gure bezeroei eta irakurleei aktiboki entzun behar diegu, haien ezagutza xurgatzeko eta, gero, galdetzen digutenean, ezagutza hori erabiltzeko. Eta baliabide hori erabiltzen dugu hainbeste argitalpenen artean lastoa eta alea bereizteko.
Argitaletxeen nobedadeak alde batera utzita, zein liburu gomendatuko zenituzke edo zein dira zure gogokoenak?
Ni asko ukitu ninduen El desierto de los tártaros obrak; Dino Buzzatirena da.
Gainera, saiakerak eta historia-liburuak ere asko gustatzen zaizkit, eta gomendatu egiten ditut, gehiago kostatzen zaigu-eta gai horietara iristea —narrazioak jarraitzaile gehiago ditu—. Gainera, gero eta dibulgatzaile eta idazle hobeak daude eremu horietan. Capitán Swing argitaletxearen ia dena zoragarria dela esango nizuke; bat gomendatzea nahi baduzu, Negro como yo, John Howard Griffin-ena.
Historia-liburuei dagokienez, oso gustuko dut Imperios del mar, Roger Crowley-rena.
Eskerrik asko, Javier Cámara, gomendio hauengatik eta tarte aberasgarri honengatik.
Liburu-denden egun zoriontsua opa dizuegu guztioi.