Idatzi diozu gutuna Olentzerori? Adi ibili, abenduaren 24ko gauean Euskal Herriko txoko guztietara joango baita opariak banatzera. Zatoz gure ikazkin onkoteari, Mari Domingiri eta galtzagorriei harrera egitera Olentzeroren 2025eko desfilean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Hiri nagusietako desfileen datak, ordutegiak eta ibilbideak kontatuko dizkizugu.
2025eKo Olentzero eta Mari Domingiren desfilea Bilbon
Jakin nahi duzu zer egunetan izango den Olentzeroren 2025eko desfilea Bilbon? Abenduaren 23an egingo da, asteartearekin, 17:30etik aurrera.
Bilbon, Olentzero eta Mari Domingiren desfilea Moyua plazatik abiatuko da, eta hiribilduko kaleak zeharkatuko ditu. Arriagako plazan amaituko da musika-ikuskizun eder batekin.
Ohi bezala Carlton hoteleko balkoitik agurtu ondoren, desfile magikoa hasiko da: Olentzero, zurezko Pottokaren gainean, eta Mari Domingi, antzararen gainean, eta, haiekin batera, galtzagorrien kuadrilla (Galtzagorri Nagusia buru), Basajaun, Lamia, Gutu herensugea eta beste pertsonaia asko, denak ere ipurtargiek gidatuta. Arriaga antzokiraino joango dira denak, eta han txiki zein helduak agurtuko dituzte balkoitik Olentzerok eta Mari Domingik.
Biharamunean, abenduaren 24 goizean, Olentzerok eta Mari Domingik Bilboko umeak hartuko dituzte Arriaga antzokian, haien eskutitzak jasotzeko. Adi egon, honetarako beharrezkoa baita txartelak online erreserbatzea abenduaren 22tik aurrera.
2025eko Olentzero eta Mari Domingiren desfilearen ibilbidea eta ordutegia (Bilbo)
Aurten, Olentzero eta Mari Domingiren desfilea 30 minutu lehenago hasiko da. Hona hemen Olentzeroren 2025eko Bilboko desfilearen ibilbidea eta ordutegia (gutxi gorabeherako ordutegia, irteera-ordutik aurrera):
Asteartea, abenduak 23
-
17:30ean, Carlton hoteleko balkoitik agur egingo dute Olentzerok eta Mari Domingik.
-
17:45ean, desfilea hasiko da, Moyua plazatik. Ibilbide hau egingo du desfileak: Moyua plaza, Kale Nagusia, Plaza Biribila, Nafarroa kalea, Arriaga antzokiko plaza.
-
18:45ean, Arriaga Antzokiko plazan: musika-ikuskizuna.
-
19:30ean, Olentzerok eta Mari Domingik agur egingo dute Arriagako balkoitik, alde egin aurretik.
Asteazkena, abenduak 24
-
11:00 – 14:00 (2024ko ordutegia; 2025ekoa baieztatzeko dago oraindik), Olentzerok eta Mari Domingik harrera egingo diete herritarrei Arriaga antzokian. Txartelak online erreserbatu daitezke abenduaren 22tik aurrera.
2025eko Olentzero eta Mari Domingiren desfilea Donostian
Oraindik ez dakigu noiz egingo den Donostian Olentzeroren 2025eko desfilea, baina ziurrenik abenduaren 24an izango da, urtero bezala.
Abenduaren 24an, agenda estua izaten dute Olentzerok eta Mari Domingik Donostiako bisitan.
Eguerdian iristen dira, Urumea ibaian behera, eta Frantzia pasealekuan lehorreratzen, Gabonetako Azoka bisitatzeko. Eguraldi txarra egiten badu, Bizkaia pasealekuan egiten dute.
Ondoren, kaleetan barrena ibiltzen dira auto klasiko batean. Nahi duenak bizikletaz egin dezake bat haiekin.
Udaletxera joan, eta balkoira ateratzen dira, herritarrak agurtzera. 15:30 ingurutik aurrera, haurren gutunak hartzen eta biltzen dituzte.
18:00ak aldera, unerik desiratuena iritsiko da: Olentzeroren 2025eko desfilea Donostian. Udaletxearen aurrean amaitzen da, eta, hara iritsitakoan, agur esaten dute Olentzerok eta Mari Domingik.
2025eko Olentzero eta Mari Domingiren desfilearen ibilbidea eta ordutegia (Donostia)
Donostiako Udalak ez ditu eman oraindik Olentzero eta Mari Domingiren 2025eko desfileari buruzko xehetasun guztiak. Beraz, 2024ko informazioa emango dizugu, ideia bat egin dezazun.
Asteartea, abenduak 24
- 12:00etan, Olentzero eta Mari Domingi Frantzia pasealekuko Gabonetako Azokara iritsiko dira, Urumea ibaian behera eginda.
- 12:30ean, Olentzerok eta Mari Domingik ibilbide bat egingo dute auto klasikoan, galtzagorriekin eta egurgileekin batera. Haurrak ere joango dira haiekin, bizikletaz. Ibilbidea: Urumea pasealekua, Lehendakari Agirre zubia, Pio XII.aren plaza, Antso Jakitunaren hiribidea, Easo kalea, Urdaneta kalea, Hondarribia kalea, Alfonso VII.aren kalea, Bilbo plaza, Getaria kalea, Askatasunaren Hiribidea, Santa Katalina Zubia, Mirakruz kalea, Ategorrieta hiribidea, Nafarroa hiribidea, J.M. Barandiaran pasealekua, Zurriola hiribidea, Kursaaleko zubia, Erregina Erregeordea, Boulevard zumardia, Hernani kalea, Alderdi Eder.
- 13:15ean, udaletxera iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta agur egingo dute balkoitik.
- 15:30 - 17:30 bitartean, udaletxeko pleno-aretoan, herritarrek gutunak emango dizkiete Olentzerori eta Mari Domingiri. Horrez gain, tailerrak eta gaztaina erreak izango dira udaletxeko terrazan.
- 18:00etan, Olentzero eta Mari Domingiren desfilea. Kale hauetatik pasatuko dira: Ijentea, Hernani, Askatasunaren Hiribidea, Loiola, San Martzial, Getaria, Txurruka, Gipuzkoa plaza, Elkano, Bulebarra, Alderdi Eder.
- 19:15ean, udaletxe aurrean, agur esango dute Olentzerok eta Mari Domingik.
Olentzero eta Mari Domingiren 2025eko desfilea Gasteizen
Noiz izango da Olentzeroren 2025eko desfilea Gasteizen? Abenduaren 24an, asteazkenarekin, Olentzero eta Mari Domingi Arabako hiriburuko kaleetan barrena ibiliko dira.
Segizioak 4 karroza izango ditu: baso magikoa, Mari Domingirena, Olentzerorena eta azken bat, bertatik gozokiak botatzeko baliatuko dena. Indarra Elkartearen panpina mitologikoak ere izango dira, bai eta Cal y Canto antzerki-taldea ere "Haizearen lorategia –The wind garden" euskal mitologiaren unibertsoari egokitutako ikuskizun ibiltariarekin. Eta ez dira faltako orobat Erraldoien Konpartsa eta konpartsakide guztiak: baserritarrak, buruhandiak, Gargantua, galtzagorriak eta lanbide tradizionaletako taldeak, besteak beste.
Olentzero eta Mari Domingiren 2025eko desfilearen ibilbidea eta ordutegia (Gasteiz)
Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 24an iritsiko dira Arabako hiriburura, asteazken goizean. Lehenengo geldialdia Gasteizko udaletxean egingo dute, eta bertan hartu eta bilduko dituzte umeen gutunak. Lagun izango dituzte galtzagorriak eta Luis Aranburu Musika Eskolako trikiti-, alboka- eta txalaparta-doinuak.
Arratsaldean desfilea egingo dute Gasteizko kaleetan barrena, 18:00etatik aurrera.
Asteazkena, abenduak 24
- 10:00 - 15:00 bitartean, Olentzero eta Mari Domingi umeekin elkartuko dira udaletxean.
- 18:00etan, Olentzero eta Mari Domingiren desfilea, ibilbide honekin: Iparraldeko Gizarte Etxea, Legutianoko Atea, Frantzia, Bake, Olagibel, Mateo Moraza eta Andre Maria Zuriaren plaza.
- 19:00etan, Olentzerok eta Mari Domingik agur egingo die herritarrei San Migeleko balkoitik. Eta gaztaina erreak banatuko dira.
Argi ibili, aurten Olentzerok eta Mari Domingik baso magikoa izango baitute! Horra! du izena, eta ordutegi jarraituan egongo da zabalik, 10:00etatik 21:30era, abenduaren 25era arte, Zulueta jauregiko lorategietan. Zoaz biak bisitatzera desfilea hasi aurretik! ;)
Goza ezazu Olentzero eta Mari Domingiren desfileaz eta ezagut ezazu ikazkin onkote horren historia eta jatorria, baita non bizi den ere, lotura hauetan:
- Olentzero eta Mari Domingi: historia eta jatorria
- Olentzeroren etxea 2025: bisita-orduak, sarrerak, prezioa…
Goiburuko irudia: Donostia Kultura
