5G sareek erantzun beharko diete, luze gabe, erabiltzaileen telekomunikazio-beharrik zorrotzenei; erabiltzaile horien artean daude elektrizitate-konpainiak, beren sareak digitalizatzeko premia baitute. Operadorearen eta konpainia elektrikoaren arteko sinbiosiari esker, konpainiak palanka gisa jardun dezake urruneko puntuetan 5G-a hedatzeko, eta Iberdrola lanean ari da jada 5G-a errealitate izan dadin.

Gaur egungo energia-trantsizioko prozesuak gero eta elektrifikazio handiagoa ekarri du zenbait sektore ekonomikotan. Sare elektrikoak digitalizatzea funtsezkoa da prozesu horretarako, eta, hala, sarearen interkonexio osoa ahalbidetzen du, erabilera elektriko berrien ezaugarrietara egokitutako kudeaketa egiteko.

Digitalizazioak erabilgarritasun, fidagarritasun eta erresilientzia handiko telekomunikazio-zerbitzuak eskatzen ditu, latentzia txikikoak (sareak sartutako atzerapenen batura da latentzia), eta zibersegurtasun-irizpide sendoak, zerbitzuak denbora errealean eman ahal izateko. Zerbitzu hauek, adibidez:

  • Urrutiko kontrola, azpiestazio elektrikoetako eta transformazio-zentroetako ekipamendu elektrikoena, sare elektrikoa modu zentralizatuan erabili ahal izateko.
  • Linea elektrikoaren urrutiko babesa, linearen mutur batetik bestera akats bat gertatu dela transmititzeko, linea hori modu eraginkorrean isolatu dadin eta arazoak sare osora ez hedatu.

5G-a sare publikoak nahiz erabilera pribatuko maiztasunak erabilita heda daiteke. Bi kasuetan, 5G-a hedatzeak zerbitzu oso interesgarriak ekarriko ditu kanpoan dauden ekipamenduen konfigurazioa, konponketak eta mantentze-lanak eraginkortasun handiagoarekin egiteko. Horretarako, errealitate areagotuko sistemak erabiliko ditu, eta aditu batek esango die urrutitik nola egin lanak. Eta horrek, noski, kostuak aurreztea dakar.

Telekomunikazio-behar horiek elektrizitate-konpainien azpiegituretan sortzen dira, eta azpiegitura horiek ezaugarri jakin batzuk dituzte:

  • Azpiestazio elektrikoak: normalean hirigune handietatik urrun egoten dira.
  • Transformazio-zentroak: eremu konfinatuetan egoten dira, lur gainean nahiz lur azpian.

Normalean sare komertzialak hedatzen ez diren eremu horietan 5G-a hedatzea aukera bat da elektrizitate-konpainientzat: berek hedatu dezakete 5G-a leku horietan (joan-etorritik urrun dauden eremuetan, landa-eremuetan, lurperatutako eremuetan), beren interesetarako, eta, gainera, errentagarria izan daiteke operadoreentzat, estaldura handitzeko mekanismo gisa, neurrizko inbertsio baten bidez.

Hori da 5G Euskadi proiektuaren barruan garatzen ari diren proiektuetako bat. Proiektu hori Euskaltelek koordinatzen du, eta telekomunikazio-operadoreak eta hainbat sektoretako industriak ari dira elkarrekin (adibidez, mugikortasunaren edo energiaren sektorekoak). Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatuta, partzuergo batean bildu dira 13 erakunde publiko eta pribatu, euskal enpresa-sarean 5G teknologia garatzeko eta ezartzeko. Adibide ona da ikusteko enpresen arteko lankidetzak nola garatu dezakeen gizartearen onurarako proiektu arrakastatsu bat.