Bilbotarrentzat egun berezia da abenduaren 21a, Bilboko San Tomas azoka eguna. Izan ere, Areatzan sortzen den giroa benetako jaia izaten da lagunekin eta familiarekin elkartzeko eta Gabonak ospatzen hasteko. Xehetasunik gal ez dezazun, 2023ko Bilboko San Tomas azokaren ordutegia zein den eta postuak non jartzen diren kontatuko dizugu, gure baserritarren produkturik onenak erosteko aukera izan dezazun.

Zer egunetan ospatzen da San Tomas eguna Bilbon?

San Tomas eguna abenduaren 21ean ospatzen da Bilbon. Euskadiko beste herri batzuetan, aldiz, 22an egiten da. San Tomas azoka da egun horretako ekitaldi nagusia, eta taloa eta sagardoa dira protagonistak.

Aukera ona da gure baserritarrek, beren arbasoek egiten zuten bezala, salgai jartzen dituzten produktuak erosteko, edo taloa txorizoarekin jateko, sagardo edo txakolin goxoaz lagunduta.

Eta aukera ona da, baita ere, lagunekin elkartzeko, familian ondo pasatzeko, postuz postu ibiltzeko, trikitilariekin zuzeneko musika entzuteko eta jai hauetako bazkarietarako azken erosketak egiteko.

Horixe da Bilboko San Tomas eguneko azokaren funtsa, Gabonetako Euskadiko tradizio bat, alde batera utzi ezin duzuna.

2023ko Bilboko San Tomas azoka: kokapena eta ordutegia

Mercado
Irudia: Euskadiko Turismoa

Badakizu noiz ospatzen den Bilbon San Tomas eguna, eta, orain, merkatuaren kokapena eta ordutegia azalduko dizkizugu, 2023ko abenduaren 21ean, osteguna, jaiegun berezi honetaz goza dezazun.

2023ko Bilboko San Tomas azokako postuak Areatzan jartzen dira. Trafikoa eten egiten da jendea postuetan lasai ibiltzeko —200 postu baino gehiago jartzen dira—. Postu horietan, baserritarrek sasoiko frutak eta barazkiak, gaztak, eztia, erroskillak, euskal pastela, sagardoa, txakolina eta gure gastronomiako gozagarri gehiago jarriko dituzte erakusgai, eta beren kategoriako saririk onena lortzeko aukera izango dute.

  • Non: Areatzan
  • Noiz: 2023ko abenduak 21, osteguna
  • Ordutegia: 9:00etatik 20:00etara. Sari-banaketa Areatzako kioskoan, 13:30ean

Taloaz eta sagardoaz gozatzeko txosnak Areatza inguruan eta Arriaga Antzokiaren atzeko aldean jarriko dira.

Gainera, 2023ko San Tomas azokak beste kokagune bat ere izango du aurten, Bailen kalean; zehazki, Emakumeen Azaroaren 25eko Plazan.

Gure azoka herrikoienaren jatorria

San Tomas azoka 1915etik egiten da Bilbon; urte hartan, Plaza Barrian egin zen azoka.

Dena den, askoz lehenagotik ere jartzen zituzten baserritarrek beren produktuak salgai Plaza Barriko arkupeetan, hain zuzen ere, XIX. mendearen erdialdetik, urte-amaieran baserri-jabeei errentak ordaintzeko hiribildura joaten zirela aprobetxatuz.

Eta tradizio horrek oso bizirik dirau gaur egun: abenduaren 21ean, urtero, benetako festa bihurtzen da Bilboko San Tomas azoka.

Bada, gozatu!

Goiburuko irudia: Bilboko Udala