Urederraren iturburua Nafarroako mendi-ibilaldi ezagunenetako bat da. Xehetasun guztiak kontatuko dizkizugu baso bete-betean dagoen bide honi buruz, zeinean putzu kristalinoak topatuko baitituzu tipi-tapa zabiltzala, turkesa-kolore ikusgarriko urekin.

Urederraren iturburua Urbasa-Andia Parke Naturaleko mendigune karstikoan dagoen akuiferoaren irteera naturala da.

Sorburu horrexek ematen dio, hain justu, tonu turkesa hain polit eta bereizgarria urari, arroken artetik iragazten denean.

Ingurumari horretan, inoiz ez bezala bat egiten dute izenak eta izanak: ur ederra!

Zer ikusi Urederra ibaiaren iturburuan

Urederraren iturburua milaka urteko ekosistema bat da, basoaren bihotz-bihotzean kokatua eta parke natural gisa babestua.

Urederraren iturburuko ibilbidea eginez goza dezakezu parajeotaz, eta nonahi ikusiko dituzu Urbasa-Andia Parke Naturaleko urak, dela ur-jauzi txikietan, dela ur-putzu kristalinoetan.

Paradisu honetan, nahas-mahas ikusiko dituzu pagoak, zumarrak, haritzak, astigarrak eta lizarrak.

Eta, baselizak eta kobazuloak ez ezik, badira begiratoki eder askoak ere, haietatik haranak eta ur-jauziak miresteko.

Eta hori guztia turkesa koloreko ur urdinez bustirik. Aho-zabalik geratuko zara!

Urederraren iturburuko ibilbidea

Urederraren iturburuko ibilbidea Bakedanon hasten da, Amezkoa haraneko herri txiki batean, alegia. Urbasa mendilerrotik bertantxe.

Ibilbidea zirkularra da eta, joan-etorriarekin, 6,2 kilometro ditu guztira. Beraz, bizpahiru ordu inguru beharko dituzu ibilbide osoa egiteko.

Bide batez, ezingo duzu egin jatorrizko ibilbide osoa, 2019ko apiriletik ezin baitira zeharkatu azken 400 metroak —Tubo eta Elefante ur-jauzietara ematen dutenak—. Izan ere, espazio hori ondo kontserbatzen dela bermatu nahi dute.

Bestalde, bideak 90 metroko desnibela duenez, egokia da publiko eta adin guztietarako.

Ibilbidea ondo seinaleztatuta eta egokituta dago, eta egurrezko pasabideak, eskailerak eta begiratokiak ditu.

Baina, ibilbidea hasi aurretik, kontuan izan ingurunearen mugak eta arauak, eta erreserbatu sarrera.

Urederraren iturbururako sarrera

Urederraren Iturburuko Parke Naturala gune berezia eta hauskorra da; beraz, zaindu eta babestu egin behar da.

Horregatik, egunean 500 pertsonak baino ezin dute bisitatu.

Sartzeko ordaindu beharrik ez badago ere, beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea. Online egin dezakezu, Urederraren Iturburuko Erreserba Naturalaren webgunean.

Bisitak, oro har, hiru ordu-tartetan banatzen dira: 11:00ak baino lehen eginiko bisitak; 11:00etatik 14: 00etara bitartekoak; eta 14: 00etatik aurrerakoak.

Erreserbatzean, aparkalekua erabiliko duzun adierazi behar duzu, hura ere araututa baitago.

Urederraren iturburuko aparkalekua

Ibilbidea hasi arte autoz hurbiltzen bazara, nahitaez aparkatuta utzi behar duzu Urederraren Iturburuko Parke Naturalaren sarrerako etxolaren ondoan. Bakedanon —ibilbidea hasten den lekuan— egoiliarrek bakarrik aparka dezakete.

Aparkaleku ofizialean, ibilgailu-motaren arabera daude definituta prezioak.

  • Motorra: 2 euro.
  • Ibilgailua: 5 euro.
  • Autokarabana: 10 euro.
  • Autobusa: 25 eta 50 euro artean, garraiatzen duen pertsona-kopuruaren arabera. 15 bidaiari baino gutxiago izanez gero, 25 euro kobratzen dute; 15 bidaiari baino gehiago izanez gero, berriz, 50 euro.

NAN berarekin, 15 lagunentzako erreserba egin ahalko duzu, eta hiru ibilgailu gehienez ere.

Iristean, ibilgailu bakoitzak aparkalekurako sarrera-kode bat jasotzen du.

Urederraren iturburuko ibilbiderako sarrera

Ruta del Nacedero de Urederra
Iturria: Nafarroako Turismoa

Aparkatu ondoren ibilbideari ekiteko, hurbildu oinez basorantz sartzen den pistara.

Han, informazio-panel bat ikusiko duzu, eta, aurreraxeago, bidegurutze bat.

Joateko, ezkerreko bidexkari heldu behar diozu —ibaitik hurbilen dagoenari, alegia—. Itzuli, berriz, eskuinekotik itzuli behar da.

Aukeratu dagokizun bidea, eta gozatu aurrez aurre duzun paradisu naturalaz.

Gomendioak eta aholku praktikoak

Udaberria edo udazkena da Urederraren iturburua bisitatzeko garairik onena. Hilabete horietan, bete-betean sumatuko dituzu zuhaitzen usaina eta kolore distiratsuak.

Zoazen garaian zoazela, gogoratu: eraman arropa erosoa eta beroa, nahiz eta erraz egiteko moduko ibilbidea izan.

Urederraren iturburuan ezin da kanpatu, baina ibilbidean zehar badira merendero batzuk, atsedenalditxo bat egiteko.

Jakina, ez piztu surik. Eta, era berean, ezin zara bainatu.

Arau eta aholku baliagarri batzuk bisita ahalik eta gehien goza dezazun eta, aldi berean, Urederraren iturburuaren tankerako altxor natural ikusgarria babes dezazun.

Goiburuko irudiaren letra-mota: Nafarroako Turismoa