Bilbon haurrekin egiteko planik onenaren bila zabiltza Gabonetarako? Zatoz Umeen Gabonetako Parkera. Barakaldoko BECen izango da aurten ere, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra bitartean. Konbinaziorik dibertigarriena topatuko duzu: aisia, entretenimendua, kirola eta sekulako emozioak.

Umeen Gabonetako Parkea (UGP) hitzordu beteranoa da Bizkaian, eta etxeko txikiei zuzenduta dago. Aurtengoa 57. edizioa izango da eta, beste behin ere, BECen (Bilbao Exhibition Centre) egingo da, Gabon-jaietan.

Esparru zabal horretan, denetik topatuko duzue: atrakzioak, kirol-txapelketak, jatetxeak… Eta, ezertxo ere ez galtzeko, Umeen Gabonetako Parkea bisitatzeko jakin beharreko guzti-guztia kontatuko dizugu.

Umeen Gabonetako Parkea: data nagusiak

Umeen Gabonetako Parkea abenduaren 16tik (larunbata) urtarrilaren 7ra (igandea) egongo da zabalik.

Hala ere, kontuan izan hiru jaiegunetan itxita egongo dela: abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an.

Umeen Gabonetako Parkea: ordutegia

Umeen Gabonetako Parkearen ohiko ordutegia 11:00etatik 20:00etara da, oro har.

Alabaina, abenduaren 18, 19, 20 eta 21ean ordubete lehenago irekiko eta itxiko da; hau da, 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.

Gabon egunean, Urtezahar egunean eta urtarrilaren 5ean ere ordutegi murritzagoa izango du: 11:00etatik 17:00etara.

Umeen Gabonetako Parkea: sarreren prezioak eta nola erosi

2023ko Umeen Gabonetako Parkera joateko, aldez aurretik eros ditzakezu sarrerak online, edo leihatilan bertan, bestela.

Bi kasuetan, sarrera orokorrak 9,5 euro balio du, eta bi urte bitarteko haurrek ez dute ordaintzen.

Sarrerak Internet bidez erosiz gero, badira deskontuak 20 lagunetik gorako taldeentzat, betiere abenduaren 11 baino lehen eskuratuz gero.

21 eta 230 sarrera artean erosiz gero, 7,5 euroan geratzen da bakoitza; 231 sarrera baino gehiago eskuratuz gero, berriz, 6,5 euroan bakarrik.

Umeen Gabonetako Parkea: aparkalekua

BECeko aparkalekuak 4.000 plaza ditu, koloreen arabera identifikatutako 3 mailatan banatuta: eremu urdina (1. eta 2. pabiloiak), eremu laranja (3. eta 4. pabiloiak) eta eremu berdea (5. eta 6. pabiloiak). Erreferentzia gisa, barrakak 5. eta 1. pabiloietan daude, eta tailerrak eta jarduerak, berriz, 3. eta 1. pabiloietan.

Edozein plazatan aparka dezakezu. Lehenbiziko orduak 2,60 euro balio du, eta bigarrenetik aurrerakoek, berriz, 1,40 euro (egunean 18 € ordaintzen da gehienez).

Nahiago baduzu, erreserbatu aldez aurretik online aparkalekua Umeen Gabonetako Parkearen webgune ofizialean.

Gainera, zure matrikula-zenbakia adierazten baduzu, sistemak automatikoki ezagutuko zaitu sartzera zoazenean.

Ez baduzu zehaztu matrikula, ez kezkatu, erakutsi online eginiko erreserbaren QR kodea, eta kito!

Bide batez, auto elektrikoz edo hibridoz iristen bazara, kontuan izan aparkalekuak 27 kargagune dituela. Umeen Gabonetako Parkera bizikletaz iristen bazara, berriz, doan aparkatu ahalko duzu erakustazokaren kanpoaldean dagoen eremuan.

Inon diren erosotasun eta erraztasun guztiak, Umeen Gabonetako Parkeak eskaintzen dituen aisialdi-aukera guzti-guztiez goza dezazun.

Umeen Gabonetako Parkea: atrakzioak eta jarduerak

Umeen Gabonetako Parkearen erakargarritasunik handienetako bat haurrentzat jartzen dituzten atrakzio ugariak dira.

Esate baterako, txikien pertsonaia gustukoenak inspirazio-iturri gisa hartzen dituztenak, hala nola Avengers Wipe Out, Bob Esponja Wipe Out, Frozen konbinatua, Mario Bross, Ninja Dortokoak edo Patrulla Canina tobogana.

Klasikoak ere ez dira falta, hala nola piraten ontzia, ohe elastikoak, trena, zezen mekanikoa, matxinsaltoa edo talka-autoen pista.

Atrakzio bakoitzean zehazturik dago zein adinetarako diren, haurrak bakarrik sar daitezkeen edo heldu batek lagunduta sartu behar duten.

Umeen Gabonetako Parkea: hezteko aisialdi-proposamenak

Umeen Gabonetako Parkeak konpromiso bizia du gure txikientzat funtsezkotzat jotzen dituen sei baliorekin: elkartasuna, gizalegea, jasangarritasuna, berdintasuna, familia eta bizitza osasuntsua.

Horiexek osatzen dute Umeen Gabonetako Parkearen DNA, eta, horregatik, oso kontuan hartzen dira hezteko aisialdi-proposamenetan.

Proposamen horietako asko zenbait erakunderen lankidetzarekin antolatuak dira.

Esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundiak izotz-pista dibertigarri bat jartzen du esparruan; Energiaren Euskal Erakundeak kart elektrikoen zirkuitua antolatzen du; eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak, berriz, KONEVO V bideojoko propioan aritzeko aukera eskaintzen du, ekonomia-kontuak oso modu atseginean ikasteko.

Umeen Gabonetako Parkea eta kirola

Kirola nahitaezko osagaia da Umeen Gabonetako Parkean.

Besteak beste, Gabonetako UGP Saskibaloi Txapelketa, Gabonetako UGP Eskubaloi Txapelketa, Beisboleko Bateo Tunela eta Gabonetako Miniatletismo Txapelketa antolatuko dira, bai eta mahai-tenis lehiaketak ere.

Eta ez ahaztu urtarrilaren 7ko hitzordua: Umeen Gabonetako Parkeko Eguberrietako VI. Lasterketa. Kategoria, ordutegi eta distantzia desberdinak izaten dira. Kontsultatu informazio guztia eta animatu parte hartzera! Opariak banatuko dira izena ematen dutenen artean.

Umeen Gabonetako Parkea: gastronomia

Ziurtatzen dizugu ez zarela goseak bueltatuko Umeen Gabonetako Parketik.

Gustu eta adin guztietarako aukerak topatuko dituzu: eguneko menu landuak, plater konbinatuak, pizzak, hot dogak, kebabak, hanburgesak eta ogitartekoak.

Eta gozokiak ere bai, noski: gozotegia, txurro-denda, izozkiak, gozoki-sagarrak, azukre-kotoiak…

Aukeratzen duzuna aukeratzen duzula, izango duzu non dastatu: espazio komunetan, jantokietan eta atsedenlekuetan, baita jateko leku propioa duten jatetxeetan ere.

Umeen Gabonetako Parkea: informazio interesgarri gehiago

Hainbeste entretenimendurekin, gerta liteke haurrak bistatik galtzea. Nahigabeak saihesteko, Umeen Gabonetako Parkeak eskumuturreko indibidualak ipintzen ditu identifikatzeko (informazio-standean jaso ditzakezu). Nonahi daudela ere, beti aurkitzeko moduan!

Gainera, Bilboko Umeen Gabonetako Parkeak jantzitegi bat ere ipintzen du, zeina esparrua bera baino 30 minutu lehenago irekitzen baitute, eta itxi, berriz, 30 minutu geroago. Hantxe utzi ditzakezu berokiak, esparruan barrena eroso-eroso ibiltzeko. Bi euro besterik ez du balio!

Ez zaigu bururatzen familia osoarentzako plan osoagorik Gabonetarako. Abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra, zatoz Bilboko Umeen Gabonetako Parkera!

Irudien iturria: Bilboko Umeen Gabonetako Parkea.