Herri-kirolak Euskal Herriko kirol-modalitate tipikoa dira. Eguneroko jardueretan dute jatorria, eta, gaur egun, umeek zein helduek egiteko moduko kirol bihurtu dira. Jarraian, herri-kirol nagusiak azalduko dizkizuegu.

Egunero-egunero herri eta baserrietan egiten ziren lanak dira Euskal Herriko kirol tradizionalen jatorria.

Izan ere, haietan sortu ziren kirol horietatik gehientsuenak. Horregatik, enborrak edo harriak dira tresnarik oinarrizkoenak eta ezagunenak, eta, gehien-gehienetan, indar fisiko eta erresistentzia handia eskatzen dute.

Oro har, lanarekin, jaiekin edo gerrarekin lotzen dira herri-kirolak.

Ikusleen eta kirolarien arteko desafioak eta erronkak dira gure herri-kirolen bereizgarrietako bat. Lehiaketa ofizialetan ez ezik —hala nola Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federazioak eta beste zenbait erakundek araututa—, ez-ofizialetan ere egiten dira.

Batzuek zein besteek kaleak eta beste hainbat gune betetzen jarraitzen dute txapelketak diren guztietan; beraz, argi dago zuztar sendoak dituztela gure kulturan.

Jakin nahi duzu gehiago herri-kirolen modalitateei buruz?

Aizkora-proba

Jatorriz, egur-ikatza lortzeko egiten zen, ondoren euskal burdinolak elikatzeko. Gaur egun, euskal herri-kirol ezagunenetako bat da.

Aizkolari deitzen dira kirol honetan parte hartzen dutenak. Goitik behera zuriz jantzita eta aizkora eskuetan dutela, posizio horizontalean eta azalik gabe ipinitako enborrak ebakitzen dituzte. Eskuarki pago-egurra izaten da, eta 36 eta 54 hazbete arteko zirkunferentzia izan ohi dute.

Txapelketa askotan, erakusleak ere aritzen dira: aizkolariari non ebaki esaten diote, eta, horretaz gainera, enborretako ezpalak ere erretiratzen dituzte.

Kirol horrek badu beste aldaera bat ere: trontza.

Harri-zulaketa

Arroketan zuloak egitean datza, eta altzairuzko barrak erabiltzen dituzte horretarako.

Meatzaritzan duenez jatorria, errotuago dago Bizkaiko mendebaldean.

Normalean, hirunaka antolatzen dira parte-hartzaileak, eta txandatuz-txandatuz joaten dira.

Norgehiagokek 30 minutu inguru irauten dute, eta dinamika logikoa bezain zaila da: zulo gehien egiten duenak irabazten du.

Ingude-altxatzea

Burdinazko ingude bat altxatu behar da, oinarri batetik altuera jakin bateraino. Oinarria eta gaina dituen kabina moduko bat ipintzen da, eta gaina gehien jotzen duenak irabazten du.

Harri-jasotzea

Pisua altxatzean datzan kirola, geure-geurea eta tradizio handikoa. Makina bat herritan egiten zen igandeetan, meza nagusiaren ondoren.

Lurretik sorbaldara altxatu behar da harria, giza gorputzaren laguntzarekin bakarrik. Harri-jasotzaileek 100 eta 326 kilo arteko harriak altxatzen dituzte, zeinak zilindrikoak, esferikoak edo kubikoak izaten baitira.

Nork irabazten du? Harririk astunena altxatzen duenak edo harria gehiagotan jasotzen duenak, lehiaketa bakoitzean ezarritakoaren arabera.

Giza probak

Harriak berriro ere. Badakizu zeri deitzen zaion probalekua? Harri handi bat herrestan eramateko prestatutako plazari.

Harri handiok arrastaka eraman behar dira, aldez aurretik markatutako denbora batean. Modalitate bat baino gehiago daude: idiek, zaldiek, astoek edo gizakiek arrastatuta (gizon-emakumeen kasuan, aldatu egin daiteke parte-hartzaile kopurua).

Sega-jokoa

Zertan datza? Ahalik eta belar-kantitate handiena ebakitzean. Horretarako, altzairuzko segak erabiltzen dira, zeinak pertsonalizatuta egon ohi baitira, kirol honetako aditu handien kasuan.

Kirol-modalitate honek historia handia du, batez ere Gipuzkoan. 1880koa da ezagutzen dugun lehenbiziko sega-txapelketa, eta, harrezkero, izen ospetsu ugari ditu, hala nola Izuela Aiakoa, Pedro Maria Otaño , edo Eleuterio Tapia Asteasukoa.

Emakumeen kasuan, 2013an jokatu zen lehen sega-norgehiagoka, Irati Astondoa eta Alatzne Etxaburuaren artean.

Lokotx-biltzea

Saski batean ahalik eta lokotx gehien bildu behar dira, ahalik eta denbora laburrenean. Lokotxak, egiaz, egur-zatiak dira: ilaran ipintzen dira, 1,25 m-ko distantzian.

Parte-hartzaileek, taldeka edo indibidualki, banan-banan bildu behar dituzte.

Sokatira

Aurrez aurre ipinita, bi pertsonak edo bi taldek sokari tira egin behar diote, aurkaria zelaiaren norbere aldera eramaten saiatzeko.

Sokari bi eskuekin tira egin behar zaio, eta markatutako eremutik ateratzen dena deskalifikatu egiten da. Oro har, bi tiraldi egiten dira, eremu bakoitzetik bat.

Euskal Herrian oso gustukoa da kirol-modalitate hori, eta ikastetxeetan ere egiten da. Desberdintasunak desberdintasun, mundu zabalean ikusten da aspaldiko urteetan, eta kirol olinpiko ere izan zen.

Zaku-eramatea

Errelebo-lasterketa bat da, zeinean hiru korrikalarik parte hartzen baitute, bizkarrean 81 kiloko gari-zakua hartuta (40 kilogramokoa, emakumezkoen lehiaketetan).

Helmuga lehenbiziko gurutzatzen duenak irabazten du.

Zakua ibilbidearen erdian hautsiz gero, irteera-marratik abiatu behar da berriro. Parte-hartzailea eroriz gero, berriz, kanporatuta geratzen da.

Beste herri-kirol tradizional batzuk

Aipatutakoez gainera, badira euskal herri-kirol tradizional gehiago ere. Guztira, 18 diziplina daude aitortuta gaur egun. Hauexek dira:

  • Txinga-lasterketak, hau da, esku banatan pisuak eramatea, ahalik eta urrunen eta lurra ukitu gabe, eta ontzi-eramatea, aurrekoaren antzekoa, baina marmitak garraiatzen dira.
  • Lasto-botatzea eta lasto-altxatzea. Lehenengo modalitatean, lasto-fardo bat pasatu behar da barra horizontal baten gainetik; bigarrenean, berriz, fardoa ahalik eta garaiera handienean altxatu behar da. Bi kasuetan, sarde batekin lagunduta.
  • Orga-jokoa. Pistan, orga bat ipintzen da, habearen muturra lurrera lotuta. Parte-hartzaileak beste muturretik heldu behar dio, eta ardatzaren gainean birarazi, ahalik eta buelta gehien eman ditzan.

Euskal herri-kirolak zuzenean

Gure kirol tradizionalak hobeto ezagutu nahi badituzu edo haietakoren bat egin nahi baduzu, hona hemen gomendio interesgarri bat: Euskal herri-kirolak zuzenean.

Aukera paregabea euskal herri-kirol tipikoetan barneratzeko, kirolari profesionalak lagun dituzula.

Herri-kirolek tradizio eta ospe handia baitute oraindik ere. Animatzen zara?

Goiburuko irudiaren letra-mota: Bilboko Udala