Aurten, pandemiaren ondoren lehen aldiz, opor “normalak” egin ahal izan ditugu, eta asko nabaritu da. Euskadik, urteko lehen zortzi hilabeteetan, %8,5 bisitari gehiago jaso ditu 2019anbaino, hots, Covid-19aren aurreko urtean baino. Turistak berriro etorri dira gurera, eta toki gogokoenak aukeratu dituzte. Eta guk, haiek urtez urte zein toki aukeratzen dituzten kontuan hartuta, 10 toki bisitatuenen bilduma bat osatu dugu. Oraindik ezagutzen ez badituzu, joan beharra daukazu.
Abuztura bitartean etorri diren 2,6 milioi turistetatik, %43 Bizkaira etorri dira, %41 Gipuzkoara eta %16 Arabara. Udako hilabeteetan Euskadin izan diren turisten %52 inguru Espainiakoak dira, eta %48 nazioartekoak. Zerbait edukiko dute 10 toki hauek jatorri guztietako turistak erakartzeko. Ikus dezagun!
Donostia
Zalantzarik gabe, Espainiako jomuga turistiko berezienetako bat. Kontxako hondartzara iritsi orduko, bainu bat hartzeko edo itsasertzean ibilaldi atsegin bat egiteko gogoa pizten zaigu. Izan ere, badiaren edertasuna, Igeldo mendia eta Santa Klarako uhartea zaindari dituela, ospetsua da mundu osoan.
Eta beste bi hondartza ikusgarri ere baditu hiriak. Ibiltzea gustatzen bazaizu, ezinbestean egin behar duzu buelta hau: Zurriolako hondartzatik abiatu —han ibiltzen dira surfzaleak— Urgull mendiaren atzetik pasatu, Paseo Berritik, eta, ondoren, badia osoa zeharkatu eta Ondarretako hondartzan amaitu. Han, “Haizearen orrazia” ikus dezakezu, Eduardo Txillidaren eta Peña Gantxegiren eskultura-multzo ikusgarria.
Agertoki natural ikusgarriez gain, ordea, gustu oneko arkitektura ikusiko duzu nonahi: zubi, plaza eta eraikin ederrak. Eta halakoxeak dira, besteak beste, Victoria Eugenia antzokia, María Cristina hotela eta La Perlako bainuetxea.
Alde zaharrean, Artzain Onaren katedrala ikus dezakezu: estilo neogotikokoa da, eta 75 metroko dorrea du, Koloniako katedralean inspiratua. Eta Alde Zaharrera bertan, ez ahaztu pintxo batzuk jatea. Gero, oraindik ere ibiltzen jarraitzeko indarrik baduzu, oinez igo zaitezke Urgull mendira. Hiriaren ikuspegi zoragarria izateaz gain, Motako gaztelu ederra ikusi ahal izango dugu han.
Bilbo
Bilbo bisitatzeko, Itsasadarra erabil dezakezu erreferentzia gisa, hiriko bizitzaren erdigunea baita. Itsasadarrean bertan, Bizkaia Zubia ikus dezakezu, arkitektura industrialaren altxorra eta “Gizateriaren Ondare” izendatua. Itsasadarra eta hango zubiak zeharkatzea Bilboren historia ezagutzea da. Zubizuri edo Arrupe pasabidea Bilbo berriaren ikonoak dira. Beste batzuk, ordea, hala nola San Anton zubia, iraganaren ordezkari garrantzitsuak dira.
Eta Itsasadarrari jarraituz iritsiko zara Alde Zaharrera ere, eremu bizi-bizia. Ezagutu Zazpikale zaratatsuak; konturatzerako, pintxoak jaten edo “txikiteoan” ariko zara.
Bilboren eraldaketaren ikonoa Guggenheim Museoa da, Frank Gehryren obra harrigarria. Zeuk etorri beharko duzu, eta zeure begiekin ikusi diseinuak eta arkitekturak hiri osoa hartzen dutela, Abandoibarra pasealekutik hasita, non turistak eta bilbotarrak, kirolariak eta familiak elkartzen eta nahasten baitira egunero. Pasealekutik beste eraikin batzuk ere ikusi ahal izango dituzu, hala nola Isozaki dorreak edo Iberdrolarena. Eta, diseinuarekin segitzeko, hor dauzkazu Bilboko metroa eta Azkuna Zentroa.
Gasteiz
Hiri atsegina da Gasteiz, eta bizitzeko diseinatua dago. Dena gertu dago, dena eskura. Baita Eraztun Berdea ere, sei parke handik osatzen duten hiriaren perimetroa, oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko ezin egokiagoa. Haietako batean, Salburuan, hainbat urmael daude, eta, migrazio-bidean dagoenez gero, hegazti-mota ugari hartzen ditu. 2012an Europako hiriburu berdea izan zena parkez eta historiaz inguratuta dago.
Gasteizek eskaintzen duen beste altxorretako bat Erdi Aroko Almendra da; duen formagatik esaten zaio horrela, eta Euskadiko hirigune historiko enblematikoenetako bat da. Ez utzi ikusi gabe Andre Maria Zuriaren plaza, turisten eta bertakoen topagunea. Halaber, merezi du Katedral Berria ikustea, XX. mendearen hasieran estilo neogotikoan eraikia.
Gaztelugatxeko San Joan
Euskal kostaldean, Gaztelugatxeko San Joan Biotopo babestua dago, hiriguneetatik urrun. Leku idiliko hori Bakio eta Bermeo herrien artean dago, 241 eskailera-mailaz eta harrizko zubi batez itsasertzari lotuta.
Gaur egun ikusten dugun eliza ez da jatorrizkoa. Mendeetan zehar suteek eta batailek suntsitua, askotan berreraiki behar izan da. Diotenez, IX. mendean eraiki zen lehen ermita. XII. mendean, komentu bihurtu zen. Bi mende geroago, ordea, fraideek lekua utzi eta baliozko objektu guztiak eraman zituzten.
Historia oparoa du Gaztelugatxeko San Joanek. Piraten, akelarreen eta elezaharren eszenatoki jotzen da. Ez ahaztu kanpaia hiru aldiz jotzea, zorte ona izateko eta espiritu txarrak uxatzeko. Gaztelugatxeko San Joanen eskaileren amaieran, diotenez San Joan Bataiatzailearena den oinatzaren gainean pausatu ahal izango duzu zurea. Zorte ona ekartzen omen du!
Loiolako santutegia
Urola bailararen erdian dago, mendiz inguratutako inguru idilikoan. Santutegia bera 1491n Loiolako Inazio jaio zen Erdi Aroko dorretxearen inguruan dago eraikia. Santutegiaren erdian Basilika dago, 1738koa, eta kupula zoragarria du.
“Jaiotetxe” gisa ezagutzen denak feudalismoaren garaira eramango zaitu Santuaren leinuaren bidez —Oñatz eta Loiola familia, XIII. mendetik ezagutzen dena—. Ia bi metro lodi diren hormek, saieterek eta antigoaleko bonbardek Erdi Aroko gotorleku batera sartzen ari zarela sentiaraziko dizute.
Denborarik izanez gero, gomendagarria da “Hiru tenpluen ibilbidea” egitea, Arantzazuko eta Antiguako (Zumarraga) santutegi hurbilak ere bisitatuz.
Zumaia
Urola eta Narrondo ibaiak elkartzen diren badia eder batean dago Zumaia. Ez duzu erraz ahaztuko haren mendialdeko berde bizien eta itsasoko urdin sarkorren arteko kontrastea.
Zumaian, Itzurungo hondartza, San Telmo ermita, Geoparkea edo Santa Klara euskal baserria ikusi behar dituzu. Pasaia ezagunak egiten bazaizkizu, jakizu Zumaian grabatu zirela Game of Thrones filmeko eszena batzuk —Gaztelugatxen ere grabatu ziren beste batzuk—.
Gernikako Juntetxea
Gernikako Juntetxea dagoen tokia Bizkaiko herrien bilgune izan zen gutxienez XIV. mendetik, eta euskal tradizioen jarraipenaren sinbolotzat har daiteke. Haritza, behar denean aurrekoaren kimu batek ordezten duena, Juntetxearen barruan dago.
Europako legebiltzar zaharrenetako bat da, eta Europako beste erakunde askok baino lehenago gehitu zizkion demokraziari Habeas Corpus delakoa, tormentuen debekua edo kaparetasun unibertsala. Gerediagakoarekin eta Avellanedakoarekin batera, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza ofiziala da gaur egun.
Juntetxeak ez du bere eginkizuna galdu, eta bete-betean jarraitzen du lanean: Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza da, eta hantxe egiten dira osoko bilkurak eta beste ekitaldi batzuk.
Urdaibai
UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen Urdaibai 1984an. Haren bihotza Oka ibaia da: Oiz mendian sortzen da, eta itsasadar bihurtzen da Mundakara iristean, bizitzaz betetako padurak sortuz.
Bizkaiko naturagunerik garrantzitsuenetako bat da, eta hegazti migratzaileen atsedenerako eta negupasarako Euskadiko hezegunerik garrantzitsuena. Urdaibaiko eremu babestua izendatzeko erabili den izena itsasadarraren inguruari dagokio, eta Oka ibaiaren ertzean dagoen dorretxe batean du jatorria. Gaur egun aurri hutsa da, eta Perrexil Dorrea ere esaten zaio.
Elantxobe
Herrira iritsi orduko, atentzioa emango dizute hango kale aldapatsuek eta mendi gaineko etxeek. Antzina, Elantxobe Ibarrangeluko arrantzale-auzo bat zen (ondoko herria), eta etxeak portutik ahalik eta hurbilen eraikitzen ziren, lanera lehenago iristeko. Pixkanaka, mendi-hegala etxebizitzaz betetzen joan zen, eta horrela sortu zen herria. 1833an bereizi zen Elantxobe.
Euskal etxe tradizionalak orografiara egokitzen zaizkio; itsasora begira daude, eta gehienek balkoiak edo leihate handiak dituzte ikuspegiaz gozatzeko. Herriaren goiko aldean, Bariko San Nikolasen eliza dago. 1803an eraiki zuten, marinelen zaindariaren omenez.
Guardia
X. mendean sortu zen, Nafarroako Erresumaren defentsa gisa, eta Erdi Aroko trazadurari eusten dio ia osorik. Han daude San Joan Bataiatzailearen eta Erregeen Santa Mariaren eliza gotortuak; azken horrek arkupe polikromatu baliotsua du, XVII. mendean Juan Francisco de Riverak egina.
Guardiako kaleak Erdi Aroko eraikin ederrez, eta eraikin errenazentistaz, barrokoz eta neoklasikoz beteta daude. Haien artean, La Primicia etxea nabarmentzen da, XIV. mendekoa, hiriko eraikin zibilik zaharrena.
Guardiako kale estuen Erdi Aroko trazadurak, hirira sartzeko ateek eta oraindik geratzen diren harresien hondakinek denboran atzera eramango zaituzte, bai eta inguruan dauden Neolitoko edo Brontze Aroko aztarnek ere, zeinak Euskadin aurkitutako nekazaritza-komunitateetako aztarna zaharrenak baitira.
Irudia: turismoa.euskadi.eus/eu/