Euskaltelen, berdintasunean sinesten dugu, eta praktikan jartzen dugu egiten ditugun gauza guztietan. Konpromiso horren erakusgarri da emakumeen kirolari ematen diogun babesa; izan ere, emakumezkoen Athletic, Reala eta Eibar taldeak babesten ditugu. Athleticeko nesken entrenatzaile Iraia Iturregirekin hitz egin dugu Emakumearen Egunean.
Borrokalaria da Iraia. 15 urte eman zituen futboleko elitean, eta lehenengo emakumezko jokalaria izan zen Athleticen 100 partida jokatzen; guztira 400 partidatan jokatu, eta 64 gol egin zituen. Zuri-gorrien eskumendeko taldea entrenatu zuen bi denboraldiz, eta, gaur egun, emakumezkoen lehenengo taldearen entrenatzailea da.
Emakumezkoen futbolaren bilakaerari, etorkizuneko erronkei eta futbolean publikorik gabe aritzeari buruz hitz egin digu. Izar bat da!!
Nola ikusten duzu emakumezkoen futbolaren bilakaera?Gorakada handia izan du azken urteotan, baina oraindik lan handia dago egiteko; bistakoa da. 2002an emakumezkoen futboleko 10.000 lizentzia zeuden Espainian, eta, orain, 70.000tik gora. Gaur egun, gizartean ohikoagoa da neskato batek futbolean jokatzea. Adeccoren “Nagusia zarenean zer izan nahi duzu” inkestaren arabera, futbolari izatea lehenengo aldiz geratu da genero femeninoak gehien desio dituen bost lanbideen artean.
Gaur egun, gizartean ohikoagoa da neskato batek futbolean jokatzea.
Iberdrola Ligako (1. maila) mailari dagokionez, Europako ligarik onenetara gerturatzen ari gara. Jokalariek baldintza hobeak dituzte, eta askoz profesionalizatuago dago guztia. Lan-kondizio hobeak, baliabide material eta giza baliabide gehiago, eta exijentzia handiagoa alderdi guztietan. Eta, gainera, mota guztietako jokalari atzerritarrak etorri dira: mundu mailan punta-puntakoak direnak, talentu gutxiagokoak baina fisikoki izugarriak...
Duela justu urtebete, 2020ko otsailean, emakumezkoen futboleko hitzarmen historiko bat sinatu zen. Asko falta da emakumeen eta gizonen eskubideak parekatzeko?Bai. Hitzarmena lehenengo harria da, baina oinarri on bat eraiki behar da, sendoa. Orain, telebisten blokeoaren arazoa daukagu. Ez da lortzen akordiorik Federazioaren eta Ligako Kluben Elkartearen artean. Pena bat da; lehiaketako partida guztiak telebistan eman ahalko ziratekeen, eta horrek oihartzun handia izango luke sozialki: babesleek emakumezkoen futbolean inbertitzeko interes handiagoa izango lukete, klubek diru gehiago izango lukete, jokalariek baldintza hobeak, exijentzia handiagoa, ikuskizun handiagoa… azken finean, interes handiagoa. Gurpil zoroa; baina…
Emakumezkoen taldeetan oraindik emakumezko entrenatzaile gutxi daude. Zure ustez, asko falta da kirolean berdintasuna lortzeko?Berdintasuna ez da emakumezkoen taldeetan emakumezko entrenatzaileak izatea. Berdintasuna da talde bateko buruzagiek posturako pertsona egokiena iruditzen zaiena kontratatzea; berdin dio gizonezkoa edo emakumezkoa den. Aukera-berdintasuna pertsona baten gaitasunen arabera, generoa kontuan hartu gabe. Ez dago gizonezkoen edo emakumezkoen futboleko entrenatzaile txarrik (gizonezkoa nahiz emakumezkoa izan). Zuzendu behar duten taldearen ezaugarrietara egokitzen diren futboleko entrenatzaile onak daude.
Berdintasuna da talde bateko buruzagiek posturako pertsona egokiena iruditzen zaiena kontratatzea; berdin dio gizonezkoa edo emakumezkoa den.Iritsiko da emakumezkoren bat talde maskulino baten entrenatzaile izatera?
Denbora-kontua dela uste dut. Gero eta emakumezko entrenatzaile gehiago daude, gero eta prestatuagoak. Baina hesi sendo bat bota behar da lehenengo, kultura-kontuengatik. Harrigarria da gaur egun oraindik ez izatea emakume bakar bat ere gizonezkoen 1. edo 2. mailako taldeetako staff teknikoan. Fisio, mediku, psikologo eta nutrizionista bakar batzuk badaude, baina zelaiko teknikaririk (2. entrenatzailea, prestatzaile fisikoa, atezainen entrenatzailea, analista…) ez. Baina tira, ziur nago iritsiko dela garaia.
Aurtengo martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna NBEren lelo honekin ospatuko da: “Emakume liderrak: COVID-19aren munduan etorkizun berdinzale baten alde”. Uste duzu emakumeek alderdi sozioekonomikoetan eta kiroletan partaidetza oso bat izateko prozesua geldiaraz dezakeela pandemia honek?Berez bai, uste dut eragin diezagukeela; baina ez zait gustatzen gaiari buruz behar adina jakin gabe edo daturik izan gabe baieztapenak egitea. Seguru gaiaren inguruan ikertzen ari direla.
Oso ibilbide bizkorra izan duzu entrenatzaile-lanetan. Nola bizi duzu bigarren mailatik lehenengora hain azkar igarotzea?Egia esan, mailaz maila joan naiz, baina 1. taldean entrenatzeko aukera uste baino lehenago iritsi zait. Kimuen, haurren eta kadeteen kategorietako teknifikazio-taldeak entrenatzen hasi nintzen 2010ean. Lehenengo taldeko jokalari izatearekin bateratzen nuen. Kirol-ibilbidean zehar, gaiaren inguruko ikasketak egin, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura, COEko Goi Errendimenduko masterra, Hezkuntzako masterra eta entrenatzaile tituluak atera nituen.
2017an, jokalari izateari utzi, eta eskumendeko taldeko eta haurren taldeko prestatzaile fisikoaren lanetan hasi nintzen. 2018an, 1. taldeko eta talde kadeteko staff teknikoan sartu nintzen. 2019an, eskumendeko taldeko entrenatzailea izatea eskaini zidaten. Bizitzan izan dudan esperientzia aberasgarrienetako bat izan da. Gozatzen ari nintzen taldearekin. Garai hartan Villacampa kargutik kendu zuten, eta haren tokia hartzeko eskatu zidaten. Beharbada ez da izango nire ametsetako egoera, baina, askotan, ez dago une perfekturik. Hala ere, fedea dut nire talde teknikoan eta jokalariengan, eta egoera honetatik aterako garelakoan nago.
Nola aldatzen da ikuspegia berdegunetik kanpo?Oso nekatuta bukatu nuen jokalari gisa, bai fisikoki, bai mentalki. 15 urtez elitean egotea, urtero tituluak irabazteko borrokatzen zen talde batean, presio handia da egunerokotasunean; liluragarria bezain estresagarria da. Halako batean entrenamenduez eta lehiaketaz gozatzeari utzi nion, nahiz eta ordura arte biez gozatu.
Beraz, 2016ko denboraldi-aurrean, klubari esan nion nire azken urtea izango zela. Uste dut une egokia aukeratu nuela. Argi nuen futbolari-ibilbidea bukatu nahi nuela, baina futbolarekiko grina sentitzen nuen artean. Ez nekien oso ondo zer-nolakoa izango ote zen jokalari izatetik teknikari izatera pasatzea, eta espero nuena baino askoz hobeto joan zen. Berriro ere futbolaz gozatzen hasi nintzen.
Argi nuen futbolari-ibilbidea bukatu nahi nuela, baina futbolarekiko grina sentitzen nuen artean.
Gauzak desberdin ikusten dira beste aldetik. Jokalari izan izanaren alderdi positiboa da badakidala jokalariak une askotan zer pentsatzen eta sentitzen ari diren. Alderdi negatiboa, berriz, jokalaria zarenean zure interesen arabera ikusten dituzula gauzak. Beraz, entrenatzailearen erabakiek beti dituzte kontrako iritziak. Entrenatzailea zarenean, 3-0 irabazi arren eta taldeak ondo jokatu badu ere, aulkian edo deitu gabe utzi dituzun jokalariekin pentsatzen joaten zara etxera. Askoz gehiago pentsatzen duzu besteekin.
Nola ari zaizue eragiten koronabirusa?Beste guztiei bezala, pentsatzen dut. Ziurgabetasun-egoeran bizi gara. Aste baterako plangintza egin, eta, egun batetik bestera, talde-erdia konfinatuta. Planifikatutakoa aldatu, eta berriro hasi behar da. Horren eragina ez da hurrengo 10 egunetarako bakarrik. Hurrengo asteetan ere eragiten du, itzultzean 5 partida izan ditzakezulako bi astean. Etxean egon behar izateak batzuei gehiago eragiten die beste batzuei baino; lesionatzeko arriskua handiagoa da… Egoera baldintzatzaile asko daude, eta batzuk ez daude norberaren esku.
Nolakoa da publikorik gabe jokatzea?Gatzik gabeko ogia jatea bezalakoa iruditzen zait niri. Beti esaten dut irabazi ditugun ligetako oroitzapenik onenak ez direla tituluak, baizik eta gure jendearekin bizi izan ditugun uneak. Noski, nahiago dut publikorik gabe jokatzea ez jokatzea baino. Baina ez da gauza bera, inondik ere. Gainera, gure zaleak leialak dira, sakatu egiten digute, estutu, une latzetan behar duguna ematen digute… egia esan, falta handia sentitzen da. Beste futbol-mota bat da.
Lehen eskumendeko taldea entrenatzen zenuen. Nola ikusten duzu harrobia? Zer-nolako garrantzia du?Talentu eta anbizio handiko jokalari-talde bat entrenatu dut. Aurreko denboraldian, iragarpen guztien aurka, Reto Iberdrola txapelketako (2. maila) txapeldunak izan ginen, batez beste 18,8 urteko talde batekin, Eibar, Osasuna, Alavés, Oviedo, Zaragoza… eta pareko lehen taldeen aurka eta Bartzelonako eta Atletico Madrileko eskumendeko taldeen aurka. Optimista naiz etorkizunera begira. Lan ona egiten ari dira oinarrian, bai Lezaman, bai hitzartutako klubetan. Eta, gure filosofiarekin, argi dago funtsezko lana dela.
Zer behar du taldeak? Motibazioa falta zen?Jokalariek bere buruarengan sinestea eta aurrerapauso bat ematea. Hori behar du taldeak. Bizitzako egoera batzuek blokeatuta uzten gaituzte. Baina ezin dugu geldirik geratu. Lehenik eta behin, kontziente izan behar dugu, eta taldearen eta jokalari bakoitzaren errealitatea onartu, gustatu nahiz ez gustatu. Ezin dugu errealitatea ukatu, eta Athletic izateagatik eta ditugun jokalariengatik bakarrik partidak irabaziko ditugula pentsatu. Denborak ez du ezer konpontzen. Ardurak hartu behar dira, beldurrak garaitu, arriskuak hartu eta taldearengan eta eguneroko lanean sinetsi, espero ez ditugun emaitzak ditugunean ere. Beti esaten diet: “gehiago ezin duzuela uste duzuenean, beste ahalegin bat gehiago”.
Beti esaten diet: ‘gehiago ezin duzuela uste duzuenean, beste ahalegin bat gehiago.Zer helburu duzu denboraldi honetarako?
Lehenik eta behin, jaitsiera-postuetatik aldentzea, 3 puntura baititugu. Hala, “lasaiago” egingo genuke lan, eta jokalariek konfiantza hartuko lukete. Baina argi dago horretarako orain arte baino hobeto lehiatu behar dugula. Beraz, une honetan, helburuak epe oso laburrekoak dira. Zuzeneko aurkarien aurka ditugun hurrengo 3-4 partidak irabazteko ongi entrenatu eta lehiatu, eta arrisku-eremutik atera. Hortik aurrera, ikusiko dugu zer helburu ezarri.
Eskerrik asko, Iraia, berriketaldi honengatik. Arrakasta asko eta asko izan ditzazuela denboraldi honetan.