Rapeatu eta guzti egin zuen bakarren batek. Besteren batek, berriz, dantza egin zuen. Ikasten ari ginela ondo pasatzea, hori zen kontua. Innobasqueko zuzendari nagusi Txema Villatek adierazi zuenez, "ez dakigu dibertitu bitartean ikasten ari garen, ala ikasi bitartean dibertitzen". 1.500 bat lagun izan ziren iragan larunbatean gure egoitzan, nazioarteko zientzia eta robotikako zortzigarren FIRST Lego League Euskadi (FLL Euskadi) txapelketan. Bederatzi eta hamasei urte bitarteko ia 500 ikaslek hartu dute parte txapelketan. Innobasquek antolatzen du ekitaldia, zeinak urtero izan ohi duen Euskaltel Konektaren babesa.
Bilboko Begoñazpi ikastolako eta Donostiako Axular Lizeoko bat geratu ziren lehen, bigarren eta hirugarren postuetan. FLLren Espainiako estatuko finalean hartuko dute parte irabazleek. Martxoaren 18an izango da finala, Logroñon. Ziur gara handik Open European Championship-era eta Estatu Batuetako World Festival-era ere iritsiko direla.
Hona aurtengo txapelketako parte-hartzaileen eginkizuna: animalien eta gizakien arteko harremana hobetzen duen proiektu bat aurkeztea. Trebakuntza-ziklo bat jaso zuten ikasleek, proiektuak prestatzen laguntzeko. Besteak beste, bisitaldi bat egin Urdaibai Bird Center-era, non faunaren monitorizazioa eta jarraipena nola egiten den ikusi zuten. Euskaltel Konektaren laguntza izan zuten bisitaldi horretarako.
First Lego Leagueren helburua hau da: zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna sustatzea gazteen artean. Euskaltel Konekta Fundazioaren eta Euskaltelen harreman instituzionaletarako zuzendari Nerea Lupardok zioenez, "enpresek eskatzen dituzten gaitasunak berenganatu behar dituzte Euskadiko neska-mutilek". Ikasleek ondo pasatzeaz gain, beste xede batzuk ere baditu lehiaketak: taldean lan egiten ikastea, ekintzaile-sena garatzea, arazoak konpontzen trebatzea eta pentsamendu kritikoa hobetzea.
Neska-mutikoak eta teknologia berriak
Ekitaldi-programa zabala izan zuen FLL Euskadi txapelketak; besteak beste, Balioetan oinarritutako garapen emozionalari eta inguruari egokitzeko gaitasunari buruzko hitzaldia, Euskaltelek antolatua. Gazteek teknologia berriak erabiltzeko modu egokiari buruzko zenbait aholku eman zizkien gurasoei Edurne Donlo psikologoak hitzaldi hartan.
Euskaltelen Lehen hitzarmena proiektuan laguntzaile izan da Edurne. Geroz eta goizago hasten dira neska-mutikoak mugikorrak erabiltzen, eta laguntza behar dute gurasoek; hori izan zen, hain juxtu ere, proiektuaren eragilea. Kontua ez da mugikorraren erabilera debekatzea, baizik eta balio positiboak bultzatzea, hasieratik behar bezala erabil dezaten smartphonea neska-mutikoek.
Hona hitzarmen horretatik Edurnek gogokoen duen klausula: "Oso azkar ikasiko dut hura nirekin dudala bizitzen, baina ez dut ahaztuko hura gabe nola bizi". Edurneren iritziz, "teknologiarekin harremanetan bizitzen" ikasi behar dute neska-mutikoek. Kaltegarria izan liteke teknologia horiek erabiltzen ez uztea; beraz, "haiek ongi erabiltzen irakastea da gakoa".
Nola lortzen den hori? Zenbait jarraibide eman dizkigu Edurnek: muga zehatz eta argiak jartzea baina, aldi berean, konfiantza guneak ere uztea; ikastea, norberak ikastea, haiei irakasteko —adibidez, sare sozial batean kontu bat irekitzea gurasook, nola funtzionatzen duen jakiteko— eta, batez ere, laguntzea eta haientzat eredu izatea. "Teknologia berriak ikasketaren osagarritzat hartu behar ditugu, ez mehatxutzat", zioen. Bestalde, umeei telefonoaz arduratzen irakatsi egin behar zaiela uste du: "Smartphoneaz arduratu egin behar dute umeek, eta jakin behar dute ez dela jostailu bat, jolaserako erabiltzen badute ere. Gurasoek kontrolatu egin behar dute gailu horien erabilera, baina, aldi berean, konfiantza izan behar dute seme-alabengan. Ez dute pentsatu behar hasieratik oker erabiliko dutela; konfiantza sentitu behar dute seme-alabek".
Euskaltelen Lehen hitzarmena zer den ez badakizu, egiozu begiratu bat. Hamabi klausula ditu, smartphonearen erabileraz gurasoek eta seme-alabek egin beharreko gogoetarako lagungarriak guztiak ere. Izan ere, zailena ez da mugikorra erostea, baizik eta balio batzuk irakastea, hura behar bezala erabiltzen ikas dezaten.