Euskal mitologia ez da kondaira hutsen bilduma, baizik eta gure arbasoek errealitatea interpretatzeko zuten moduaren adierazpena. Euskal mitologiako pertsonaietan —adibidez, Mari, Lamina, Sugar edo Tarttalo—, bada egiatik (eta historiatik) zerbait. Agian horregatik zaizkigu hain erakargarri Euskal Herriko izaki mitologikoak. Zatoz gurekin euskal pertsonaia mitologiko esanguratsuenak ezagutzeko txango honetara. Gureak ez baitira sorginak bakarrik!
Euskal mitologia: pertsonaiak
Mariri eta euskal mitologiako gainerako pertsonaiei buruz hitz egiten hasi aurretik, gauza bat argitu behar dugu. Luis Garagalzak azaltzen duen moduan, euskal mitologia “gautarra” da, eta pertsonen barruko ezaugarrietan, naturan eta orainaren birsorkuntzan oinarritzen da.
Hemen ez dugu aurkituko Olinpoko jainko handirik, ez eta heroi superboteretsurik ere. Gure kondairak telurikoak dira (lurrarekin lotuak), eta ilargikoak (gautarrak). Gure arbasoak horregatik zeuden hain lotuta elementu horiekin.
Beraz, ikus dezagun zein diren euskal mitologiako pertsonaiarik esanguratsuenak.
Mari

Mari osotasuna da; naturaren eta lurraren erregina. Mari euskal mitologiako jainkosa zaharrenetako bat dela uste da, eta emakume gorputzez, kolore berdeko jantziekin eta, zenbaitetan, zuhaitz itxurarekin irudikatzen da. Suz inguratua, sugarretan dagoen ortzadar gisa edo erdi emakume eta erdi animalia gisa ere irudikatu izan da. Sugar du bizikide, eta Mikelats eta Atarrabi semeak.
Euskal Herriko ia mendi-gailur guztietan ibiltzen da, baina Anboto du bizileku nagusia.
Marik klima eta lurraren barrenak kontrolatzen ditu, eta gizon gezurti, harro eta lapurrak zigortzea du xede. Mari da bizitzaren iturri bakarra, eta iturburu eta putzuetatik, eguzkitik, ilargitik eta lur hezetik elikatzen da.
Atean eguzki-lorea duten etxe guztiak babesten ditu, Gauekok dakartzan gaitzetatik.
Sugar

Mariren bizikidea da, eta Mikelatsen eta Atarrabiren aita. Diotenez, Sugar, Sugaar edo Herensuge Mari baino mende asko geroago sartu zen euskal mitologiako pertsonaien taldean, bikingoak Hondarribian finkatu zirenean. Baditu zenbait antzekotasun Jupiterrekin eta Europako iparraldeko Thor jainkoarekin, eta lurrarekin eta azpimunduarekin lotu ohi da.
Kondairaren arabera, Sugar eta Mundakara ihes egin zuen printzesa eskoziar baten hartu-emanetik sortu zen Jaun Zuria, Bizkaiko lehenengo jaun mitikoa. Euskaldunek uste zuten ekaitzak ekartzen zituela eta Muragainen bizi zela, abereak janez, eta Urduñako gainean, gizakiak irentsiz. Ofizialki, Agamundan eta Atarretan bizi da.
Amalur

Amalur, hitzak dioen bezala, ama lurra da, gauza guztien jatorria eta Eguzkiren, Ilargiren eta Eguzki-loreren sortzailea. Hain zuzen, etxeko ateetan jarri ohi da eguzki-lorea, etxekoak espiritu gaiztoetatik babestu ditzan.
Euskal mitologiako pertsonaia hori Marirekin lotu ohi da, euskal mitologiaren jainkosa gorenarekin alegia.
Mikelats

Mari eta Sugarren semeetako bat da; bietan zitalena. Antzina, uste zuten Mikelatsek ekaitzak eta harria bidatzen zituela euskal kostaldera.
Adituen arabera, bikingoen eragina du pertsonaiak; izan ere, Europako iparraldeko Thor jainkoaren hainbat ezaugarri ditu, itxuran nahiz sinbolikoki. Sugarrekin eta Hodeirekin ere nahastu ohi da; nekazariak mehatxatzeko tximista eta ekaitzak ekartzen zituen izaki nagusia da Hodei.
Atarrabi

Mari eta Sugarren bigarren semea; ongiaren sinboloa. Atarrabik eta anaiak Etsairen leizean ikasi zuten, eta, jasotako irakaspenen ordainetan, bietako bat berarekin gera zedin eskatu zien hark. Mikelatsi egokitu zitzaion, baina, Atarrabi hain zen ona, anaiagatik sakrifikatu baitzen. Etsairen alboan hainbat gauza ikasi zituen, baina, haren deskuidu txiki bat baliatuz, ihes egitea lortu zuen. Hala eta guztiz ere, Etsaik Atarrabiren itzala harrapatzea lortu zuen, eta leizean atxiki. Atarrabi apaiz egin zen, eta, diotenez, kontsakrazioaren unean, itzala atzean agertzen zitzaion. Hori dela eta, hainbat urteren buruan, une horretantxe hil zezan eskatu zion sakristauari, Etsairengandik behin betiko ihes egin ahal izateko. Halaxe egin zuen, eta uso batzuek eraman zuten Atarrabiren gorpua.
Atarrabi Scorpius konstelazioarekin eta Pedro Agerre ‘Axular’ fraidearen kondairarekin lotuta dago.
Laminak

Laminak greziar mitologiako laminen eta Antzinaroan Europa osoan zabaldutako sirena, ninfa, maitagarri eta antzekoen euskal bertsioa dira.
Euskal mitologian ere limurtzaile hilgarri eta haurren zelatari gisa irudikatzen dira, baina ezaugarri propioak dituzte: arrain-isatsa, ahate-hankak eta hegazti-erpeak, eskuen ordez. Ibaietan eta iturrietan bizi dira, beren adats luzeekin erakartzen dituzte harrapakinak, eta urrezko orrazi ederrekin orrazten dira.
Galtzagorriak

Euskal mitologiako izaki txikiok galtza gorriekin janzten dira, eta orratzontzietan ezkutatzen. Olentzero eta Mari Domingirekin bizi dira, eta eguneroko eginkizunetan laguntzen diete biei. Izan ere, horixe da Galtzagorrien ezaugarri behinena: laguntzeko eta lan egiteko prest daude beti.
Kondaira asko daude iratxo hauen inguruan; haietako batzuk San Joan gauarekin lotuak, harrapatu egin baitaitezke orduan.
Beti ikusiko dituzu, noski, Olentzero eta Mari Domingiren desfilean, Gabonetan.
Akerbeltz

Sorginen jainko eta kristauen ikara. Akerbeltz Goyak Akelarrea margolan famatuan irudikatutako aker beltza da. Baina, kristautasunean gertatzen zenaz bestera, Euskal Herrian, Akerbeltz ez da lotzen Satanas edo Beeltzebuben pertsonifikazioarekin.
Euskal mitologiako pertsonaia hori lur barruan bizi den espiritu bat da, eta, zenbaitetan, animaliak eta etxeak babesten dituen jainko bat. Hala, badira azienda babesteko aker beltz bat duten baserriak. Inkisizioak jazarritako sorginen meza beltz beldurgarriak gidatzen zituen Akerbeltzek.
Sorginak

Euskal sorginen inguruko istorio ugari dago. Sorginek funtzio sendagarriak dituzte; horregatik dira emagin eta sendalari. Mari jainkosaren laguntzaile gisa ere irudikatu ohi dira.
Kondairak dioenez, gauez elkartzen ziren akelarreak egiteko eta Akerbeltzi hel egiten zioten.
Basajaun

Trolak, ogroak ala yetiak? Kristautasunaren aurretik Europan barreiatutako hainbat kondairaren arteko bilduma da euskal mitologiako Basajaun.
Antzinako euskaldunek uste zuten Basoko Jauna zela, hots, inguruko lehen biztanlea eta nekazaritza gizakiek baino lehen aurkitu zuena. Zenbait teoriaren arabera, cromagnonek neandertalekin izandako lehenengo kontaktuan izan dezake oinarria.
Basajaunek Basandere emazteaz du ondoan beti, eta, Tarttaloz bestera, ez da oldarkorra. Diotenez, Martin Txikik, zeinak gizona irudikatzen baitu euskal mitologian, ezagutzak lapurtu zizkion Basajauni, gizateriari erakusteko.
Urtzi

Jupiterrekin eta Europako iparraldeko Thor jainkoarekin lotzen da. Euskal mitologiako pertsonaiarik garrantzitsuenetako bat da. Zeruko jainkoa da, eta haren izena tximista, trumoi, kazkabar, euri eta bestelako ekaitzekin lotuta dago.
Asteko bi egunek daramate haren izena (osteguna eta ostirala), eta, euskal kulturan erromatarren aurretik jadanik bazegoen arren, Mari baino geroago agertu zen. Horregatik, gutxiago ageri da kondairetan. Hori bai, gure mitologian zeruan bizi den izaki bakarra da, eta zeregin berezia ematen dio horrek. Antzina, zeruko argia zela sinesten zuten, eta Lurra mehatxu orotatik babesten zuela.
Tarttalo

Bai, greziar mitologiako ziklope famatuaren euskal bertsioaz ari gara. Baina gure Tarttalok Euskal Herriko naturarekin lotutako sustraiak eta ohiturak ditu.
Artzain erraldoi begibakarra da, aiurri txarrekoa eta oso gaiztoa, artaldeak eta mendi inguruan bizi diren gizakiak jaten dituena. Torto edo Anxo izenez ere ezagutzen da, lekuaren arabera, eta, kondairak dioenez, eraztun magiko bat zuen harrapakinei heltzeko.
Tarttalo aurkitu nahi izanez gero, Erreniega mendira joan behar da, eta, bereziki, Saadar mendira. Han dago Tarttaloren omenezko Tartaloetxea trikuharria.
Gizotso

Euskal mitologiako gizaki otsoa da. Erdi gizaki eta erdi otso, gauez agertzen da basoan, kateak arrastaka daramatzala batzuetan, eta biktimak zelatatzen ditu han.
Gizotsori buruzko kondairetako batek dio behinola emakume bat mutilatu zuela Zeanurin.
Jentilak

“Gentilis”etik dator izena, kristau ez ziren pertsonak izendatzeko erabiltzen zen hitzetik. Dena den, erromatarrak baino lehenagoko kondairetan jadanik agertzen dira jentilak. Haien arabera, jentilek mendietara eta Euskal Herriko lekurik garaienetara alde egin behar izan zuten, jainko indoeuropar berrietatik ihesi.
Kondaira horietan, harritzarrak urrutira jaurtitzen zituzten izaki ezin indartsuago gisa irudikatu izan dira. Diotenez, jentilek eraiki zituzten trikuharriak eta harrespilak, eta gizartetik bereiz bizi ziren, paganoak zirelako. Horrez gain, uste da azken jentila kristau bihurtu zela eta Olentzero dela hori, hain zuzen.
Gaueko

Gauaren eta iluntasunaren jainkoa, euskal mitologiako izaki beldurgarrienetako bat da. Ilunpean mugitzen da, eta, formaz aldatzeko gai den arren, otso edo animalia gisa irudikatu ohi da.
Hau da Gauekoren leloa: "Gaua gauekoentzat, eguna egunekoentzat". Horregatik egiten die eraso gaua errespetatzen ez dutenei.
Esan ohi da eguzki-lore bat jarri behar dela etxeko atean Gauekorengandik babesteko.
Ikusten duzunez, oso berezia da euskal mitologia; hamaika eleberri, film eta abesti egiteko aproposa. Euskal pertsonaia mitologikoak zaindu eta babestu beharreko altxorra dira.
