Adimen artifizialean oinarritutako aplikazio bat da, aukera ematen duena irudiak sortzeko hizkuntza naturaleko testuetako deskribapenetatik abiatuta.

MidJourney laborategiak egina da —David Holz-ek, errealitate birtualeko aitzindarietako batek, zuzentzen du—, eta laborategiaren izena darama.

MidJourneyren lehen bertsio publikoa 2022ko udan iritsi zen.

Nola erabiltzen da MidJourney?

MidJourney erabiltzeko, Discord-en URL ofizialera sartu behar da: discord.gg/midjourney. Han, erabiltzaile-izen bat sartu beharko duzu, eta gonbidapen bat bidaltzeko eskatu. Beraz, MidJourney erabiltzeko, kontu bat izan behar duzu Discord-en.

Aplikazioan lehen aldiz sartutakoan, newbies fitxan sartu behar duzu eskaerak egiten hasteko.

Pantailan, idatzi /imagine, eta, automatikoki, barra bat erakutsiko dizu, eta komando bat eskatuko (zure eskaera). Han idatzi behar duzu zer irudi nahi duzun.

Tekniko samarra badirudi ere, ez da zaila plataforma erabiltzea.

Nolako irudiak sortzen ditu MidJourneyk?

Gai guztietakoak eska dakizkioke, eta irudi oso errealistak eta definizio eta bereizmen handikoak egiten ditu (1.792 x 1.024 pixel bitartekoak).

Gainera, aplikazioak aukera ematen du irudi zehatzak eta pertsonalizatuak egiteko, eta norberaren lehenespenen arabera egokitzeko.

Eta eskaera bakoitzeko lau irudi ematen ditu aukeran.

Doakoa da MidJourney?

Doako bertsioa eta ordainpekoa ditu.

Doako bertsioa mugatua da; 25 eskaera besterik ezin duzu egin harekin. Pantailan bertan ikus dezakezu nola joaten diren gutxitzen erabiltzaile-kredituak erabili ahala.

Ordainpeko bertsioan nahi adina irudi eska ditzakezu, eta, gainera, beste funtzio batzuk ere baditu eta azkarragoa da.

Ordainpeko bertsioak hileko planak eskaintzen ditu, hilean 9 eta 96 dolar bitarteko tarifekin.