Eragiketa digitalak masifikatu eta dibertsifikatu ahala, teknologia eta aplikazio berriak sortzen dira, prozesuak arintzeko, kostuak murrizteko eta, azken batean, eguneroko lana hobeto egiten laguntzeko pentsatuak. Eta, hori guztia, arreta berezia jarriz segurtasunari, pribatutasunari eta gardentasunari.
Ezaugarri horiek betetzen ditu blockchain teknologiak. Baina, zertan datza benetan teknologia hori, eta zer ekarpen egin diezaieke enpresei?
Eragiketa-blokeen kate batean oinarritutako teknologia bat da blockchain.
Liburu elektroniko handi baten moduko zerbait da, eta datu-base handi moduko bat, erabiltzaile partikularren edo enpresen artean partekatzen dena. Egindako eragiketa guztiak erregistratzen eta gordetzen ditu, ezabatzeko aukerarik gabe, modu deszentralizatu, publiko eta egiaztagarrian. Eta bitartekaririk gabe egiten du hori guztia
Erregistro edo eragiketa-multzo bakoitza bloke bat da; hortik datorkio “blockchain” izena. Erabiltzaile jakin batzuek erregistro bakoitzerako irispidea dute, eta, une oro informazioa izateaz gainera, egiten dituzten transakzioen segimendua egin dezakete. Bloke bakoitzaren kopia bat sortzen da beti.
Blockchain teknologia sarean transakzioak egiteko edo bilaketak egiteko erabili ohi da, eta gero eta enpresa gehiagok baliatzen dute.
Txanpon digitalen edo kriptomoneten eremuan erabiltzeaz gainera, beste alor askotan aplika daiteke, hala nola logistikako kateetan, finantza-transakzioetan, ordainketen kudeaketan edo truke komertzialetan.
Gainera, gaur egun datu-kopuru handiekin lan egiten da, eta blockchain teknologiak aliatu egokia aurkitu du gauzen Interneten soluzioetan.
Blockchain teknologiak enpresentzat dituen abantailak
- Segurtasuna. Datuak enkriptatuta eta deszentralizatuta daude, gailu askotan gordetzen baitira aldi berean, eta ez zerbitzari bakar batean.
- Bitartekaririk gabe. Eragiketak automatizatu egiten dira, kontratu adimendun deritzenen arabera. Kontratu horiek datuz elikatzen dira transakzioak handitu ahala; hala, gero eta autonomoagoak dira, eta haien egiaztatze-gaitasuna hobetzen da, zehatzagoak eta seguruagoak baitira.
- Pribatutasuna eta gardentasuna. Blockchain teknologiak datuak hobeto kontrolatzen laguntzen du, ez baitu behar ez bitartekaririk ez bitarteko sistemarik. Horrek laguntzen du konfiantza handiagoa sortzen eta eragiketetako iruzurrak murrizten.
- Egiaztapena. Gertatutako guztia jasotzen du, nola egin den eta ongi egin den ere barne. "Meatzariak” arduratzen dira horretaz, hots, eragiketak prozesatzeaz eta egiaztatzeaz arduratzen diren prozesuak.
- Anomaliak, irregulartasunak edo datuen manipulazioak atzemateko gai diren funtzio aurreratuak ere baditu. Bat aldatzen bada, kate osoari jakinarazten zaio.
- Azkartasuna eta arintasuna. Eskuz egin beharreko urratsak eta bitartekariak desagertzean eta eragiketa ohikoenak automatizatzean, arinago egiten dira transakzio guztiak.
- Tamaina eta edukiera. Informazio-bloke erraldoiak dira, eta, beren indarrak eta ahalmena batzean, biderkatu egiten da guztiaren gaitasuna.
- Kostuen murrizketa: Egin beharreko urratsak murriztean eta sinplifikatzean, baliabideak aurrezten dira.
Beraz, teknologia berri eta disruptibo bat da, ahalmen handi eta abantaila ugarikoa, eta bidea egiten hasia dena enpresa-eremuan.
Beti bezala, Euskaltelen uste dugu teknologia dela aliaturik onena lehiakor eta eraginkor izateko; horrenbestez, enpresetarako ditugun soluzio teknologikoei buruzko informazio gehiago nahi baduzue, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zuen aholkulari pertsonalarekin edo enpresa bezeroentzako sail komertzialarekin formulario honen bidez.