Bazenekien Txinan badela fabrikatzaile bat garbigailuak eta hozkailuak eskaera bidez egiten dituena? Zientzia-fikzioa dirudi, ezta? Bada, ez da. Geroz eta gertuago dugu joera hori. Eta aurrerapen teknologikoei zor diegu.
Industria-iraultza berri bat ari gara bizitzen. Lehen urrutiko kontzeptuak iruditzen zitzaizkigun teknologiak, esate baterako robotika aurreratua, adimen artifiziala, sentsorika eta Internet of Things, oinarrizko lan-tresna dira industriarentzat. Informazioaren kudeaketak, Smart Data esaten diogunak, aukera ematen die enpresei gu hobeto ezagutzeko, guri entzuteko eta gure beharrei erantzuteko, bai eta haiei aurrea hartzeko ere!
Bada, teknologia horiei esker eta bezeroen esperientziari esker, ekoizpen-prozesuak hainbeste aldatu dira denbora gutxian, ezen esan baitezakegu industriaren negozio-ereduak aldatu dituztela.
Gai liluragarria da, ezta? Bada, irudika itzazu enpresa handietako, txikietako eta start-up-etako 100 arduradun foro berean, esperientziak trukatzen eta bilakaera teknologikoari buruz hizketan. Horixe da Prest18ren funtsa: profesionalen arteko topaketa bat da, formatu dinamiko eta erakargarria duena: elkarrizketa arinak.
Kasu honetan, euskal enpresagintzako hiru pertsona ezagun izan ditugu protagonista: Javier Fernández de Retana, Aernnovaren Harreman Instituzionaletako zuzendaria; Alberto González de Zárate, Vending Modularren zuzendari nagusia; eta Fernando Presa, Hirisensen zuzendari nagusia.
Solasaldiaren hasierak izenburu nagusi bat eman zigun:
“industria-prozesu guztietara iritsi da dagoeneko digitalizazioa, eta beharrezkoa da pertsonak horretarako gaitzea eta informazioaren transmisioan erabateko segurtasuna izatea”.
Diagnostikoa egiten lehena Javier Fernández de Retana izan zen: “Industria 4.0 kontzeptua aplikatzea funtsezkoa da etorkizuneko negozio-ereduetarako”. Eta enpresek ezin dute aukera gisa hartu gai hau, “betebehar” bilakatu baita dagoeneko. Hori dela eta, gainditu beharko dituzten erronketako bat langileen prestakuntzarekin lotuta dago; izan ere, teknologia horiek erabiltzeko, birziklatze-prozesu bat egin beharko dute.
Vending Modularren zuzendari nagusi Alberto González de Záratek ere garbi utzi zuen enpresako prozesuetan digitalizazioaren eta automatizazioaren aldeko apustua egin behar dela. Zehazki, datuen kudeaketarekin lotu zuen automatizazioa. Gaur egun, adibidez, sentsorikak aukera ematen digu egiaztatzeko zer higadura jasaten duen egunero martxan dagoen makina batek, eta informazio hori kudeatuta, haren bizitza erabilgarria zenbatekoa izango den aurreikus dezakegu. Baina, horrez gain, aipatu zuen vending-makinetan erosten diren zainketa-kitak aztertuta gai dela lan-eremu batzuetan zer arazo sortzen diren jakiteko. Ondorioak: datu guztiak aztertuta, lan-prozesuak optimizatu egin daitezke, eta produktibitatea handitu.
Hausnarketa horietan azkena Fernando Presa Hirisensen zuzendari nagusiak egin zuen. Erabat ados zegoen solaskideek enpresen digitalizazioari buruz esan zutenarekin. Horrez gain, aholku bat eman zuen: gaur egun, etekin handiagoa ematen du etengabeko berrikuntza-zerbitzuak kontratatzeak teknologia erosteak baino. Izan ere, aurrerapenak hain dira azkarrak, errentagarria baita zerbitzu-mota horiek ematen dituzten enpresetara jotzea.
Ikus dezakezun bezala, Prest18 topaleku interesgarri bihurtu da enpresei errealitate digital berria gerturatzeko. Aldaketa-prozesu honetan esperientzia berriak eta arrakasta-kasuak ezagutu nahi badituzu, zain izango gaituzu datorren urtean!