Duela egun batzuk, StartUps Euskaltel programan laguntzeko prest azaldu diren lehenbiziko bost enpresen jardueraren berri eman genizuen. Ekimen horren bidez laguntzen dugu Euskadin berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen. Orain, berriz, beste lau proiektu ezagutzeko aukera duzu. Zirraragarriak dira laurak ere, eta Euskaltel buru-belarri murgilduta dabilen sektore teknologiko berrien alorrekoak.
Naru Intelligence.
Big dataren alorrean dihardu enpresa gipuzkoar horrek, medikuntzarako konponbideak diseinatzen. Gaixotasun kronikoak, endekapenezko gaitzak edo minbizia duten pazienteen jarraipena egiteko sistemak garatzen ditu, medikuek berehalakoan izan dezaten pazienteen egoerari buruzko informazioa, eta informazio hori tratamenduen eraginkortasuna ebaluatzeko eta hobetzeko erabiltzeko moduan izan dezaten. Gaixoen arreta- eta bizi-kalitatea hobetzea zuten xede enpresaren sortzaileek, eta duela urtebete inguru ekin zioten hura sortzeari. Lehenbiziko produktuak —Step— erabat alda dezake bularreko minbizia duten pazienteen arreta, elkarrekin lotzen baititu datu klinikoak eta gaixoen sintomei eta bizi-kalitateari buruzko datuak. Monitorizazioari esker, pazientearen egoeraren bilakaerari buruzko informazio zehatza jaso daiteke, eta beste paziente batzuenarekin alderatu. Erabakiak hartzeko lagungarri zaie medikuei sistema hori, eta tratamendu eraginkorragoak garatzen eta, hartara, gaitz horri eta beste batzuei hobeto aurre egiten ere lagun dezake.
Wikiopps.
Bizkaiko startup horrek garatu duen aplikazioari esker, etengabe eta denbora errealean jaso ditzake edozein erakundek edo enpresak bere interes-taldeen iritziak. Premisa hau abiapuntu dutela azaltzen dute aplikazioaren funtzionamendua: informazio hori lortzeko enpresek erabili ohi duten bitartekoak (inkesta) galdetegiak behar ditu. Baina oso noizean behin idatzi ohi dira galdetegietarako galderak. Whatsapp-taldeak, berriz, ez dira eraginkorrak eta maneiagarriak hamar lagunetik gora baldin badituzte, eta ez dute bermatzen iritzien pribatutasuna; mezu elektronikoak, berriz, galdu egin daitezke egunean zehar jasotzen ditugun ehunka e-mailen artean. Wikioppsen helburua ez da tresna horiek ordezkatzea, baizik eta hau ziurtatzea: enpresa bakoitzak lehenbailehen, eraginkortasunez eta pribatutasuna errespetatuz jasoko duela interes-talde jakin baten iritzia. Enpresaren sortzaileetako bati bururatu zitzaion tresna hori sortzea, kudeatzen zituen 1.500 lagunen iritziak nola jaso zitzakeen pentsatzen jarrita. Arrazoi hauengatik erabaki zuten Wikiopps sortzea:
“Posta elektronikoz baino errazago iristen zaizkie mezuak hartzaileei; erantzun-tasak, berriz, inkesta bidez jasotzen direnak baino askoz handiagoak dira, eta whatsapp bidez baino askoz seguruagoa da pribatutasuna, eta handiagoa erabiltzaileen lasaitasuna”.
Oboid.
4.0 industria ez da jada enpresa handien kontua bakarrik. Arabako startup horrek duela bi urte ekin zion modu merkeren bat bilatzeari enpresa txiki eta ertainek smartphoneen erabilerraztasuna beren produktu eta prozesu industrialei aplika diezaieten. Bihurtze horren bidez, sinplifikatu egiten du Oboidek makineriaren erabilera, eta maneiagarri bihurtzen langile ez-espezializatuentzat; horrez gain, konektagarri bihurtzen du tresneria, eta Gauzen Internet (IoT) deritzon horretan txertatzen. Hauek ditu azken lanetako batzuk enpresa horrek: auzo-komunitateetarako postontzi adimendunak (ukipen-pantaila, Interneterako konexioa, kode bidezko irekiera...), eta lan-banku batean txertatutako tresna-tiraderen irekiera selektiboa.
Howdoi.
Berez konplexuak diren edukiak ikus-entzunezko sekuentzia sinpleagoetan partekatzeko da web-plataforma hori. Beste hitz batzuekin esanda, Howdoi erabilita elementu grafikoak, ikus-entzunezkoak eta interaktiboak dituzten sekuentzietan egitura daitezke zenbait prozesu, gero PCaren, tabletaren edo smartphonearen bidez banatzeko. Sektore soziosanitarioan sortu zen plataforma hori, eguneroko bizimoduko zenbait jarduera egiteko arazoak dituen jendeari laguntzeko. Emaitza: jarduera horiek sekuentzia bidezko pauso sinpleago bihurtzen dituen tresna bat, erabiltzaileek errazago ikas ditzaten jarduerak. Egun, know-how prozesuak eta haien transmisioa hobetu nahi duten erakundeei zuzendu zaie nagusiki Arabako startup hori.
Interesgarria, ezta? Bada, hasi besterik ez da egin. StartUps Euskaltel-en lehen ekitaldi honetan, ehun enpresari laguntzea da gure asmoa. Saiatuko gara zuri guztien berri ematen.