Produktuak eta zerbitzuak bilatzeko, aurkitzeko eta erosteko modua etengabe ari da aldatzen azken urteotan. Eraldaketa digitalak —eta pandemiak— ohitura berriak sortu dituzte kontsumitzaileen artean, eta enpresek etengabe egokitu behar dute horietara.
Azkenaldian, asko aipatzen da phygital izeneko marketin-joera.
Zer da phygital? Merkataritza digitala (onlinekoa) eta denda fisikoak (offlinekoa) konbinatuz sortutako erosketa-esperientzia bat da. Bi inguruneen arteko mugak gaindituta, batzuen eta besteen abantailak eta potentzialak aprobetxatzen dira; hala, esperientzia desberdina eta osoagoa eskaintzen zaie bezeroei, eta negozio-aukera berriak enpresei.
Batetik, kontsumitzaileek dendako esperientzia fisikoa balioesten jarraitzen dute, eta, zehazki, esperientzia horrek ematen dituen hurbiltasuna, elkarreragina eta pertsonalizazioa.
Bestetik, erosketa digitalaren esperientziak berehalakotasuna ematen du; edozein lekutatik, edozein ordutan eta hainbat euskarri erabilita egin daiteke.
Hori kontuan izanda, negozioek eta enpresek esperientzia hibridoak sortu nahi dituzte, bi inguruneen abantailak integratu eta aprobetxatzeko.
Phygital joera praktikan jartzen duten tresnak
Merkatu-ikerketen arabera, kontsumitzaileen erdiek, gutxi gorabehera, erosketa fisikoak nahiz birtualak egiten dituzte.
Beraz, ez da harritzekoa aro digital betean ere inoiz baino denda fisiko gehiago irekitzea.
Establezimendu berri horiek, ordea, ez dira orain arteko lokalak bezalakoak. Teknologia digitalak erabiltzen dituzte, eta leku ezin hobea dira erabiltzaileek produktuak eta zerbitzuak ezagutzeko eta haiekin elkarreraginean jarduteko, bai formatu fisikoetan bai birtualetan. Horixe da, hain zuzen, esperientzia phygitala.
- Ukipen-pantailak edo kiosko digitalak. Ohikoenetakoak dira, eta aukera asko ematen dituzte: informazioa osatu, eskaerak tramitatu, txandak eta ilarak kudeatu edo in situ saltzeko toki gisa funtziona dezakete. Zinemetan edo ostalaritza-establezimenduetan ikus daitezke.
- Probagela adimendunak. RFID teknologia duten etiketetan oinarritzen dira. Etiketa horiei esker, bezeroa zein arropa probatzen ari den jakin daiteke. Hala, bezeroak elkarreraginean jardun dezake, eta besteak beste hauek egin: beste neurri edo kolore batzuk bilatu, nola geratuko litzaizkiokeen digitalki ikusi, osagarriak gehitu, eta argazkiak egin eta partekatu. Horri esker, probagelatik bertatik egin eta amaitu daiteke erosketa-prozesua, eta arropak dendan bertan nahiz etxean jaso.
Moda-desfile eta pasarela askotan erabiltzen dira.
- QR kodeak Gailu adimendunen kameren bidez eskanea daitezke kode horiek, eta webgune edo aplikazio jakin batera sartzeko balio dute. Pandemia-garaian egin ziren ezagun ostalaritza-establezimenduetako karten berri emateko, baina produktuei edo zerbitzuei buruzko informazio zehatzagoa eskuratzeko ere erabil daitezke.
- Beacons. Tamaina txikiko gailuak dira, eta kontsumitzailea lokalizatu eta jakinarazpenak bidaltzen dizkiote, dagoen lekuaren arabera, hurbileko marketinarekin bat. Sektore turistikoa ari da haiei etekinik handiena ateratzen, bisitei, ibilbideei edo jatetxeei buruzko iradokizunak eginez.
Beste tresna batzuk ere ari dira erabiltzen, hala nola Light ID teknologietan oinarritutakoak —argia erabiltzen dute jakinarazpenak edo abisuak bidaltzeko eta bezeroekin elkarreraginean aritzeko— eta errealitate areagotuko markatzaileak —bezeroak birtualki espazio eta esperientzia berrietara edo metabertsoan sortutako denda birtualetara eramaten dituzte—.
Esperientzia phygitalaz ari bagara, ezin dugu ahaztu "Digital Signage" edo multimedia-seinale digitala. Eduki digitalak pantaila edo totem bidez igortzean datza. Elkarreraginean eta bezeroarekin elkarrizketan aritzeko gaitasunean dago gakoa, eta hori erakargarria bezain erabilgarria da. Informazioa edo entretenimendua eskaintzen du denbora errealean, une, egoera eta publiko bakoitzari egokituta, eta sare sozialekin edo gailu mugikorrekin integra daiteke.
Marketin phygitaleko estrategien onurak enpresentzat
Zergatik egin estrategia phygitalen alde? Hona hemen abantaila batzuk:
- Erosketa-esperientzia osoagoak, immertsiboagoak, interaktiboagoak eta pertsonalizatuagoak sortzeko gaitasuna. Gaur egungo erabiltzaileak ez ditu soluzioak bakarrik bilatzen; esperientziak eta sentsazioak ere nahi ditu.
- Bezero potentzialen kopurua handitzea, bai alderdi fisikoa nahiago duten kontsumitzaileengana bai plataforma eta tresna digitaletara ohituago daudenengana iritsita.
- Produktu-aukera handiagoa. Denak denda fisikoan ez badituzu ere, handik eskain dezakezu haiek erosteko aukera. Elementu horrek pertsonalizazioa eta fidelizazioa eskatzen ditu, eta, aldi berean, aukerak biderkatzen.
- Kostuak murriztea, instalazioen tamainan edo garraio-gastuetan, eta baliabideak eta euskarriak optimizatzea.
- Bezeroek dituzten ordaintzeko edo bidaltzeko aukerak ugaritzea eta dibertsifikatzea.
- Bezeroa gehiago eta hobeto ezagutzeko aukera. Adibide bat: dendan egindako erosketa baten ondoren, bitarteko digitalak erabil ditzakezu bezeroarekin harremanetan jartzeko, haren esperientziaren feedbacka lortzeko eta haren gustuen araberako produktuak eskaintzeko. Eta alderantziz: dendara iristen denean, erosketa digitalen aurreko esperientziak kontsultatu ditzakezu, eta salmenta haren interesetara bideratu.
- Marka-irudi indartsuagoa. Ingurune fisiko eta birtualen arteko sintonia eta koordinazioa funtsezkoa da irudi bera, indartsuagoa eta sendoagoa transmititzeko.
- Politika komertzialak bateratu, antolatu eta optimizatzen ditu. Gaur egun dagoen plataformen eta euskarrien aniztasunarekin, eskaintzan aldeak sortzeko arriskua dago, bai prezioetan edo sustapenetan, bai izakinetan. Bi inguruneen estrategia koordinatuak minimizatu egiten du arrisku hori, eta sinergiak aprobetxatzen ditu.
- Kudeaketa sinplifikatzen du, ingurune fisiko eta digitaletarako batera egiten baita. Gainera, eskaintzen dituen emaitzak ere bateratu egiten dira, eta horrek aukera ematen du errentagarritasunaren eta irabazien ikuspegi integrala izateko.
Argi dago mundu digitala eta fisikoa osagarriak direla eta ez dutela batak bestea baztertzen; biek egiten dute indarra eta bakoitzak bere indarguneak ditu, eta enpresek horiek aprobetxatzeko modua bilatu behar duzue, dauden teknologiak baliatuz. Estrategia phygitalak abian jarriz, zuen eraginkortasuna hobetuko duzue, kontsumitzaileen eskaerei hobeto erantzungo diezue eta bereizgarri izango duzue hori gaur egungo merkatuetan.
Enpresetarako ditugun soluzio teknologikoei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin.