Gure ingurune digitalizatu honetan, telefono adimendunak ia denerako erabiltzen ditugula, ordainketak ez dira salbuespen. Hala, ordaintzeko modu tradizionalak lekua uzten ari zaizkie berri batzuei, teknologikoago batzuei, eta halakoak erabil daitezke erosketa digitalak egiteko nahiz ohiko dendetan erosteko.

Modu berriak saltzaileei eta erosleei ordainketak eta kobrantzak errazteko sortu ziren.

Garai eta ohitura berrietara egokitzea da helburua, eta erosketa-prozesuari balioa ematea, egungo bezeroaren eskakizun handiei egoki erantzunez: azkartasuna, erosotasuna, digitalizazioa, automatizazioa, pertsonalizazioa eta moldakortasuna hainbat gailutatik ordaintzeko, inola ere ahaztu gabe segurtasuna.

Izan ere, salmentak eta erosketak eboluzionatzen ari dira gizartearekin eta esku-diruarekin batera, eta eskudiruaren lekua hartzen ari dira zenbait irtenbide berritzaileago. Ez dira bakarrik kreditu- edo zordunketa-txartelak edo banku-transferentziak; askoz haratago doaz kontuak.

Bizum

Aplikazio hau da erabilienetako bat unean bertan ordainketak egiteko eta jasotzeko orduan.

Bizumek erabilera asko ditu, eta hori da duen arrakastaren arrazoietako bat. Badakizu, adibidez, loteria-administrazioetan sariak kobratzeko balio duela? Edo dohaintzak egiteko?

Enpresa batzuek Bizum ere gehitu dute ordainketa-modu gisa bezeroentzat, aplikazioa ordainketa-pasabidean integratuta. Baita aplikazioan alta emanda daudenei deskontuak edo sustapenak aplikatzeko ere.

PayPal

Oso funtzionamendu erraza du. Aski da posta elektronikoz alta eman eta erabiltzaile-izenari banku-kontu bat edo kreditu-txartel bat lotzea; hortik aurrera, ordainketak egin daitezke, dirua bidali edo kobrantzak onartu.

Espainian, kontsumitzaileek onlineko merkataritzan gehien erabiltzen dituzten moduetan bigarrena da.

Wallet edo diru-zorro elektronikoa

Esan daiteke kreditu-txartelaren mugikorreko bertsio birtuala dela. Erabil daiteke hala Interneten nola denda fisikoetako askotan, kontakturik gabeko txartel bat erabiltzen dugun moduan ia.

NFC haririk gabeko komunikazio-teknologia erabiltzen du hurbileko gailuen artean datuak trukatzeko.

Banku askok badituzte dagoeneko beren txartel elektronikoak, eta banku elektronikoko appetik sartzen dira haietara; haien artean daude ABANCA Pay, BBVA Wallet eta Santander Wallet.

Eta gero eta telefonia-fabrikatzaile gehiagok instalatzen dituzte halako txartelak terminaletan, klik bakar batekin ordainketak egiteko, banku-txartelik erregistratu gabe eta pasahitzik sartu gabe. Horrelakoak dira, esaterako, Samsung Pay, Google Pay eta Apple Pay (azken hori da erabiliena).

Sare sozialetan saldu edo erosi nahi baduzue, aukera ezagunena Metapay da.

POS Mugikorra

Segurtasun-gailu bat da, gailu mugikor batera konektatzen dena ordaintzaileak zordunketa-txartelaren bidez egindako transakzioak baliozkotzeko. Hala, aplikazioa deskargatu eta kontu bat sortu ondoren, berehalako transferentzia baten bidez egin daiteke ordainketa saltokian.

Sistema azkarra da, eta, bestalde, bereziki baliagarria inbentarioak kudeatzeko, erraz konektatzen baita barra-kodeen irakurgailuekin.

Wearable edo janzteko gailuak

Wearable deritzenak jantziei erantsitako edo osagarri gisa erabilitako gailu elektroniko adimendunak dira. Hor ditugu, adibidez, erloju edo eskumuturreko adimendunak.

Txartel bati lotutako NFC txip bat badute, kontakturik gabeko txartel baten antzera erabil daitezke ordainketa fisikoetarako, hau da, gailua saltokiko terminalera hurbilduz.

Haien koska handienetako bat da dituen datu ugarien segurtasuna nola zaindu, are gehiago ordainketa-metodo gisa erabiltzen badira, eta nola finkatu onlineko ordainketetan.

Biometria

Ordainketak egiteko biometria bidez autentifikatzea hatz-marken, ahotsaren, aurpegiaren, begien edo beste edozein giza ezaugarriren bidezko identifikazioan oinarritzen da.

Ohikoena bezeroa telefono mugikorraren bidez identifikatzea eta ordaintzea da; beraz, terminalak aukera horietakoren bat izan behar du.

Oro har, irakurgailu edo eskaner gisa funtzionatuko duen gailu elektroniko bat behar da, datuak jasoko dituena, eta software bat datu horiek digitalizatuko dituena, aldez aurretik aztarna digitala banku-kontu batekin loturik .

Pay by link edo Pay by QR

Saltzaileak emandako esteka batera sartzean edo mugikorrarekin QR kode bat eskaneatzean datza, hala ordainketa-plataforma batera sartzeko.

Aldi baterako QR kodeak ere eska daitezke, transferentziak edo noizbehinkako eragiketak egiteko.

Nolanahi ere, sistema hau erabili ahal izateko, diru-zorro birtual bat eduki behar da telefono mugikorrean instalatua.

Ordaintzeko formula berri gehiago ere badaude, eta egunetik egunera ugaltzen eta berritzen ari dira. Aipa genitzake, adibidez, kriptotxanpon famatuak edo superapp deritzenak, ordainketa-plataforma gisa erabiliak.

Nolanahi ere, funtsezkoena ordainketa-aukera seguru eta erosoak sendotzea da, eta araudia eta legeria errealitate berrira egokitzea. Alde horretatik, Europar Batasuna euro digital bat sortzeko aukera aztertzen eta eztabaidatzen ari da. Europako Banku Zentralak gainbegiratuko luke euro hori, eta bi urte barrurako prest egon daiteke, partikularrek nahiz enpresek erabiltzeko.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresetarako sail komertzialarekin, formulario honen bitartez: Eta azken albisteen jakinaren gainean egoteko, jarraitu iezaguzu LinkedInen .