Gaur egungo bulegoa ez da egunero lan egin behar duzun leku fisiko jakin bat, aulkiz, mahaiz eta tiraderaz betea. Orain, edozein tokitatik eta edozein ordutan sortzen dituzu dokumentuak, txateatzen duzu lankideekin eta hartzen duzu parte bileretan eta webinarretan. Eraldaketa digitalaren unea da.
Hasteko, zure negozioaren eta gaitasunen azterketa zorrotza egin behar duzu
Zenbat langile ditu zure ETEak? Komunikazio-behar berberak dituzte guztiek? Nola gaituko ditugu enpresaren dokumentaziorako sarbideak segurtasuna zainduz? ETE baten eraldaketa digitalerako, lehenik eta behin, zure erakundearen eta zure langileen beharrak eta lan egiteko era modu errealistan ebaluatu behar dira, enpresaren jarduerekin normaltasunez eta segurtasunez jarraitu ahal izateko, nahiz eta orain birtualki lan egin.
Segurtasuna funtsezko faktore bat da, eta pandemiak paradoxa arriskutsu bat utzi digu: zibererasoak ugaritu egin dira, eta gure erakundearen segurtasuna zaintzeko aurrekontua, berriz, urritu. Pandemia hasi zenetik, enpresen %60k baino gehiagok aitortu dute erasoren bat jasan dutela, eta zibersegurtasunean egindako gastua erdira jaitsi dela enpresetan. Zibersegurtasuna ez da luxu bat, kalte handiagoak saihesteko behar bat baizik.
Komunikatzearen eta agertzearen garrantzia
Barne-lanaren dinamika ezagututa, bezeroarekiko harremanari erreparatu behar zaio. Kanal ugari erabiltzea oso aukera praktikoa da; izan ere, bezeroak sentitzen du hor zaudela, erraz eta azkar jar daitekeela zurekin harremanetan, eta harremana erraza eta pertsonalizatua dela.
ETE-entzat, enpresaren webguneaz gain —eguneratuta egon behar du beti—, komunikazio-kanal garrantzitsuak dira sare sozialak. Kostu txikiarekin, kanpainak egin ditzakezu, zure produktuak ezagutarazi, eta zure negozioaren ikusgarritasuna esponentzialki handituko duen jarraitzaile-komunitate leial bat lortu.
Telelanerako tresnak
Urrundik lan egiteko aplikazio ugari daude gaur egun merkatuan, bakarka nahiz taldean jarduteko. Esate baterako, aukera interesgarriak dira Slack, Trello eta Teams, zeina Office 365soluzioaren barruan baitago.
Tresna errazak dira, eta dokumentuak denbora errealean partekatzeko, zereginak banatzeko, barneko zein kanpoko bilera birtualak egiteko nahiz teletrebakuntzarako aukera ematen dute. Azken batean, lanarekin jarraitzeko aukera ematen dute. Baina ez hori bakarrik; ezinbestekoak dira langileen arteko, langileen eta enpresaren arteko eta enpresaren eta bezeroaren arteko konexioari eusteko. Gaur egungo egoeran, inoiz baino garrantzitsuagoa da komunikazioa, kontaktu fisiko eta bisualik gabe inor senti ez dadin galduta, bakartuta edo motibaziorik gabe. Aukera bat izan liteke taldearen edo jarduera-mailaren arabera egokitzeko moduko aplikazio bat izatea.
Bulegoak ez dira lehengoak, baina gogoan izan digitalizazioa aukera bikaina dela zure produktibitatea hobetzeko. Aukera onenei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzen dizu Euskaltelek, zure enpresaren eraldaketa digitala arrakastatsua izan dadin.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa bezeroarentzako sail komertzialarekin.