Izena ezaguna egingo zaizue beharbada, eta maiz entzungo duzue etorkizunean ere, askok erabiltzen baitugu dagoeneko teknika hori gure langileen gogobetetasun-maila eta produktibitatea hobetzeko. Jakin nahi duzue nola?
Bizitzeko filosofia bat da Mindfulness teknika, estresari aurka egiteko sortua eta pertsonei laguntzen diena arreta jartzen une bakoitzean egiten ari diren horretan, hala autokontrola hobetzeko, eta zailtasunei aurre egiteko eta aurrera egiteko gaitasuna handitzeko. Azken finean, zoriontsuago izateko.
Eta bizitzako beste hainbat alderdi bezala, diziplina hau ere lanari lotuta dago neurri batean. Aipatutako abantailez gain, Mindfulnessen defendatzaileek diote beste zeregin batzuetarako ere balio duela, hala nola komunikatzeko eta besteei entzuteko gaitasuna hobetzeko; gure frustrazio, emozio eta aldaketak kudeatzeko; eta gure arazoak identifikatzeko eta konpontzeko. Ez da gutxi! ;)
Giza Baliabideetako gure lankideek pentsatu zuten Euskaltelen ere balia genitzakeela Mindfulnessen abantailak, eta ikastaro batzuk prestatu zituzten; eta parte-hartzaileen kopuruari erreparatzen badiogu, ezin ukatu sekulako arrakasta izan zutela, 257 lagunek parte hartu baikenuen lau hilabetean zehar.
Ikastaroei esker, lanean egunero bizi ditugun egoerak hobeto kudeatzen ikasi genuen, Mindfulness teknika oso egokia baita arreta hobetzen laguntzeko, bai eta errendimendua eta produktibitatea handitzen eta gure arteko komunikazioa hobetzen laguntzeko ere.
Euskaltelen ikastaroak eman dituen Roberto Alcibar trebatzailearen hitzetan: “Gure pentsamendu eta emozioekin bizitzen laguntzen digu Mindfulness teknikak, ikuspegi arretatsuago eta erneago batetik betiere: pentsamenduak besterik ez direla ohartarazten digu, ez diegula utzi behar gu menderatzen".
Azken finean, teknika horren helburua da gu guztiok jabetzea zoriontasuna une oro egiten dugun gauzetan dagoela. Eta geure burua gelditzen ikastea, horretaz konturatzeko. Unean unekoa bizitzeko prest?