Macarena Estévez (Deloitte) AAko adituak Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoetan parte hartu du. Zibersegurtasunari, jasangarritasunari eta enpresen oraina eta etorkizuna markatzen dituzten teknologiei buruz hitz egin dugu harekin; halako teknologiak dira, besteak beste, Gauzen Internet, bloke-kateak, errealitate birtuala eta errealitate areagotua, eta, bereziki, adimen artifiziala, zeina funtsezkoa baita datu-multzo handiak aztertzeko, joerak identifikatzeko eta ohiko egitekoak automatizatzeko.

  • Zer joera nagusi ari dira oraina markatzen? Zenbaterainoko ezarpena dute enpresetan?

Zalantzarik gabe, adimen artifiziala (AA) da gaur gaur egungo joera nagusietako bat. Eragin itzela dauka, lagungarria baita egitekoak automatizatzeko eta prozesuak optimizatzeko, eta ikuspegi analitiko baliotsuak ematen ditu datu-kantitate handietan oinarrituta. AAk, eraginkortasuna hobetzeaz gainera, bezero-esperientzia pertsonalizatzen eta hobetzen lagundu dezake.

Macarena Estévez: “AA lagungarria da atazak monitorizatzeko eta prozesuak optimizatzeko, eta ikuspegi analitiko baliotsuak ematen ditu datu-kantitate handietan oinarrituta”

Bestalde, Gauzen Internet goitik behera aldatzen ari da enpresek datuak biltzen eta erabiltzen dituzten modua. Sentsore industrialetan, kontsumo-gailuetan eta beste elementu askotan erabiltzen da IoT. Informazioa denbora errealean jasotzen laguntzen die erakundeei, eta horrek informazioan oinarrituta erabaki egokiak hartzen laguntzen die.

Errealitate birtuala eta errealitate areagotua ere muga berriak irekitzen ari dira prestakuntzan eta diseinuan, besteak beste. Langileak trebatzeko simulazio errealistak eta diseinu berriak probatzeko prototipo digitalak egiteko erabiltzen ari dira, eta ikusi da teknologia horiek baliagarriak direla hainbat sektoretan.

Azkenik, bloke-kateen teknologiak ahalmena du transakzio digitalak egiteko modua aldatzeko. Transakzioen erregistro seguru eta aldaezina ematen du bloke-kateen teknologiak. Hala, bitartekariak ez dira beharrezkoak, eta eraginkortasuna eta gardentasuna areagotzen dira.

Etengabe aldatzen ari den testuinguru horretan, enpresek eguneratuta egon behar dute, eta gai izan behar dute teknologia horiek ezarriz eta egokituz lehiakor izaten jarraitzeko. Zalantzarik gabe, horretarako gai direnek abantaila edukiko dute etorkizunean arrakasta izateko.

  • Jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeari dagokionez, nola aplika daitezke teknologia horiek?

Susperraldian dauden teknologiak hainbat modutan erabil daitezke jasangarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko.

Adimen artifiziala (AA) erabil daiteke, esate baterako, eraikin eta lantegietako energia-kontsumoa optimizatzeko, elikagaiak hornitzeko katean hondakinak murrizteko, iturri berriztagarrietatik zenbat energia sortuko den aurresateko eta energia-banaketako sareak optimizatzeko.

IoT gailuek, berriz, eraikin, etxe eta industrietako energia urrunetik kontrolatu dezakete, eta energia-kantitate handiak aurrezteko aukera ematen du horrek. Ekosistemen babesaren alorrean, faunaren eta floraren jarraipena egiteko erabil daitezke IoT gailuak.

Errealitate birtuala (VR) eta errealitate areagotua (AR) erabil daitezke langileak eraginkortasun energetikoan eta jasangarritasunean trebatzeko eta jasangarritasunari buruzko politika eta teknologiek izango luketen inpaktua simulatzeko.

Bloke-kateen teknologiari esker, energia-transakzioak eraginkor, garden eta seguruagoak izan daitezke. Lagungarria izan daiteke, halaber, karbonoa salerosteko plataformak sortzeko.

  • Hitz egin dezagun zehazki adimen artifizialaz: zein dira edo izan daitezke ekarpen nagusiak? Eta konpondu beharrekoak?

AAk ohiko egitekoak automatiza ditzake hainbat sektoretan. Horri esker, pertsonek sormenezko lanetan eta zeregin konplexuagoetan zentratzeko aukera izango dute. Gainera, gai da datu-multzo handiak aztertzeko eta patroi eta joerak identifikatzeko —pertsonentzat oso zaila edo ezinezkoa izango litzateke lan horiek egitea—. AA teknologia berrien garapena bultzatzen ari da; esate baterako: ibilgailu autonomoak, ahots-laguntzaile adimendunak eta gomendatze-sistema pertsonalizatuak.

Kontrapuntu gisa, AAko algoritmoek gizartean dauden joerak betikotu edo larriagotu ditzakete, datu alboratuekin entrenatzen badira. Lan gehiago egin behar da AAko sistemak zuzenak eta ez-diskriminatzaileak izan daitezen. AAko algoritmo ugari "kutxa beltzak" dira: iragarpenak egiten dituzte, haietara nola iritsi diren azaldu gabe. Horrek arazoak eragin ditzake azalpenak garrantzitsuak diren testuinguruetan, hala nola osasun-arretan eta sistema judizialean. Bestalde, AAko aplikazioek datu-kantitate handiak behar izaten dituzte sarritan, eta pribatutasunari eta datuen segurtasunari buruzko arazoak sor daitezke.

Macarena Estévez: “Araudi argiak behar dira AAren erabilera etiko eta segurua bermatzeko”

AAk ohiko zereginen karga arindu diezaieke pertsonei, baina sektore batzuetako lanpostuak arriskuan jarri ere egin ditzake. AAren garapen bizkorrak erronkak eragiten dizkie arau-emaile eta legegileei. Araudi argiak behar dira AAren erabilera etiko eta segurua bermatzeko. AA hedatzeko, beharrezkoa da publikoak eta erabiltzaileek konfiantza izatea teknologia horietan. Eta etengabeko lana behar da konfiantza hori eraikitzeko eta iraunarazteko.

  • Uste duzu enpresek gaur egun gaitasuna dutela adimen artifizialeko proiektuak arrakastaz garatzeko?

Adimen artifizialeko (AA) proiektuen garapenaren eta inplementazioaren arrakasta zenbait faktoreren mende dago; esate baterako: datu-irispidearen maila, talentua eta esperientzia, inbertsiorako ahalmena eta azpiegitura teknologikoa. Faktore horiek guztiak asko alda daitezke enpresa batetik bestera.

Enpresa askok arrakastaz garatu eta inplementatu dituzte dagoeneko AAko proiektuak. Bestalde, enpresa askorentzat erronka handia izaten ari da.

McKinseyren 2020ko txosten batean duela gutxi irakurri nuenez, inkesta egin zitzaien enpresen %20k bakarrik esan zuen AA arrakastaz erabiltzen zutela beren eragiketetan eta balio esanguratsua ekarri ziela. Beste enpresa asko, aldiz, AA txertatzeko lehenengo faseetan zeuden artean.

Oro har, uste dut enpresek gaitasuna dutela AAko proiektuak arrakastaz garatzeko, baina, horretarako, beharrezkoa da faktore ugari konbinatzea eta enpresaren negozio-helburuekin bat datorren AAko estrategia garbi bat izatea.

  • Ziberdelituak eta ziberdelitugileak teknologia berrietara etengabe egokitzen direla kontuan hartuta, enpresek zer estrategia hartu beharko lituzkete haiengandik babesteko?

Mehatxu zibernetikoak gero eta kezka handiagoa dira erakunde guztientzat, eta mehatxu horiek sofistikatuagoak diren neurrian, segurtasun-estrategiek ere haietara egokitu behar dute.

Segurtasunaren kultura inplementatzea da lehenengo estrategietako bat, segurtasuna, arazo teknikoa izateaz gainera, giza arazoa ere bada eta. Segurtasunaren kultura horren testuinguruan, enpresetako enplegatu guztiek ongi ulertu beharko dute erakundearen babesean duten egitekoa.

Gainera, funtsezkoa da sistemak, softwarea eta gailuak eguneratuta edukitzea, zibereraso askok eguneratu gabeko softwareen ahulguneak baliatzen baitituzte.

Oro har, gauzak ongi egin behar dira: faktoreen kautotzea inplementatu, aldizka datuen segurtasun-kopiak egin eta toki seguruan gorde, su-ebakiak eta sarrera bidegabeak detektatzeko sistemak erabili sarea kanpo-mehatxuetatik babesteko eta zibererasoen aurrean zer egin behar den argi definitzen duten planak izan. Enpresak ziberdelituetatik babesten lagundu dezaketen estrategietako batzuk besterik ez dira.

Zibersegurtasuna etengabeko ahalegina da, eta negozio-eragiketa guztietan barne hartu behar da.

Macarena Estévez: “Zibersegurtasuna etengabeko ahalegina da, eta negozio-eragiketa guztietan barne hartu behar da”

  • Nola presta gaitezke etorkizunerako, eta bereziki enpresak, alderdi sozial, ekonomiko eta teknologikoei dagokienez?

Enpresek prest egon behar dute teknologia berriak ezartzeko eta errealitate teknologiko aldakorretara egokitzeko. Izan ere, lehenago adierazi ditugunen antzeko teknologia berrietan inbertitzea ekar dezake.

Gainera, enpresek prestakuntzan eta garapenean inbertitu behar dute, enplegatuek etorkizunerako beharko dituzten gaitasunak dituztela bermatzeko (adibidez, programazioa eta datuen azterketa, eta, halaber, sormena, erresilientzia eta askotariko taldeetan lan egiteko gaitasuna).

Azkenik, hazteko eta ikasteko prest dauden enpresek tresna gehiago izango dituzte ziurgabetasun horietara egokitzeko eta aukerak aprobetxatzeko.