Kolorezko adreiluak konbina ditzakezu, nahi duzuna eraikitzeko. Plastikozko pieza xume batzuk dira Legoren arrakastaren ardatza, enpresa sortu zenetik (1932). Elkarri akoplatzen zaizkion plastikozko blokeak 1958an hasi zen egiten Lego; ordura arte, zurezkoak egiten zituen. Ez da ibilbide samurra izan. Ole Kirk Christiansen arotzak sortu zuen enpresa, Danimarkako Billund hirian, eta garbi asko erakusten du nola gainditu behar diren krisiak eta nola irten behar den sendotuta haietatik.
Egun, Coca-Cola, Apple, Disney edo Google bezain marka ezaguna da Lego. Duela hamarkada bat, ordea, kinka larrian egon zen. Iraultza digitalak eraman zuen Lego ataka estu horretara.
Ordura arte, hazkunde jarraitua izan zuen enpresak. Hiru belaunalditako milioika neska-mutikok gozatu zuten Legoren jostailuekin (dibertigarriak eta hezigarriak), eta enpresak ez zuen gorabehera handirik izan tarte horretan. Bere parke tematiko propioak egitera ere iritsi zen Lego. Ezin hobeto zihoan negozioa.
Porrot-arriskua, eta berriro sustraietara
199oeko hamarkada iristean, bideojokoak nagusitu ziren haurren entretenimendu-eremuaz, ordura arte enpresa eskandinaviar hori jaun eta jabe izan zuenaz, alegia. Dibertsifikazio aldakorreko aro bati ekin zion enpresak. Negozio-eremu asko jorratu nahi izan zituen Legok: haurrentzako arropa, erlojuak, serieak..., eta denek egin zuten porrot.
2004an, hondoa jo zuen enpresak. Zenbaki gorriek itota zeukaten Lego. Baina orduan iritsi zen aldaketa ere. Zenbait produktu eta jende bazterrera utzi zituen enpresa sortu zuen Kjeld Kirk Kristiansen haren bilobak. Garai gogorrak ziren haiek. Egoera hartan zeudela, McKinsey enpresako aholkulari izandako bat azaldu zen (Jorgen Vig Knudstorp), eta adreiluetara itzuli behar zela erabaki zuen. Jatorrira itzultze huraizan zen bigarren oparoaldirako abiapuntua. Soiltasuna, arrakastarako bide.
Merkatura berrira egokitu zen Lego, ongien egiten zekiena eginez: elkarri lotzen zaizkion plastikozko blokeak. Salmentak % 25 igo ziren, eta2012an, Legok aurrea hartu zion Matteli, eta munduko jostailu-ekoizle nagusi bihurtu..
Etengabeko berrikuntza
Zenbaitek dioenez, Legoko 80 bloke daude, biztanleko, munduan. Arrakasta itzela, zinez; baina ez dira haurrak erosle bakarrak. Izan ere, haurtzaroa koloretako adreiluhaiekin igaro zuten helduak ere bereganatu egin ditu Danimarkako jostailu-enpresa horrek.
Baina hasi besterik ez zen egin teknologien eta XXI. mendearen beste mehatxu batzuen aurkako borroka. Boterea berreskuratuz geroztik, berriro ere hedatzeari eta hazteari ekin zion Legok, eta arrakastaz, gainera. Ikusi besterik ez dago bideojokoen alorrean egiten duena (Harry Potter, Batman, El Señor de los Anillos...). Etengabeko berrikuntza, arrakastaren ardatz.
Azken urteotan, hau guztia plazaratu du Legok: film bat, ikasleentzako berrikuntza-lehiaketak (First Lego League), Star Warsi buruzko produktu-lerro bat…, eta zenbait fabrika berri egin ditu. Osasun bikaina du, gaur egun, Lego kulturak, baina ez da bertan gozo geratu garai batean zurezko jostailuak egiten zituen enpresa hori. Orain, 3D inprimaketaren alorrari ekitekoa da konpainia daniarra. Ikustekoa izango da nola lehiatzen den gailu mugikorrek "menderatzen" duten gure gizarte honen aurka. Ba al dago, izan ere, Lego bat ordezka dezakeen ezer?