Euskaltel bloga. Isabel, urte emankorra izan zen 2017a, nobedadez betea. Guztietatik, zein hautatuko zenuke?
Isabel Canales. Guztietatik bat? Bueno, iaz egin genituen gauzetatik, bereziki harro gaude WiFi-a Oporretan produktuaz. Bezeroei entzutetik, haiek ezagutzetik eta haientzat lan egitetik sortu zen; harrituta utzi nahi genituen. Jakingo duzuenez, WiFi-a Oporretani esker, poltsikoan eraman dezakezu internet oporretara zoazenean. Beste era batera esanda, hainbat giga oparitzen dizkiegu bezeroei, normalean baino datu gehiago gastatzen dituztenerako. Hartara, ez daukate tarifa garestiagoren bat hautatu beharrik oporretan konektatuta egoteko.
Gainera, oso zerbitzu erraza eta intuitiboa sortu dugu, aplikaziotik aktiba daitekeena, eta irekia: MiFi bat baduzu, familia osoarekin parteka dezakezu Internet... Urte ona izan zen, bai, nobedadez josia, baina niri horixe gustatu zitzaidan bereziki. Beharbada, etxean ataka batetik baino gehiagotatik atera gaitu.
E.B. Koldo, nobedade horiek oinarri harturik, Euskadin hazten jarraitzen dugu, eta 2017an, gainera, taldea ere handitu egin zen...
Koldo Unanue. Oso pozik gaude, bai, Euskaltelek gora egin baitzuen iaz, bai bezero-kopuruari badi diru-sarrerari dagokienez, oso urte zaila izan arren, lehiakideen presio handikoa. Negozio-lerro guztietan hazi ginen: aurreko urtean baino bezero gehiago ditugu Interneten, mugikorrean eta telebistan. Poz handia ematen du ikusteak bezeroek konfiantza dutela gugan, balioesten dutela egiten duguna. Oso gustura gaude.Horrez gain, beste urrats garrantzitsu bat ere egin zuen iaz taldeak: Euskaltel marka Euskaditik kanpora hedatzeko lehen pausoak. Laster, Nafarroan ere jardungo gara, telekomunikazio-eskaintza orokor bat eginez eta Euskaltelen zerbitzu-kalitatea emanez.
Euskaltel taldeak, berriz, aurrera jarraitzen du: Asturiasko Telecable bere proiektura bildu du, lehenago Galiziako R erakarri zuen bezala. Zalantzarik gabe, hobetzen lagunduko digute haien energiak eta esperientziak.
E.B. Eta 2018an ere hazten jarraituko al dugu?
K.U. Dudarik gabe. Egiten dugun horretan sinesten dugu; horregatik ditugu helburu hain handiak. Aurten, bezero partikularren merkatuan jarraitu nahi dugu hazten, baina enpresaren alorrean ere bai; hori dela eta, esfortzu handia egin dugu enpresetarako soluzio-eskaintza berri bat prestatzeko.
E.B. Azalduko al dizkiguzu soluzioak?
K.U. Gure helburua da enpresa-sektoreko gure bezeroentzat partaide egokia izatea, entzuten dien eta hobetzen laguntzeko soluzio pertsonalizatuak sortzen dizkien partaide bat. Bestalde, teknologia eskaintzen diegu prozesuak optimizatu eta produktu hobeak egin ditzaten. Azken batean, eragin positiboa izan nahi dugu gure bezeroen emaitza-kontuetan.
Zerbitzu horien artean daude, besteak beste, zibersegurtasuna eta zenbait ekipamenduren birtualizazioa (telefonoguneak, zerbitzariak, suebakiak...). Lehen, enpresek arduratu behar izaten zuten ekipamendu horietaz, eta buruhauste latzak eragiten zizkieten, inbertsio handiak, mantentze-lanak eta abar egin behar izaten baitzituzten. Orain, hodeian eskaintzen ditu Euskaltelek zerbitzu horiek, eta enpresek ez dute inongo inbertsiorik egin behar: jasotzen duten zerbitzua besterik ez dute ordaintzen, hilero. Oso harrera ona ari zaizkie egiten enpresak nobedade horiei, eta espero dugu 2018an lagungarri izango zaizkigula merkatu horretan hazteko.
E.B. Isabel, aurreratuko al dizkiguzu aurtengo nobedadeetako batzuk?
I.C. 4K deskodetzailea izan zen 2017ko produktu nagusietako bat, baina hasi besterik ez da egin oraindik, eta 2018an etekin handia atera nahi diogu: hobetu egingo dugu haren erabilgarritasuna, eta funtzionalitate berri batzuk erantsiko dizkiogu; adibidez, Netflix-en aplikazioa, hori noiz eskuratuko zain baitaude bezero asko eta asko.
Euskaltel Life nobedadeak ere emango du zer esanik, hari esker gauza asko egin baitaitezke etxean, mugikorreko aplikazio batetik eta sentsoreak edo kameraz jarriz ateetan eta abarretan. Esate baterako, mugikorraren bidez jakin dezakezu zertan diren gauzak etxean, seme-alabak ikastetxera iritsi diren jada..., eta zure maskota ere ikus dezakezu. Etxetik kanpora zabiltzanean, lasaitasuna emango dizu zerbitzu horrek; etxean zaudenean, berriz, erostasun handiagoa.E.B. Teknologia berriak hedatzen ez ezik, telekomunikazio-zerbitzuak hobetzen ere ari gara... Giga gehiago beharko al ditugu?
I.C. Giga gehiago! Ia-ia mantra bat da esaldi hori gure taldean. Etengabe ari gara hobetzen mugikorrak: bilakaera teknologikoa, estaldura hobea, minutu gehiago, giga gehiago. Izugarrizko abiadan ari dira aldatzen mugikorrak, eta lasterketaren buruan ibili nahi dugu guk. Horregatik, urtarrilaren 22an hobetu egin ditugu gure tarifarik arrakastatsuenak; bestalde, bezeroek gehien aldarrikatzen duten eskari bati erantzuteko egin dugu hobekuntza aipagarrienetako bat: giga gehiago!
E.B. Hona galdera zail samar ba, Koldo: egia al da bezero berriak hobeto zaintzen ditugula betikoak baino? Hala esaten digute behintzat...
K.U. Bueno, denentzat berberak dira produktuak, bai eta zerbitzuaren eta mantentze-lanen kalitatea ere. Egia da ongietorriko sustapen bat eskaintzen zaiela bezero berriei, baina denok izan gara bezero berri noizbait, eta denok baliatu ditugu eskaintza horiek.
Hortik aurrera, ekipamenduaren tipologiari dagokionez, adibidez, batzuetan antzinatasun handieneko bezeroengana jo ohi dugu, "leialenengana", eta haiei eguneratzen diegu ekipamendua beste inori baino lehenago. Esate baterako, aurten 4K deskodetzailea ari gara eskaintzen bezeroei deskodetzaile zaharraren truke, edo WiFi AC kable-modema lehendik zeukatenaren ordez. Saiatzen gara nobedade- eta abantaila-eskaintza orekatua egiten bai bezero berriei (ongietorriko sustapenak) bai lehendik bezero ditugunei (ekipamendua).
E.B Isabel, galdera hau ez badizugu egiten, negatibo asko jarriko dizkigute sareetan... Egiazki entzuten dugu bezeroek esaten digutena? Egiten al diegu kasurik?
I.C. Entzuten saiatzen gara, horretaz ez izan zalantzarik. Telefonoa, posta elektronikoa, sare sozialak..., denaren jarraipena egiten dugu. Eta enpresaren barruan informazio hori partekatzen dugu, bezeroei lehenbailehen erantzuteko. Operadore hurbila gara, ikasteko eta hobetzeko bezeroari entzuten diona.
Jendeak zer eskatzen duen ulertzen eta jakiten ahalegintzen gara, gero gure zerbitzuetan txertatzeko eskari horiek. Eta entzuten saiatzen garenez, ahaleginak eta bi egiten ditugu gurekin harremanetan jartzea erraza izan dadin. Gure dendetan, adibidez, ekipamendua jarri dugu jendeak adieraz dezan zer nolako arreta jaso duen.
K.U. Horrez gain, inkestak egiten ditugu ia interakzio guztietan. Sarri galdetzen diogu jendeari gogobetetasun-mailaz. Egokiro artatu nahi dugu bezeroa gure dendara edo webgunera sartzen denean, gure faktura bat jasotzen duenean..., bai eta egoerarik okerrenean ere, hots, matxuraren bat izaten duenean.
E.B. Alegia, positiboa dela balantzea…
K.U. Bezeroek beren operadoreez egiten duten balorazioetatik, gurea da altuena; hala eta guztiz ere, geroz eta gehiago eskatzen dute bezeroek, gurean eta negozio guztietan. Gure helburua hau da: bezeroarekiko feedbacka ziurtatzea, hori inoiz ez galtzea.
Saiatu gara, halaber, kanal guztiak homogeneizatzen, ikuspegi batetik baino gehiagotatik sendotu dadin bezeroen iritzia. Lehen, batzuek call centerretik jasotzen zuten feddbacka; beste batzuek, dendetatik, foroetatik.... Orain, aldiz, mahai gainean ari gara jartzen informazio guztia, bezeroen iritziez ikuspegi osoa izatearren.
I.C. … Bezeroa, ardatz. Lehen, informazio estankoagoa geneukan kanal bakoitzean; orain, berriz, ikuspegi orokorra nahi dugu. Izan ere, bide askotatik iristen da bezeroarekiko interakzioa: batek deitu egiten du, beste bat dendara etortzen da, halakok gutun bat idazten du... Eta azkar erantzuten ahalegintzen gara; geure DNAn daramagu hori, horrek bereizten gaitu.
E.B. Amaitu aurretik, zuen erabiltzaile-sena ere ezagutu nahi genuke. Zein aplikazio gustatzen zaizkizue gehien? Zuk, Isabel, zein duzu gogokoena?
I.C. Aplikazio jakin bat baino gehiago, Pinteresten edukia interesatzen zait, sare sozialen tankera handiagoa du eta. Mezularitza-, prentsa- eta banka-aplikazioak ere erabiltzen ditut, besteak beste, baina Pinterest aurkikuntza oso interesgarria izan da niretzat.
E.B. Eta zuk, Koldo?
K.U. Nahiko klasikoa naiz. WhatsApp erabiltzen dut, banka-aplikazioak, burtsaren jarraipena egitekoak, Amazon mugikorretik ere... Aplikazio musikal batzuk ere erabiltzen ditut (Shazam...), kantuak identifikatzekoak, Twitter, irakurtzekoak eta, noski, kiroletakoak.
E.B. Baina, Koldo, telebistazale amorratua zara zu, ezta?
K.U. Asko gustatzen zait telebistaren mundua, oso dibertigarria da... 4K deskodetzaileari eta aldez aurreko zerbitzuei esker, erabat bat ari da aldatzen kontsumoa. Aldatzen ari da mugikorreko datuen kontsumoa, lehenago aipatu duzuenez; telebistan, berriz, askoz handiagoa da aldaketa, ez kontsumoari baizik eta kontsumitzeko erari dagokionez, oso bestelakoa baita gaur egun. Jendea alde batera ari da uzten telebista kanalez kanal ikusteko ohitura, zapping eginez alegia, eta liburutegien munduan ari da sartzen, bai Premium produktuetan bai telesail osoetan. Izugarria da aldaketa, eta negozio askori eragingo die, publizitateari, hedabideei... Operadoreok ari gara eraldaketa hori sustatzen; zehazki, Euskaltel, zeina telebistan ere lider baita. Dibertigarria da, eta desafio handia, horrelako erabilerak prestatzea eta, ondoren, bezeroek haiek ezagutzea.
E.B. Eta, sareei dagokienez, noren jarraitzaile egitea gomendatzen diguzue?
K.U. Asko gustatzen zait nazioarteko albisteen jarraipena egitea. Eta idazle eta kazetari den Mikel Ayestaran herrikidearen txioak nahiko interesgarriak izan ohi dira.
E.B. Zu, Isabel, jo eta su arituko zara sare sozialetan…
I.C. Bai; Twitterren, alerten eta abarren jarraitzailea naiz, baina ez daukat inongo gururik. Albisteen jarraipena egiten dut, sektorearena, dibertigarri zaizkidan gauza pertsonalena...