Digitalizazioa funtsezko tresna da ekonomiaren lehiakortasuna bultzatzeko. Haren garrantzia kontuan hartuta, Javier Franco Euskalteleko Enpresetako Marketineko zuzendariarekin hitz egin dugu; eraldaketa digitalak Euskadiko enpresa-ekosisteman duen egoera, gakoak eta kostuak azaldu dizkigu xehetasunez. Alderdi horrekin lotura estua duten bestelako kontzeptu garrantzitsu batzuez ere aritu da, hala nola zibersegurtasunaz eta adimen artifizialaz.

Orainaz ari garela, zer egoeratan gaude hemen, Euskadin, enpresen eraldaketa digitalari dagokionez?

Urte asko daramatzagu enpresen eraldaketa digitalaren kontzeptuaz hitz egiten. Kontzientziazio-lan bat egin zen, eta merkatuaren eskakizunetara egokitu ziren enpresak; hau da, merkatuan lehiatzeko aukera ematen duen digitalizazioa.

Gainera, digitalizazioa etengabeko prozesu bat da. Enpresek teknologia izan behar dute oinarri beren negozio-prozesuak efizienteagoak izan daitezen baliabideen erabilerari dagokionez.

Nabarmentzekoa da digitalizazioa fidelizazio-elementua ere badela, enpresa batek zerbitzuak hornitzen baitizkie integrazio digitaleko maila jakin bat eskatzen duten bezeroei, eta horrek ahalegina eta inbertsioa eskatzen ditu.

Beste zer alderdi hautematen da Euskadiko enpresetan?

Enpresei asko kostatzen zaie digitalizazioa.

Pentsa daiteke teknologia garestia dela, baina teknologiaren prezioa gero eta arrazoizkoagoa da.

Hala, esperientzia interesgarria daukagu Kit Digitalarekin. Gobernuaren ekimen bat da, eta Europar Batasunaren funtsekin finantzatzen da: Euskaltel ekimen horretako eragile digitalizatzailea da, eta doako teknologia eskaintzen zaie ETEei. Hor ikusi genuen enpresek ez zutela integratu teknologia uste genuen indarrarekin.

Enpresa jakin batek behar duen inplementazioa hartu behar da kontuan, eta, horretarako, negozio hori ongi ezagutzen duten pertsonak behar dira. Ez da nahikoa teknologiako aditu baten lanarekin; erakundearen negozioa ezagutzen duen aditu baten lankidetza ere beharrezkoa da.

Ahalegina egiteko eta ahalegin hori eguneroko lanarekin uztartzeko prest egon behar da. Gainera, ez bada digitalizatzen, akabo. Teknologia bilakatuz doa, baita haren ingurunea ere, eta behin eta berriro pentsatu behar dugu nola aldatu gure prozesuak.

Kostuen alderdiak garrantzi handia du. Hala ere, ulertzekoa denez konpainia ugariren kezka-iturri den alderdi ekonomiko hori nola edo hala demokratizatzen ari da.

Bai, berezko prozesua da hori. Teknologiak sortu berritan garestiak izaten dira, eta ordaintzeko aukera duten konpainia handiak hasten dira haiek erabiltzen. Gutxika-gutxika, kostuak murrizten joaten dira, eta teknologia horiek ordaindu ditzaketen enpresen tamaina ere bai.

Hitz egin dezagun orain adimen artifizialaz. Zer aldaketa uste duzu izango dela haren garapenean?

Digitalizazioaren eta adimen artifizialaren arteko lotura azalduz hasiko naiz.

Digitalizaziorako aukera ematen duen teknologiak nire enpresan gertatzen ari denari buruzko datu egituratuak eman diezazkidake: salmenta- eta fabrikazio-prozesuari eta bezero-arretari buruzkoak, adibidez. Negozio-erabaki hobeak hartzeko aukera ematen didan informazio bihurtu ditzaket datu horiek.

Hala, lehenengo etapa da datu horiek guztiak gordetzea; bigarrena da modu bisualean adieraztea, erabaki-hartzaileak uler ditzan; eta hirugarren etapan agertzen da AA, datuetan gordeta dauden patroiak aurkitzeko. Gertatu zenari buruzko datu horietan oinarrituta, gertatuko dena aurresaten ikas dezakegu.

Laburbilduz, digitalizazioari esker ditugun datuetan oinarrituta eraikitzen diren eredu prediktiboak dira.

AAren beste alderdi bat ere indar handia hartzen ari da orain: adimen artifizial sortzailea. Paradigma-aldaketa zirraragarria da, edozeinek hitz egin baitezake eta interakzioan aritu baitaiteke AA horrekin. Beraz, esploratzeko unean gaude, eta gaitasun berri horrek produktiboagoak izaten nola lagundu diezagukeen ikasi behar dugu.

Mehatxuei, aipatzen diren arriskuei... buruzko zalantza eta kezkak. Zer plan egokitu daitezke, eta enpresek nola egin diezaiokete aurre horri guztiari?

Uste dut guztiok gaudela apur bat estresatuta, oso ongi ulertzen ez dugun zerbait ikusten dugulako. Enpresetan, kezka gehigarri bat dugu: ez bagara ongi aplikatzeko gai eta gure lehiakideak bai, egoera zaila izango dugu merkatuan.

Baina, nire ustez, digitalizazioaren eta AAren arriskua da zaurgarri egiten gaituela: teknologiek huts egiten dutenean, gure negozioak geratu egiten dira. Horregatik, oso garrantzitsua da enpresek arriskuak aztertzea, neurriak hartzea eta aurrera egiteko aukera emango dien kontingentzia-plan bat edukitzea.

Zibersegurtasunak ere zaurgarri egiten gaitu. Hala ere, uste dut mendearen une honetan enpresak dagoeneko jabetu direla zibersegurtasuna arazo handia dela, eta hartaz arduratzeak kostu ekonomikoa duela.

Zibersegurtasunaren alorreko kostu espezifikoez arituko gara orain.

Gerta daitekeen onena da ez igartzea zibersegurtasuneko neurriak dituzunik, ez delako ezer gertatu. Horregatik, badirudi balioa ez dela agerikoa. Zure negozioari eragiten dion arazoren bat duzunean baino ez da agertzen. Errazagoa da argiago ikusten diren alderdietan inbertitzea.

Baina zibersegurtasunaren eremuan babesa izateari ere bideratu behar zaizkio baliabideak, bestela enpresak porrot egiteko arriskua baitu. Gehiegizkoa dirudi, baina estatistika batzuen arabera, zibersegurtasunaren alorreko arazo bat duten ETEek porrot-tasa oso altua dute; hau da, ez dute denbora askoan irauten.

Euskaltelek zer soluzio eskaintzen dizkie euskal ETEei eraldaketa digitalaren esparruan?

Lan handia egiten dugu demokratizazio-prozesua aurrera eramateko eta hasiera batean enpresa handienetan hasten diren teknologiak enpresa gero eta txikiagoetara eramateko.

Telekomunikazioetako operadore gisa sortu ginen, eta enpresa batek bere digitalizazioa aurrera eramateko azpiegitura nagusia komunikazioak dira. Ahalegin izugarria egin genuen prestazio onenak dituen eta Euskadiko ETE gehienetara iristen den zuntz optikoko sarea zabaltzeko.

Sare mugikorrari dagokionez, inbertitzen eta aurrera egiten jarraitzen dugu, gaitasun onenak (barne dela 5G teknologia) eta merkatuko mugikor-estaldura onena izateko.

ETEetarako soluzioen proposamenak diseinatzen ditugunean, erredundantzia-elementuak sartzen ditugu, komunikazioek ez diezaioten hutsik egin enpresari unerik txarrenean.

Bestalde, zibersegurtasuneko tresnak txertatzen ditugu; digitalizazioko aditu bat ere izaten dugu haiek inplementatzen laguntzeko, eta AA sortzailea bilatzen dugu. ETEentzako proposamenaren barruan, progresiboki mota horretako AA sartzen ari diren Microsofteko tresnak ditugu.

Badago eraldaketa digitalaren alderdi guztiak barne hartzen dituzten enpresentzako tresnarik?

AA sortzaileaz gainera, hodeiko zerbitzuen proposamen interesgarri bat dugu. Oinarrizko azpiegitura baten antzeko zerbait dira, eta ETEek beren aplikazioak erabil ditzakete haietan bermatuta, gutxieneko zerbitzu-berme batzuk betetzen direla jakinda.

ETEei zerbitzua ematen dieten enpresa teknologiko txiki ugariak arduratu daitezke pertsonalizazioaz.

Datuen ustiapenari dagokionez, horretan espezializatutako atal bat dugu enpresen sailean. Esperientzia erreplikagarriak eskuratzearen poderioz, kostuak egokitu ditugu, eta, dagoeneko, tamaina ertaineko enpresa batzuk mota horretako proiektuak ordaintzen ari dira, errentagarriak iruditzen baitzaizkie.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzako gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo, formulario honen bidez, jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin. Eta zaharrak berri esanez ez ibiltzeko, jarraitu iezaguzu LinkedInen.