4.0 industriarako errealitate hedatuan eta errealitate birtualean oinarritutako soluzioak garatzen liderra da Innovae enpresa. Enpresa horretako CEOak, Pablo Ayalak, Euskaltelen 2023ko Jardunaldi Teknologikoetan parte hartu du. Errealitate hedatuko teknologia horien aplikazio praktikoei, onurei eta erronkei buruz hitz egin dugu harekin, eta azaldu digu zenbateraino diren bateragarriak indarra hartzen ari diren beste teknologia batzuekin, hala nola adimen artifizialarekin.

  • Azalduko al diguzu zer diren eta praktikan nola aplikatzen diren errealitate areagotua eta errealitate birtuala teknologiak?

Bi teknologiek aukera ematen diete erabiltzaileei elementu birtualekin elkarreraginean aritzeko, askotariko zerbitzuak edo esperientziak eduki ahal izateko.

Errealitate areagotuaren kasuan, mundu errealeko elementuak elementu birtualekin konbinatzen dira, ingurune fisikoan informazio digitala gainjarriz. Smartphone, tableta edo betaurrekoen bidez esperimentatu daiteke, edozein lan egiten ari zarela eta edozein tokitatik. Teknologia horren aplikazio nagusiak landa-lanetarako laguntza, produktuen bistaratze hobetua eta probaleku birtualak dira, besteak beste.

Errealitate birtualean, erabiltzaileak ingurune guztiz birtual batera eramaten dira, eta han murgildu eta elkarreraginean aritu daitezke. Errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz egiten da. Betaurreko horiek jantzita, ordenagailuz sortutako ingurune batean murgiltzen da erabiltzailea. Prestakuntzarako eta aisialdirako erabiltzen dira batez ere.

  • Eta zer onura ekar diezazkiguke horrek enpresan? Nola bultzatzen dituzte eraginkortasuna, prestakuntza eta lankidetza lan-ingurunean?

Frogatuta dago errealitate hedatuko teknologiek onura handiak ekartzen dizkietela enpresei eraginkortasunari dagokionez; izan ere, industria-inguruneetan, adibidez, matxurak diagnostikatzeko eta konpontzeko denbora asko murrizten dute, eta, hala, produktibitatea handitzen; urruneko laguntza teknikoa ere hobetzen dute, joan-etorrien beharra murrizten baitute —eta horrek, aldi berean, kostuak aurreztea dakar—; prestakuntzaren ikuspegitik, berriz, ezagutza digitalizatzeko aukera ematen dute, eta, hala, giza baliabide gutxiago erabiltzen dira, akatsak murrizten dira, eta eginkizunetan zehaztasuna areagotzen da.

Pablo Ayala: "Errealitate hedatuko teknologiek askoz eraginkorragoak egiten dituzte enpresak"

  • Zer behar da horrelako soluzioak enpresetan ezartzeko? Zein izango litzateke lehen urratsa? Zure ustez, euskal enpresek badakite zer abantaila ekar diezazkieketen?

Teknologia horiek enpresan aplikatzeko erabilera-kasu asko daude.

Esperientziak erakutsi digunez, beste enpresa batzuek inplementatutako soluzioak ikusten dituztenean jabetzen dira enpresa asko horrelako soluzioek beren enpresetan izan ditzaketen onurez. Beraz, lehenengo pausoa litzateke aplikazio eta arrakasta-kasu horiek ezagutzea eta barne-diagnostiko bat egitea, beren erabilera-kasua diseinatzeko.

Gure inguruko enpresa askok dagoeneko probatu dituzte teknologia horiek, eta ezagutzen dituzte, baina oraindik asko egin daiteke teknologia horiek duten ahalmen izugarria baliatzeko.

  • Azaldu iezazkiguzu teknologia horiek arrakastaz inplementatu diren kasu batzuk.

Automobilgintzaren sektorean, hainbat proiektu arrakastatsu egin ditugu, eta horrek kostu asko aurreztea ekarri du.

Adibidez, txapa estanpatzeko enpresa batekin, betaurreko batzuen bidez, kalitatea kontrolatzeko prozesu osoa digitalizatu dugu —kalibre handia erabiltzen da prozesu horretan—.

Aditu batek ordu-erdian egiten du prozesu hori, eta astebeteko prestakuntza behar du horretarako. Gainera, errotazio handiko lanpostua da, eta, beraz, sarri egin behar izaten dira prestakuntza-prozesuak.

Inplementatu dugun errealitate areagotuko soluzioari esker, lortu dute bigarren kalibratzetik aurrera exekuzio-denbora optimoa izatea eta akoplamendu-denbora %95 baino gehiago murriztea.

Errealitate birtualari dagokionez, nabarmentzekoa da urte-hasieran Nippon Gasses bezeroarentzat inplementatu dugun proiektu arrakastatsu bat.

Prestakuntza-simulagailu bat garatu zen, zisterna-kamioien txoferrei erakusteko nola erabili behar duten bonba kriogenikoa gas likidotuak zentraletik zisternara eramateko.

Prozesu konplexua eta korapilatsua da, eta, beraz, langile horiek ingurune errealista eta seguru batean prestatzeak asko lagundu dio gure bezeroari.

  • Hitz egin dezagun azkenaldian gehien aipatu den teknologietako bati buruz: adimen artifiziala. Zer eragin izango du enpresetan AA erabiltzeak? Badago interakziorik edo osagarritasunik errealitate areagotuko edo errealitate birtualeko soluzioekin?

Informazioa kontsumitzeko modu berri batean murgilduta gaude, gailu berriei esker; errealitate hedatuko betaurrekoek, adibidez, teknologiarekin modu naturalagoan erlazionatzeko aukera ematen digute.

Zalantzarik gabe, adimen artifizialak indartu egingo du gauzak egiteko modu berri hori. Epe ez oso luzean, adibidez, errealitate birtualeko inguruneak adimen artifizial sortzaileekin sortu ahal izango dira, kalitate oso onarekin.

Gaur egun, hiru dimentsioko modelatzea eta inguruneak sortzea artisau-prozesuak dira, eta 3D artistek urratsez urrats sortu behar dituzte.

Pablo Ayala: "Epe ez oso luzean, errealitate birtualeko inguruneak adimen artifizial sortzaileekin sortu ahal izango dira, kalitate oso onarekin".

Bestalde, inguru horietan ohikoa da abatar batek egitea kasu, baina abatar guztiek ez daukate gizakiak izan beharrik, ezta? Laster ikusiko dugu nola adimen artifizialek lagunduko diguten ingurunean moldatzen, eta nola erakutsi ere egingo diguten…

Egiten ditugun proiektu batzuetan, teknikariei aukera ematen diegu eginkizun zailetarako errealitate areagotua erabiltzeko, zer egin behar duten urratsez urrats ikusteko.

Duela urte batzuetatik, sartzeko interfaze bat bakarrik ez, gehiago eskatzen digute. Eskatzen digute, adibidez, prozesu adimendunen bidez zehazteko langilea arrisku-egoeraren batean dagoen, edo lana behar bezala amaitzen ari den, hura babesteko eta prozesuan gerta daitezkeen giza akatsak ezabatzeko.

Teknologia horiek guztiek elkarreraginean jardungo dute, argi daukagu, eta, guztien baturari esker, askoz gaitasun handiagoak izango ditugu.

  • Zer erronka nagusi dituzte errealitate areagotuak eta errealitate birtualak etorkizunerako? Zer lortu da eta zer dago egiteko?

Pixkanaka, teknologia horiek gero eta ohikoagoak izango dira gure eguneroko bizitzan, eta gero eta arazo eta erronka gehiago konpontzeko erabiliko dira.

Ez da izango hazkunde azkar bat, bere garaian smartphonearena izan zen bezalakoa, baina, teknologia hauek erabiltzeak nolako abantailak dakartzan kontuan hartuta, pixkanaka inplementatu egingo dira hainbat sektoretan, haien artean aisialdian, bideojokoetan, prestakuntzan, eta sozializatzeko edo lanerako espazio birtualetan.

Sektorearen erronka nagusiak gailuen prezioarekin eta software-soluzioen kalitatearekin lotuta daude. Orain arte egin den bidean frogatu dugu teknologia hauek abantaila asko dituztela,

eta etorkizuneko erronka nagusia izango da pertsonen eta enpresen eguneroko arazoak konpontzeko erabiltzea, ez daitezen noizbehinka erabili, egunerokoan baizik.