Badakizue 2021ean 4.000 milioi euro baino gehiago inbertitu zirela publizitate digitalean Espainian bakarrik? Aurreko urtearekin alderatuta, %30etik gorako igoera. Datu horrek garbi erakusten du enpresak buru-belarri ari zaretela jarduera horretan, errentagarritasun eta eraginkortasun handia eskaintzen baitu.
Hala, etengabeko aldaketa eta eraldaketa bizi ditugun garaiotan, publizitate digitala ere egokitu eta eguneratu egin da helburu nagusia lortzeko: erabiltzailearengana iristea.
Hurrengo lerroetan, publizitate-merkatu digitalean egun ageri zaizkigun joera nagusietako batzuk jorratuko ditugu.
Influencerren marketina
Influencerren marketinak sasoi bete-betean jarraitzen du. Hau da, pertsona ezagunak kontratatzen dira produktu baten publizitatea egiteko; horrek aintzatespena eta komunitatea sortzen ditu.
Zailena zera da, zuen produktuari lotu nahi diozuen influencer egokiarekin asmatzea. Baina, horretan, hainbat agentzia espezializaturen laguntza eskuratu dezakezue. Izan ere, influencerrek eboluzionatu egin dute eta profesionalizatu egin dira; orain, beren irudia jartzeaz gain, eduki-sortzaile ere badira kasu askotan, edo denda birtualen kudeatzaile. 2021eko urtarrilaren 1etik, bada jokabide-kode bat publizitatean influencerrak erabiltzeari buruz.
Emozioetara jotzea
Publizitate emozionalak gehiago eta hobeto konektatzen du publikoarekin. Hurbiltasun- eta konfiantza-sentimendua sortzen du, eta, horri esker, begi hobez begiratzen diogu marka jakin bati. Gaur egun, gustukoak ditugu nostalgiarekin, afektuarekin, hurbiltasunarekin, elkartasunarekin edo ametsekin lotzen ditugun iragarkiak.
Gainera, kanpainetako protagonistei aurpegia eta izen-abizenak ipintzeak hurbildu egiten du marka kontsumitzaile potentzialarengana.
Istorio bat kontatzea
Publizitate digitalean, bada pil-pilean den beste joera bat ere: storytelling edo istorioak kontatzea.
Kontakizunek elkartu, inspiratu eta motibatu egiten dute, eta oso modu eraginkorra dira komunitatea sortzeko. Bide batez, garrantzitsua da istorioak interesa piztea, baina baita enpresaren irudi eta nortasun korporatiboarekin koherentea izatea ere.
Live Shoppinga
Zuzenean grabatutako bideoak ditu oinarri, eta produktuari edo zerbitzuari buruzko informazioa entretenimendu-ukituekin konbinatzen da, erabiltzailearentzat erakargarria izan dadin. Bat-batekoak, naturalak eta sinesgarriak izatea da asmoa.
Gamifikazioa
Bitxia eman dezake, baina ukitu ludikoa emateak eta ia-ia joko gisa bideratzeak zerikusi handirik ez duten produktu edo zerbitzuen iragarkiak pertzepzio positiboagoa sortzen du erabiltzaileen artean.
Bideoa da nagusi
Formatu digital guztien artetik, bideoak jarraitzen du txapeldun. Gai dira erabiltzaileen arreta erakartzeko, eta entretenitu edo informatu egiten dute –behar duzunaren arabera–, hamaikatxo aukera eskaintzen baitute. Aholku bat: laburrak, originalak eta kalitate onekoak izan behar dute, baina ez onegiak ere, erraz samar ikusi ahal izateko.
Irismena esponentzialki biderkatzen da kanpaina hainbat sare edo kanaletan aldi berean egiten baduzue, baina ez ahaztu egokitu egin beharko litzatekeela, plataforma bakoitzaren ezaugarrien eta erabiltzaile-motaren arabera.
Bideoekin batera, areagotzen ari da bideoak baliatzen dituzten plataformen ospea ere, hala nola TikTok (hilean 690 milioi erabiltzaile aktibo inguru ditu mundu zabalean) edo Instagrameko Reels bideoak (gero eta enpresa gehiagok jotzen dute haietara beren produktuak zabaltzeko, batez ere publiko gazteari zuzenduta badaude).
Podcastak sortzea
Ederki ari dira funtzionatzen, edukien kalitate eta espezializazio-maila handiagoaren eraginez. Markaren oroitzapena beste formatu batzuekin lortzen dena baino handiagoa da, eta podcastetako iragarkiek ere gehiago konbentzitzen dute.
Gainera, egungo mugikortasun-eredua eta zenbait euskarritan erreproduzitzeko aukera direla eta, formatu ezin hobea da nonahi kontsumitzeko, dela joan-etorrietan, dela esperoan zauden bitartean.
Afiliazio-programak
Zaila da bezero bat lortzea, baina are zailagoa gordetzea. Gaur egun, gainerako marketatik bereizten zaituzten zerbait eskaini behar diozue erabiltzaileari: pertsonalizazio handiagoa, interes edo premia zehatzetarako orientazio handiagoa. Ildo horretan, bezeroen afiliazio-programak ezin hobeak dira abantaila bereziak eskaintzeko, komunitatea sortzeko eta harreman arina eta bizkorra izateko.
Agertoki berriak: errealitate birtuala eta metabertsoa
Era berean, aukera berriak ere agertu dira, hala nola errealitate birtuala eta metabertsoa. Espazio digital birtual horretan, iragarkiak errealitate areagotuko betaurrekoekin ikusteaz gainera, beste hainbat aukera ere izango dituzu, hala nola erosketak egin, bidaiatu edo kontzertu batera joan. Dagoeneko marka batzuk ari dira kanpaina arrakastatsuak egiten.
Telebista konektatua
Telebista konektatua deiturikoak ere –Internetera konekta daitekeen edozein telebista– formatuak eta aukerak aztertzen jarraitzen du. Haren balio nagusiak dira segmentazio zehatzak, mezu pertsonalizatuak eta erabiltzailearekin interakzioan jarduteko gaitasuna, pre-roll interaktiboa edo video in-stream formatuen bidez.
Bestalde, gogoratu behar da aukera handiak eskaintzen dituztela bezeroarengana Branded Content bidez iristeko modu berriek, edo harengana gerturatzen jarraitzeko, publizitateko edo merkataritza elektronikoko formula berrasmatuen bidez.
Aldaketa izugarriak bizi ditugun garaiotan, ez dakigu oraingoz zer eragin izango duen publizitatean hirugarrenen cookieak ezabatzeak, zeina 2023rako baitago aurreikusita.
Eta, amaitzeko, ezin da ahaztu datuen indarra. Egungo plataformek ematen dituzten emaitza estatistikoek, adimen artifizialak eta halako soluzio teknologikoen aukerek mahai gainean ipini dute datuen garrantzia publizitate-kanpainak kudeatzeko orduan.
Kanpainak planteatzeko eta abiarazteko, funtsezkoa da zerk funtzionatzen duen jakitea, ikustea zer iragarkik sortzen duten interakzio eta like gehiago, edo erabiltzaile potentzialen kokapenaren eta adinaren berri izatea.
Ez baita behar inbertsio handirik publizitate-kanpaina eraginkor bat lortzeko: zuen produktuaren eta bezero potentzialen araberako estrategia prestatzea da gakoa.
Eskuratu informazio gehiago enpresentzako gure soluzio teknologikoei buruz, gure buletinean izena emanda edo enpresen arlo komertzialeko taldearekin harremanetan ipinita.