Ez da lantegi erraza startup bat sortzea eta arrakasta izatea, baina ezinezkoa ere ez da. Kontuan izan lana gogor eta etengabe eginda lortuko duzula proiektua aurrera ateratzea. Horrez aparte, badira aintzat hartu beharreko beste zenbait alderdi ere.
- Zer arazo konpondu nahi duzun
Jendeari gustatzea eta zure produktua edo zerbitzua erostea, horra zure negozioaren bideragarritasunaren gakoa. Zure bezero izan daitezkeenen premiaren bat ase behar du zure proposamenak, edo arazoren bat konpondu, edo nahi bat lortzen lagundu. Antzeko eskaintzarik baldin badago lehendik, aztertu zure lehiakideak eta bilatu haietatik bereizteko eta haien eskaintza hobetzeko moduren bat.
- Lantaldearen garrantzia
Enpresa arrakastatsu baten zimenduak, zalantzarik gabe, hauek dira:lankide baliotsuak. Funtsezkoa da lantalde bikaina izatea, gaitasun eta jarrera aldetik ondo hornitua. Izan ere, elkarrekin hartu beharko dituzue erabakiak, eta krisiak eta une zailak gainditu. Horregatik, ezinbestekoa da harreman ona eta irizpide bateratuak egotea enpresaren sortzaileen artean.
- Dirua nondik aterako duzun
Maileguak, diru-laguntzak, aurrezkiak, lagunak, familia... Zure enpresa berria finantzatzeko hainbat modu daude. Zure premien arabera hautatu behar duzu egokiena, edo aukera bat baino gehiagoren konbinazioa egin. Beste aukera bat: oso diru gutxirekin ekin diezaiokezu negozio berriari (bootstrapping deitzen zaio horri), baina hasieran likidezia pixka bat edukitzeak erraztu egiten ditu gauzak. Oso argi izan behar duzu zenbat diru gastatu behar duzun, eta zertan, bai eta nola berreskuratu behar duzun ere.
- Burokrazia, ahalik eta gutxiena
Izapide ugari egin behar izaten dira enpresa bat sortzeko, eta ez da harritzekoa zure onetik irtetea halakoren batean. Garbi baldin badakizu zer urrats egin behar dituzun, denbora gutxiago beharko duzu izapideetarako, eta, paper-kontuak alde batera utzita, zure lanari ekiteko moduan izango zara. Lehenik eta behin jakin behar duzuna: zer forma juridiko eman behar diozun enpresari. Hautaketa horren araberakoak izango dira burokrazia-alorrean eman beharreko hurrengo pausoak. Nolanahi dela ere, hona hemen sozietate-mota guztiek erkide dituzten zenbait urrats:
- Izen bat eskatu Merkataritza Erregistroan
- Interneteko domeinua erosi (aukera ugari daude)
- Eskatzen duten kapital soziala bankuan gordailatu
- Enpresaren estatutuak eta eskriturak idatzi
- IFKa eskatu Zerga Agentziari
- Ondareen Eskualdatzeen gaineko Zergaren likidazioa egin, dagokizun ogasun-ordezkaritzan.
- Merkataritza Erregistroan inskribatu enpresa
Ez zaitzala izutu burokraziak! Zenbat eta azkarrago ekin, orduan eta hobe!
- Ikasi zeure burua saltzen
Aprobetxatu egin behar duzu zure proiektua saltzeko sortzen zaizun aukera bakoitza, dela foro ofiziala, dela informala. Funtsezkoa da, bestalde,networking egokia ere: ekintzaileentzako jardunaldietara joan beharra daukazu, zure enpresa ezagutarazi nahi baduzu. Horretarako, zure proiektua ahalik eta lasterrena saltzen ikasi behar duzu. Ezinbestekoa duzu, hortaz, elevator pitch bat sortzea eta jorratzea. Solaskideari zure proiektuarekiko interesa piztea, hori da garrantzitsuena.
Argixeago ikusten duzu orain proiektua? Hala espero dugu. Orain, ekin lanari eta hezurmamitu zure ametsa!