Biometriak pertsona bakoitzaren ezaugarri fisiko edo portaera bereziak erabiltzen ditu nortasuna egiaztatzeko. Lotura estua du zibersegurtasunarekin, teknologia biometrikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira sarbide fisiko eta digitalen autentifikazioaren edo kontrolaren segurtasuna hobetzeko.

Bulegora sartzeko, laguntzaile birtual bati galdera bat egiteko, ordainketak baimentzeko, gailu elektroniko bat desblokeatzeko... Horietarako denetarako, biometria-teknika aurreratuak erabil ditzakegu.

Biometriak fidagarritasun eta arintasun handia ematen du, eta oso zaila da faltsutzea. Beraz, laguntza handia da zibersegurtasunaren arloan, sektore eta tamaina guztietako enpresentzat.

Biometria-motak

Oro har, bi biometria-mota daude:

  • Biometria fisikoa, gorputzaren bereizgarrietan oinarritua. Adibidez, hatz-marka, aurpegia edo ahotsa ezagutzea edo erretina edo irisa eskaneatzea. Modalitate berritzaile eta sofistikatuenetako bat eskuaren geometria da. Oso erabilgarria da babes- eta segurtasun-maila handia behar duten espazioetarako.

  • Portaera-biometria, erabilera- eta portaera-ereduetan oinarritua. Hemen, tekleatzeko eta sagua erabiltzeko dinamika eta ibileraren analisia ditugu.

Biometria fisikoko nahiz portaera-biometriako teknikek ezaugarri bereziak eta besterenezinak erabiltzen dituzte pertsonak identifikatzeko. Pertsona bakoitzak teklatuan idazteko erritmo bat eta ibilera bereizgarri bat du, eta, ondorioz, teknika horiek oso seguruak dira, eta iruzurra egitea oso zaila da.

Horregatik, biometria asko erabiltzen da zibersegurtasunean gaur egun. Izan ere, askotan, sarbide-txartelak, pasahitzak eta bestelako metodo tradizionalak ordezten (edo osatzen) ditu.

Biometria-teknikak hauetarako erabiltzen dira jada: PCak eta smartphoneak desblokeatzeko, bulegora sartzeko (birtual edo fisikoki), ikuskizun handietara sartzeko, laguntzaile birtual bati galderak egiten dizkiogunean gure ahotsa ezagutzeko, eta banku-transferentziak egiteko.

Biometria zibersegurtasunean aplikatzearen abantailak

Segurtasun handiagoa eskaintzeaz gain, zer beste abantaila ditu biometriak zibersegurtasunari dagokionez?

  • Erosotasuna; izan ere, "identifikazioa" beti zurekin doa, ez da dokumentazio edo gailu gehigarririk behar. Ez dago pasahitzik gogoratu beharrik ere.

  • Azkartasuna eta berehalako egiaztapena, eskuz egin beharreko prozesuak kentzen baititu.

  • Sarbideen kontrola eta auditoretza. Biometriak erregistro zehatza ematen du: nor sartzen eta irteten den, ordutegien kontrola...

  • Bidalketetarako edo transferentzietarako identifikazio segurua, eta, gorabeheraren bat izanez gero, arakatzeak edo segimenduak egiteko aukera.

  • Iruzurra murriztea transakzioetan (barnekoak eta kanpokoak) eta komunikazioen bidalketan.

  • Dokumentu konfidentzialetan babes gehigarria.

Eta, esan bezala, segurtasun handiagoa modu orokorrean, bereziki zaila baita autentifikaziorako erabiltzen dituen datuak lapurtzea edo ordeztea.

Biometriak gainditzeke dituen erronkak

Beraz, biometria eta zibersegurtasuna konbinazio eraginkorra dira eta potentzial handia dute (orain eta etorkizunean), baina oraindik erronka batzuei aurre egin behar die.

Segurtasun biometrikoko teknikak gero eta berritzaileagoak eta sofistikatuagoak diren arren, oztopo batzuk gainditu behar dituzte oraindik.

Besteak beste, hauek: positibo eta negatibo faltsuek akatsak eta mesfidantza sortzen jarraitzen dute; ez dago oso argi zer irtenbide dagoen datuak lapurtuz gero; hackeatutako pasahitz bat alda daiteke baina norbaiten ezaugarri biometriko fisikoak edo portaerakoak ez; eta zailtasunak eta zalantzak daude pribatutasunaren inguruko legediaren inguruan.

Bestalde, enpresa batean biometria-teknikak martxan jartzeko inbertsio bat egin behar izaten da, eta ezagutza eta denbora behar dira horretarako.

Nolanahi ere, merkatuan gero eta aukera ekonomiko eta erraz gehiago daude, era guztietako erakundeentzat egokiak. Eta aldaketarekiko hasierako mesfidantza laster desagertzen da, agerian geratzen direnean teknologiak dakartzan abantailak egungo testuinguru digitalizatuan, non behar-beharrezkoa baita zibersegurtasuna babestea.

Enpresetarako ditugun zibersegurtasun-soluzioei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu (Scudo adibidez), harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin. Azken albisteen berri izateko, jarraitu guri LinkedInen.