Eremu guztietara ari da iristen adimen artifiziala. Eta hain azkar egin du, ezen ez baitie astirik eman estatuei eta erakundeei haren erabilera egokia bermatu duten legeak osatzeko.
Gure kasuan, Europar Batasunak Adimen Artifizialari buruzko munduko lehen legea onartu berri du.
Haren asmoa da Europar Batasunean epe luzerako esparru juridiko uniforme eta komun bat ezartzea adimen artifiziala garatzeko, merkaturatzeko eta erabiltzeko. Izan ere, Europarentzat lehentasunezkoa helburua da AA seguru, fidagarri eta etiko bat lortzea, ikuspegi humanistan oinarritua.
Badakigu AA garrantzitsua dela ekonomia digitalaren esparruan eta onura asko ekartzen dituela, baina arriskuak ere baditu, eta beharrezkoa da horiek identifikatu eta arintzeko neurriak hartzea. Ia sektore guztietan hartzen ari den garrantzia eta protagonismoa kontuan hartuta, funtsezkoa da hura arautzea.
2021ean argitaratu zuen EBk arau-esparrurako lehen proposamena.
2022ko apirilean, Aro Digitaleko Adimen Artifizialaren Batzorde Bereziaren txostena onartu zuten.
2023ko ekainean, beste aldaketa batzuk egin zitzaizkion azken txanpan sartua zen zirriborroari.
AAri buruzko Europako araudiaren gakoak
Araudi horren bidez, EBren lehentasuna da erabilitako sistemak seguruak, gardenak, trazagarriak, ez-diskriminatzaileak eta ingurumenarekiko errespetuzkoak izango direla bermatzea, eta, aldi berean, teknologia disruptibo horren aurrean herritarren eskubideak babestea.
Garbi dagoena da pertsonek gainbegiratu behar dituztela sistema horiek.
Etikak eta herritarrek izan behar dute erregulazioaren ardatz, eta erregulazioak segurtasuna, gardentasuna eta erantzukizuna bermatu behar ditu, alborapena eta bereizkeria saihesteko eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko.
Legearen oinarria hau da: AAren aplikazioak sailkatu egin dira, erabiltzaileentzat duten arriskuaren arabera. Hots, zenbat eta arrisku handiagoa, orduan eta erregulazio zorrotzagoa.
Arrisku handikotzat jotzen dira, besteak beste, AA herritarren bizitza eta osasuna arriskuan jar dezaketen azpiegitura kritikoetan erabiltzen den kasuak, hezkuntzan edo lanbide-heziketan erabiltzen den kasuak —pertsonen ibilbide profesionalean izan dezaketen eraginagatik—, eta produktuen segurtasun-elementuetan erabiltzen den kasuak. Kasu horietan, gizakiak noiznahi ikuskatzeko moduan diseinatu behar dira, eta betebehar zorrotzak bete behar dituzte. Esate baterako, printzipio etikoen kontrakoak edo arriskutsuak diren AAren aplikazioak debekatu egingo dira, arrisku-maila hori onartezina delako.
Irizpide horren arabera, proposamenean debekatu egiten da adimen artifiziala erabiltzea herritarrei “puntuazioak” emateko, kolektibo jakin batzuen ahultasunei etekina ateratzeko, edo espazio publikoetarako sarbideetarako identifikazio biometrikoko aldi bereko sistemetarako —azken kasu horretan, salbuespenak ere badaude—.
Oro har, segurtasunean eragin negatiboa izan dezaketen edo pertsonen oinarrizko eskubideak oztopa ditzaketen sistemak arrisku handikotzat hartuko dira.
Bestalde, AA sortzaileak gardentasun-baldintza zorrotzak bete beharko ditu.
Nolanahi ere, gardentasuna funtsezkoa da beti, arrisku-maila edozein dela ere. Erabiltzaileek beti jakin behar dute noiz ari diren AAko sistema batekin elkarreraginean, edozein euskarri edo formatutan, eta aukera izan behar dute sistema hori erabiltzen jarraitu nahi duten erabakitzeko, eta beste aukerarik baduten jakiteko.
AA praktikan jartzeko orduan, arau-proposamenak, “Artificial Intelligence Act (AIA)” izenekoak, hainbat inplementazio-eredu eta horien betekizunak aipatzen ditu: funtzionalak (dokumentazioa behar dute argitaratu aurretik, bai eta segurtasunaren eta eta copyrightaren kudeaketa ere), goi-mailako gaitasunak dituztenak (entrenatzeko erabilitako kalkulu-potentziaren arabera) eta helburu orokorretarakoak (etiketatuak egon behar dute, eta arrisku-txostenak izan behar dituzte).
Europako lege honek AAk herritarrentzat dituen ondorioak ez ezik, kontuan hartzen ditu orobat enpresentzat dituen ondorioak ere, eta berrikuntza sustatzea, eta, aldi berean, segurtasun juridikoa ematea da helburua.
Horrekin lotuta, jabetza intelektualeko eskubideek buruhauste handiak sortzen dituzte. Norena da osorik AArekin garatu den zerbaiten jabetza intelektuala?
Adimen artifizialaren erregulazioa AEBn
AEBk agindu exekutibo bat onartu du adimen artifizialaren garapena arautzeko eta teknologia horren gehiegikeriak eta mehatxuak kontrolatzeko.
Kontsumitzailea, pribatutasuna eta eskubide zibilak babesteko neurriez gain, agindu horretan berariaz arautzen dira AA azpiegitura kritikoetan erabiltzea, eta, bereziki, kimikan, erradiologian, eremu nuklearrean eta zibersegurtasunean eragin ditzakeen arriskuak.
AA sortzaileari dagokionez, hark sortutako edukia argi etiketatzeko betebeharra ezartzen du.
G7a AAri buruzko legerian
Europako eta Estatu Batuetako azterketa eta erregulazio-proposamenen artean, urrats bat aurrera egin eta bere iritzia ematea erabaki du G7ak.
Nazioarteko erakundeak erabaki du Europaren eredu murriztailearen eta AEBren eredu laxoagoaren arteko erdibideko proposamen bat, Japoniarena, “AAri buruzko Hiroshimako prozesua” deitua, onartzea.
Adimen artifizialeko sistemak garatzen dituztenentzako nazioarteko jokabide-kode bat da. Kode horren arabera, neurri egokiak hartu behar dituzte bizi-ziklo osoko arriskuak arintzeko, arriskuan oinarritutako ikuspegiarekin.
Eredu horrek, gainera, AArako segurtasunaren, babesaren eta fidagarritasunaren aldeko gobernantza-esparru bat definitzen du mundu osorako. Inbertsioa eta segurtasun-kontrolen inplementazioa sustatzen dira, eta gardentasuna eta erakundeen artean informazioa partekatzeko beharra azpimarratzen. Hala ere, aukera ematen du jurisdikzio bakoitzak bere neurriak har ditzan ekintzak modurik egokienean aplikatzeko.
Adimen artifizialean oinarritutako soluzio teknologikoei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresen arlo komertzialeko gure taldearekin. Eta azken albisteen jakinaren gainean egoteko, jarraitu iezaguzu LinkedInen.