Seguru asko, denok entzun duzue adimen artifizialari buruz hitz egiten, baina nola erabil dezakezue zuen enpresaren edo negozioaren egunerokoan?

Gai hori izan dute mintzagai "Zer eman diezaioke adimen artifizialak nire negozioari?" jardunaldian. Guggenheim museoan egin da, Bilbon, EUSKALTELek, Vicomtechek eta CEBEKek antolatuta, eta Dibal-ek eta Petronorrek ere parte hartu dute, besteak beste.

Enpresetako zuzendariei eta goi- eta erdi-mailako arduradunei zuzendutako topaketa honetan, Bizkaiko enpresetan aplikatutako adimen artifizialeko proiektuen gakoak eta eragina ezagutzeko aukera izan dute parte-hartzaileek.

Jardunaldi praktikoa izan da, eta, hitzaldien eta kasu errealen azterketaren bidez, AAko proiektuen argi-ilunak jarri dira mahai gainean, eta datuen balioa eta teknologia transferitzeko ahalmena aztertu dira.

Euskaltel eta datuen balioa

Euskaltelen izenean, Adrian Bertolek, IA Sales Specialist arduradunak, azaldu du zergatik den garrantzitsua enpresentzat ongi finkatutako datu-estrategia bat izatea.

Orain arte, datuen analisiak deskribatzaileak ziren, aginte-koadroen eta Business Intelligence-ren tresnen bidez eginak. Adimen artifizialaren ereduekin, analisi prediktibo eta preskriptiboetarantz egin dugu.

Zuen datu-estrategia zehaztean, kontuan hartu behar duzue zenbateraino diren helduak zuen enpresaren datuak. Adibidez, zer datu ditut? Zenbateraino dira irisgarriak? Zer datu-base erabiltzen ari naiz? Eta arazo gehien sortzen dutenetako bat: Ba al daukat datu-analistarik edo -zientzialaririk?

Abiapuntu hori hartuta, AAko zuen ibilbide-orri pertsonalizatua zehazten has zaitezkete.

Ez ahaztu AA mota bat baino gehiago daudela: Machine Learning, Deep Learning, lengoaia naturalaren prozesamendua, robotika...

Kontuan izan hainbat arlotan erabil dezakezuela AA, hala nola ekoizpena optimizatzeko, izakinak kudeatzeko, eskaria aurreikusteko edo emaitzak iragartzeko.

Izan ere, enpresa bakoitzak ezaugarri eta behar desberdinak ditu.

Vicomtech: AA erosi edo garatu?

Gorka Marcos Vicomtecheko teknologia-transferentziako zuzendariak —adimen artifizialean eta Visual Computer and Interaction-en espezializatutako ikerketa aplikatuko zentro teknologikoa da— enpresetan AA transferitzeko eta aplikatzeko gako nagusiak aztertu ditu.

Gorkak nabarmendu du enpresetan ikuspegi berriak behar direla langileen gaitasunei, enpresa-kulturari eta antolamendu-egiturari dagokienez.

Alderdi garrantzitsuenetako bat da jakitea noiz den hobea AA erostea eta noiz garatzea.

Nolanahi ere, AA eraginkorra eraikitzeko giltzarriak hauek dira: arazoa identifikatzea, datuak bildu eta garbitzea, ikaskuntza automatikoaren eredua aukeratzea, eredua entrenatzea, AA negozio-ereduan integratzea, eta eredua ebaluatu eta hobetzea.

Dibal: merkataritzarako balantza adimendunak

Dibaleko zuzendari kudeatzaileak, Juan Román Navak, AAk negozioarentzat zer onura dituen azaldu du, bere esperientzia praktikotik abiatuta.

Dibalen merkataritzarako balantzek %50etik gorako merkatu-kuota bat dute Espainian (%65, banaketa handiaren kasuan). Zein dira haren arrakastaren gakoak?

%100 inguruko doitasuna eta asmatze-tasa; erraztasuna, erosketa-prozesua sinplifikatuz; azkartasuna, ilarak saihestuz; modernitate-irudia; eta segurtasuna, iruzurrak eta lermak saihestuz.

AA, gaur egungo ikuspegitik harago, ahalmen handiko soluzio bat da, eta lagungarria izan daiteke, esate baterako, langile-errotazio handiko eta aukera zabaleko inguruneetako saltzaileentzat, bilgarriaren kalitatea egiaztatzeko edo txatak jartzeko, saltzaileari bezero-arretan laguntzeko.

Petronor: "neurgailu birtual"en arrakasta

Jardunaldiko beste kasu praktikoa Itziar Landa Petronorreko Digitalizazioko arduradunak azaldu du.

Hark adierazi duenez, informazio erabilgarria denbora errealean erabiliz erabakiak hartzen lagunduko zuen soluzioren baten beharra sentitu zuten duela urte batzuk. Hala sortu zen Softensors. Proiektu aitzindaria da AA azken erabiltzailearentzat teknologia gardena duen tresna gisa sartzen industrian.

Neurgailu birtual bat da, tresna fisikorik gabe propietate bat neurtzeko gai dena. Neurketak egin ahal izateko, prozesuan eragina duten aldagai guztiak irakurtzen ditu, eta nahi den parametroaren iragarpen bat egiten du.

Eredu algoritmikoak dira, erabilera-kasuen datuekin entrenatuak edo konfiguratuak.

Abantaila asko dituzte SoftSensorek: aldagai-bolumen handi batetik ikasten dute, korrelazio konplexuak ateratzen eta aldagai eraginkorrenak definitzen dituzte, eta aldagaiak on line monitorizatuta edukitzeko aukera ematen dute.

Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egin da, Laura Marrón (BAICeko zuzendari nagusia) moderatzaile dela. Hartan, AA erabiltzeak dituen erronkak eta aukerak aztertu dira, eta, horrekin batera, baita teknologia transferitzeko gaitasunak ere. Gainera, azpimarratu da orain dela unea adimen artifiziala enpresetara eramateko.

Horrelako jardunaldiak oso egokiak dira AAko teknologiek zuen prozesuetan eta negozioetan izan dezaketen eraginari eta onurari buruz hausnartzeko.

Euskaltelek esperientziak eta ezagutzak ditu, eta zuen eskura jartzen ditu zuen ibilbide-orria definitzen eta AAko soluzioak arrakastaz ezartzen laguntzeko.

Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresetarako sail komertzialarekin, formulario honen bitartez.