Bazenekien Alemanian droneak erabiltzen dituztela tren eta trenbide-instalazioetan graffitiak egiten dituzten pertsonak identifikatzeko? Eta Amazonek patentatua duela dagoeneko sistema bat, zeinaren bidez drone batek zure auto elektrikoaren bateriak kargatzen dituen autoa gidatzen ari zaren bitartean?

Izugarria, ezta? Bada, droneek dituzten ehunka aplikazioetako bi bakarrik dira horiek. Helburu militarrekin sortu ziren berez, baina gaur egun mugikortasuna eta airetiko ikuspegia behar duten edozein jarduerarako erabiltzen dira. Sarrera honetan ez gara arituko drone-lasterketen ikusgarritasunaz, gertu-gertutik ikusi baikenituen aurreko Euskal Encounterren, baina aireontzi txikion erabilera bitxi batzuk azaldu nahi dizkizugu.

Azterketak zaintzea

Badakizu zer den Gaokao? Txinako selektibitate-azterketa da, herrialde hartako ikasleek nahitaez gainditu beharrekoa unibertsitatera joateko eta, hala, beren lan-etorkizuna erabakitzeko. Oso proba gogorra da, eta bederatzi milioi lagunek egiten dute urtero. Eta, jakina, ikasle horietako asko edozer egiteko prest daude azterketa gainditzeko. Ez gara ari, ez, ohiko txuletez, askoz sistema sofistikatuagoez baizik: nortasun-ordezpenak, espioitza-gailuak, interkomunikazio-sistemak... Beraz, nola kontrolatu punta-puntako teknologia darabilten milaka lagun areto erraldoietan banatuta eta edozer egiteko prest daudenak azterketa gainditzeko? Droneak erabiltzen dituzte horretarako Txinako agintariek: drone batzuk aireratzen dituzte areto erraldoietan, irrati seinaleak bila ditzaten, hala, entzungailuak eta kameradun betaurrekoak detektatzeko; eta aurpegia ezagutzeko sistemak ere jarri zizkieten droneei, egiaztatzeko azterketa egiten ari zirenak ez zirela hura egiteko kontratatutako pertsonak. Sinesgaitza, ezta?

Pizza-banatzaileak

Uste zenuen Amazon zela salgaiak banatzeko drone-erabiltzailerik punta-puntakoena? Bada, ez. Errusiako Dodo Pizza pizzeria-kateak hiru urte baino gehiago daramatza tripulaziorik gabeko droneak erabiltzen pizzak etxez etxe banatzeko. Pizza banatu behar den etxeko helbidearekin programatzen dira droneak, eta ziztu bizian iristen dira, GPS bati esker. Entrega bermatua eta atzerapenik gabe, beraz, pizza bero-bero bat jan ahal izateko ?

Suteen aurkako droneak

Drone Hopper start-upak 300 litro ur garraiatzeko gai diren droneak diseinatu ditu, suteak itzaltzeko lanetan erabiltzeko. Ur-hegazkin eta helikopteroak baino askoz arinago jartzen dira martxan droneak, eta, horretaz, gain, gai dira ur langartua eta airea bideratzeko, abiadura handiz, sutearen gune nagusira. Ea laster ikusten ditugun gure artean ere, gure zelaien berdea bermatzeko.

Hondartzak zaintzea

Australiako kostaldean bizi da Lurreko marrazo-populaziorik handienetako bat. Zein izango da, beraz, Australiako gobernuaren buruhausteetako bat? Hondartzetako bainulari eta surf zaleak marrazoetatik babestea. Horretarako, drone-sorta zabal bat eskuratu eta software berezi bat jarri zieten, gai dena marrazo bat airetik identifikatzeko eta itsas ontzi txikiekin ez nahasteko. Eta sirenak ere jarri zizkieten, alarma jotzeko marrazoren bat detektatzen zutenean. Aireko sorosle peto-petoak!

Ezagutzen zenuen droneen aplikazio hauetakoren bat? Harrituta? Droneen erabilerari buruzko beste informazio jakingarriren bat baduzu, konta iezaguzu!