Abenduaren 6an eta 7an, Bilbao International Games Conference (BIG) jardunaldia egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Bideojokoen profesionalentzako nazioarteko kongresu honek Euskaltelen babesa du. Hona hemen xehetasun gehiago:
1.000 profesionalek baino gehiagok hartuko dute parte, 800 bilera baino gehiago egingo dira, 45 publisher eta nazioarteko inbertitzaile baino gehiago egongo dira, eta 50 hizlarik baino gehiagok jardungo dute. Horiexek dira BIG (Bilbao International Games Conference) konferentziaren azken edizioetako zifra ikusgarriak. 2024an, bideojokoen industriaren hitzordu handia abenduaren 6an eta 7an izango da.
Honaino nola iritsi garen kontatuz hasiko gara, eta gero azalduko dizugu zer aurki dezakezun Bilbao International Games Conference 2024an.
Fun&Serious Game Festival-etik BIGera
Gogoan duzue Fun&Serious Game Festival? 2011n hasi zuen bere ibilbidea Bilbon, "bideojokoaren kultura eta bideojokoa kultura gisa ospatzea" lelo hartuta.
Profesionalentzako hitzaldiak publiko orokorrari zuzendutako jarduerekin konbinatzen zituen, hala nola Fun Zonearekin edo kirol elektronikoen lehiaketekin; Titanium Sariak ere banatzen zituen, eta Games Industry Forumetc kongresua egiten zen.
Pandemiarekin, bi edizio egin ziren: erabat birtuala bat, eta erdipresentziala bestea.
Handik aurrera, izena aldatu, eta industriako profesionalentzako nazioarteko ekitaldi esklusibo gisa berrasmatu zen. Horrela sortu zen BIG (Bilbao International Games Conference).
Zer dagoen BIG 2024an
Sektoreko liderrak eta sortzen ari den talentua elkartzen dira urtero BIGen, Europako hegoaldeko bideojokoen erreferentziazko ekitaldian.
BIGek matchmaking plataforma esklusibo eta kolaboratibo bat du, garatzaileak eta publisherak eta inbertitzaileak konektatzen dituena. Bilerak, topaketak, formakuntzak edo erakustaldiak egiteko elkarlanerako espazioak ere badaude, ezin egokiagoak aliantza emankorrak egiteko edo ideia berritzaileak partekatzeko.
BIGen, industriako profesionalak, ikasle eta garatzaile berriak, sektoreko enpresen ordezkariak, arlo horiekin lotutako profesionalak eta komunikabide espezializatuak elkartzen dira.
Aukera ona da industriako liderrekin harremanetan jartzeko; besteak beste, hauekin: Focus Entertainment, Fellow Traveller, Playstack London edo Raw Fury.
BIG zure gunea da, adibidez, joko berritzaileak badituzu garapen-fase aurreratuetan, merkatu-hobi espezifikoetarako proposamen paregabeak badituzu edo plataforma askotarako potentziala duten proiektuak badituzu.
BIG 2024ren egitaraua
Bilbao International Games Conferencen, industriaz, negozio-garapenaz, marketinaz, komunikazioaz, kasu arrakastatsuez eta abar hitz egiten da.
Abenduaren 6an eta 7an, BIG 2024k hitzaldi-agenda zabala izango du: The Stone of Madness-en garapenari buruzko hitzaldiak, Snowdrop-eko zinematikak, Bilboko eta Bizkaiko ikus-entzunezko industriari buruzko mahai-inguru bat eta solasaldi bat Debbie Bestwick-ekin, zeina Team17-ren sortzailea eta 2024ko ohorezko sariaren irabazlea baita, besteak beste.
Tailerrei dagokienez, karta-jokoei edo marketin- eta narratiba-teknikei buruzkoak daude. Bideojokoen industrian nola sartu aztertuko dute bi tailerretan, eta Bideojokoetako Genero Ziurtagiria ere aurkeztuko dute.
Hauek emango dituzte konferentziak eta tailerrak, besteak beste: Aitor Tejedor (Ubisoft Studio), Debbie Bestwick (Team 17), Edu Verz (Brainwash Gang), Lucía Quijano (Raiser Games), Damjan Mravunac eta Davor Hunski (Croteam), Ana Trujillo eta Maikel Ortega (The Game Kitchen), Raquel Echeandía (Universidad Europea), Inés Alcolea, Roger Mendoza (Nomada Studio), Laura González (FemPowerup), Emilio Coppola (Godot Foundation), Clara Dies ilustratzaile eta dibulgatzailea, Adam Riches (Robust Games), Jupiter Hadley (Toya Game Studio), Julien Moya (Rundisc studio), V Buckenham (Downpour), Thomas Panuel (Rundisc studio), Javier Garcinuño (Bilbao Ekintza) eta J. María Martínez Hafo (Tellmewow).
Bilbao International Games Conference 2024rako sarrerak
Aurrez eskuratu dezakezu sarrera, online, jardunaldiaren webgune ofizialaren bidez: https://event.meetmaps.com/8909372875/es/registration
Lau modalitate daude:
-
BIG Pro Passekin, ekitaldi osorako sarbidea izango duzu, bilerak antolatzeko networking-plataforma erabili ahal izango duzu, eta Titanium eta Indie Burger Awards sarien galetan parte hartu ahal izango duzu.
-
BIG Pro Pass + Madrilerako autobusa: joan-etorriak barne (abenduak 5, osteguna, eta abenduak 8, igandea).
-
VIP BIG Pro Pass: goi-mailako konexioetarako premium esperientzia bat, merchandisingeko kit esklusibo batekin eta networking bazkari esklusiboetarako sarbidearekin.
-
BIG Pro Pass + standa: erakustoki propioa izango duzu erakusketagune nagusian, erakusketarien katalogo ofizialean sartuko zaituzte —parte-hartzaile guztiei banatuko zaie katalogoa—, eta 2 BIG Pro Pass izango dituzu zure taldearentzat.
Bilbao Indie Game Contest 2024
Bilbao International Games Conferenceren helburu nagusietako bat da bideojokoen sare industrial independentea bultzatzea, berrikuntza eta sormena sustatzea eta industria berdinzalea bultzatzea, garatzaile gazteak, neskak zein mutilak, ahalduntzeko.
Printzipio horietan oinarrituta, Nazioarteko Bideojokoen Bilbao Indie Game Contest Lehiaketaren beste edizio bat antolatu du BIGek.
Lehiaketak, kategoria ezberdinetan, Indie Jokorik Berritzaileena, Euskal Bideojokorik Onena eta Unibertsitate Jokorik Onena saritzen ditu.
Jokoaren generoa eta gaia libreak dira, eta nahi adina aukera aurkez ditzakezu. Berrikuntza, originaltasuna eta irudi- eta soinu-kalitate artistikoa saritzen dira bereziki.
Irabazleek Titanium Sarien galan jasoko dute saria.
Fun Zone BIG 2024an
Erreferentzia garrantzitsua da BIGen Fun Zone.
Bideojokoei eskainitako bi mila metro: 100 joko-postu, retro-eremu bat, elikagai-bideojoko trukeak, bideojoko klasikoak (100 m2 baino gehiago), arcade bideojokoak, vintage museo bat eta askoz gehiago.
Fun Zonerako sarrera doakoa eta librea da. Ostiralean eta larunbatean egongo da irekita, 10:00etatik 20:00etara.
Orain, BIGi buruzko informazio guztia daukazunez, jakin nahi duzu nolakoa izan zen 2023ko Bilbao International Games Conference? Sakatu play, bideo honetan:
Bilbao International Games Conference 2024n ikusiko dugu elkar.
Goiburuko irudiaren iturria: Bilbao International Games Conference.