Artxanda mendira igotzea beti da plan polita egun-pasa joateko, kirola egiteko edo ibilalditxo baterako. Artxanda mendiko begiratokitik disfrutatzen da, gainera, Bilboko ikuspegi onenez. Autoz, oinez eta bereziki Artxanda mendiko funikularrean nola iritsi kontatuko dizugu. Baina baita zer ikusi, zer jatetxe bisitatu eta askoz gehiago ere, hurrena igotzen zarenean ahalik eta gehien aprobetxa dezazun.
Nola iritsi Artxanda mendira
Lehenik eta behin, Artxanda mendira iristeko aukera guztiak azalduko dizkizugu. Izan ere, oinez igo zaitezke tipi-tapa, baina baita autoz, autobusez edo funikularrez ere.
Nola igo Artxandara oinez
Artxanda mendira oinez igotzeko, ibilbide bat baino gehiago daude. Esate baterako, Guggenheimen has dezakezu bidea, Salbeko zubia zeharkatu eta bidegorria hartuta. Pikotamendiraino igo eta bidezidorrari jarraitu behar diozu, harik eta Artxanda tontorreko autobusen aparkalekura iritsi arte. Ibilbideak 2,5 kilometro inguru ditu oinez.
Badira aukera gehiago ere Artxandara oinez igotzeko: Enekuri eta Artxanda lotzen dituzten egurrezko pasabideetatik, Banderas menditik edo are beste auzo batzuetatik abiatuta (azken horiek ibilbide luzeagoak).
Nola iritsi autoz Artxandara
Autoz bazoaz, GPSa baliatzea duzu onena, abiapuntutik bide zuzenena zein den jakiteko. Artxandan aparka dezakezu autoa, funikularraren goiko geltokiaren inguruan eta tontorrean, eta Artxandako begiratokia bisitatu.
Artxanda mendira autobusez igotzea
Artxanda mendira autobusez ere igo zaitezke, Areatzatik A7 linea hartuta. Gogoratu ordaintzeko modurik erosoena Barik txartela dela.
Artxanda mendira funikularrean igotzea
Modurik azkarrena, errazena eta erosoena Artxanda mendiko funikularra hartuta igotzea da. Eta, iristeko modurik onena denez, jarraian emango dizkizugu xehetasun guztiak.
Artxandako funikularra

Irudia: Bilboko Udala
Hementxe duzu, labur-labur, Artxandako funikularrari buruzko informazio garrantzitsua.
- Bidaiaren iraupena: 3 minutu behar ditu 770,34 metroko ibilbidea egiteko, eta 226,49 metroko desnibela gainditzen du. Artxanda mendiak 251 metroko garaiera du.
- Maiztasuna: 10-15 minutuan behin irteten da, ordutegiaren arabera.
- Edukiera: 70 pertsona ere sar daitezke. Txakurrekin igo zaitezke, baita bizikleta eraman ere.
- Kokapena: beheko geltokia Funikular plazan dago, Castaños kalearen ondoan.
Artxanda mendiko funikularraren ordutegia
Egunero funtzionatzen du, baina ordutegia aldatu egiten da urtaroaren arabera:
Neguko ordutegia: urriaren 1etik maiatzaren 31ra
- Astelehenetik larunbatera: 07:15 – 22:00.
- Igande eta jaiegunetan: 08:15 – 22:00.
Udako ordutegia: ekainaren 1etik irailaren 30era
- Astelehenetik ostegunera: 07:15 – 22:00.
- Ostiral, larunbat eta jai-bezperetan: 07:15 – 23:00.
- Igande eta jaiegunetan: 08:15 – 22:00.
Aste Nagusiko ordutegia: larunbatetik larunbatera
- 00:00ak arte.
Artxanda mendiko funikularraren prezioa
Funikularraren geltokietan bertan eros dezakezu txartela, behekoan zein goikoan.
- Noizbehinkako bidaiaren prezioa: 3,50 €.
- Joan-etorriko bidaiaren prezioa: 6 €.
- Doan: 6 urtetik beherakoek.
Onena da Artxandako funikularra Barik txartelarekin ordaintzea, erosoagoa izateaz gainera, merkeago aterako baitzaizu.
Artxandako funikularreko bisita gidatuak
Hileko lehen larunbatean, 10:00etan, Artxandako funikularraren historia ezagutzeko bisita gidatu batez goza dezakezu. Bisita doan da bidaia-txartelarekin.
Elkargunea beheko geltokian izaten da, Funikular plazan. Erreserba egiteko, 94 401 00 10/010 telefonora deitu dezakezu, edo beren webguneko formularioa bete.
Zer ikusi Bilboko Artxanda mendian

Irudia: Bilboko Udala
Tontorrera iritsitakoan, Artxanda mendiko begiratokia ezinbesteko geltokia da. Bilboko letrekin nahitaezko argazkia egin ondoren, gozatu hiriko bista onenez.
Artxanda mendiko begiratokian, halaber, Hatz-marka eskultura topatuko duzu. Han ere sekulako argazkia atera ahalko duzu, batez ere ilunabarra harrapatzen baduzu.
Kirolzaleek Artxanda mendian leku ezin hobea dute korrika egiteko, oinez tipi-tapa ibiltzeko, edo bizikletaz ibilaldiak egiteko. Gainera, kirol-instalazioak ditu, hala nola igerilekuak, frontoiak, padel-pistak...
Txikientzat, Artxandan Elkargune Parkea duzu, Bilbo eta Sondika artean kokatua, eta primeran pasatuko dute rokodromoan, jauzietan, txirristetan eta beste makina bat haur-jolasetan.
Beste puntu interesgarri batzuk dira San Roke baseliza edo zurezko eskulturen basoa.
Non jan Artxanda mendian
Artxanda mendiko jatetxeetan bapo jan ahalko duzu: aukeran dituzu, besteak beste, Txakoli jatetxea, Txakoli Ballano, Artxanda jatetxea edo Txakoli Simón jatetxe eta erretegia.
Eta piknikzalea bazara, berriz, Artxandako merenderoetara joan zaitezke, aire zabalean hango mahai eta bankuez gozatzera, baina baita Pikotamendiko atsedenlekura ere.
Beraz, badakizu, egin txango bat Bilboko Artxanda mendira eta gozatu plan gustagarri horretaz.
Goiburuko irudia: Bilboko Udala
