Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981) gorabehera bat konpontzen ari da errepidean, gure deiari erantzun dionean. Haren lagun bat nahastu egin da autoaren depositua betetzean, eta okerreko erregaia bota dio. Etxean gertatzen diren arazoak dira, Himalayako espedizioetan izan dituenen oso bestelakoak.

Martxoan itzuli zen Everestetik, eta han izan ginen ongi etorria egiteko. 83 eguneko espedizioa izan zen, eta ordura arte inork egin ez zuena lortzeko zorian egon zen: munduko mendirik altuenera igo (8.848 m) neguan eta oxigeno artifizialik gabe. Eguraldia ez zuen lagun izan, ordea: orduko 70 kilometroko haize-boladek eta zero azpiko 28 graduko tenperaturak ez zioten utzi gailurrera iristen.

Ez dut agur esango, gero arte baizik”, idatzi zuen bere blogean, atzera egin behar izan zuenean.

EUSKALTELEN BLOGA. Itzuliko zara.

ALEX. Bigarren aukera izan nahi nuke, bai. Zailtasunak zailtasun, uste dut gailurrera iristeko aukera izan genuela. Helburua ez da lorrezina. Oso zaila da, oso, baina ez da ezinezkoa. Eta motibatua nago berriz saiatzeko.

E. B. Aurten bertan, 2017an, urte bukaeran?

ALEX. Hala nahi nuke, baina zaila da hori esaten. Kontuan izan behar da halako erronkek ahituta uzten zaituztela. Ez bakarrik maila pertsonalean, baita taldean eta ekonomikoki ere. Ez dakit nondik atera dezakegun finantziazioa orain. Baina uste dut merezi dugula bigarren aukera.

E. B. Espedizioan zeundela sare sozialen bidez eta zure blogaren bidez eman zenuen abenturaren berri. Izugarria izango da han goian konektatuta egotea, ezta?

ALEX. Bai, izugarria da zenbat egin duen aurrera teknologiak. Oraintxe bertan, Manaslu mendian dauden lagun batzuekin aritu naiz hizketan. 8.163 metroko mendi bat da (munduko altuenen artean, zortzigarrena). 3G konexioa dago! Teknologiari esker, errazagoa da komunikazioa eta informazioa lortzen ere laguntzen digu; esate baterako, eguraldiaren iragarpena jakiteko. Zu baino lehen mendi horretan egon diren lagunekin jar zaitezke harremanetan, eta unean bertan ematen dizute behar duzun informazioa. “Aizu, argazki bat ikusi dut. Alde horretatik joan ginen gu…”. Baina badira beste alderdi ez hain positibo batzuk ere.

E. B. Adibidez?

ALEX. Bada, adibidez, Interneten espedizioari buruz esaten den guztia irakur dezakezula. Taldea bakartzen saiatzen naiz ni, mundu bakarra izan dezagun han: mendia.

Denek ematen dute beren iritzia

E. B. Bitxia da komunikabide espezializatuetako berriak irakurtzea espedizioak iraun bitartean. Iruzkinetan, askotariko iritziak ageri dira; badirudi irakurle batzuek mendian bertan dagoenak baino gehiago dakitela.

ALEX. Halaxe da, bai. Une honetan, zenbatek egingo ditugu espedizioak neguan zortzi mila metrotik gorako mendietara? Ez dakit. Dozena erdi bat-edo gabiltza halakoetan, baina denek ematen dute iritzia. Kritika konstruktiboa onartzen dut, baina, askotan, ezer jakin gabe kritikatzen da. Batzuetan, bitxia iruditzen zaio jendeari guk egiten duguna, baina beti dago azalpen sakonago bat, beti dago arrazoiren bat. Eta uste dut ez dagoela zertan dena jakin. Gauza batzuk plangintzarekin daude lotuta edo mendian gora egiteko estrategiarekin. Baina zuk diozun moduan, teknologiari esker edozeinek eman dezake bere iritzia. Uste dut hori hobetu beharko litzatekeela. Izen-abizenak eskatu beharko litzaizkieke iruzkinak egiten dituztenei, denok jakin dezagun bakoitza nor den. Baina ni ez naiz foroetan sartzen.

E. B. Nahiago duzu ez sartu?

ALEX. Hori guztia bigarren mailan gelditu zen aspaldi niretzat. Urteek erakusten dizute hori. Lagunek eta etxekoek esaten didatena bakarrik axola zait.

E. B. Everesten zer garaierataraino zenuten estaldura?

ALEX. 5.700 metrotaraino. Nahi duzuna bidal dezakezu, WhatsApp bat, argazki bat... Norberaren mugikorra eta Euskaltelen txartela erabiliz, oso ona da seinalea. Izugarria da. Muga elektrizitatea da. Bateriak kargatzeko, eguzki-panelak erabiltzen genituen, baina bi ordurako indarra bakarrik ematen ziguten, neguan oso eguzki gutxi baitago. Satelite bidezko modem bat ere bagenuen, 24 orduko estaldura zuena.

E. B. Nepaleko gobernuak GPSa eramateko eskatuko die espedizio batzuei, batetik, segurtasunagatik eta, bestetik, amarruak eragozteko. Neguan eta oxigenorik gabe igo zinen Nanga Parbat mendira (8.126 m), eta, GPSari esker, denbora errealean jarraitu ahal izan genuen, ordenagailu bidez, gailurrera iristeko egin zenuen saioa. Zoritxarrez, ordea, huts egin zuen GPSak, eta ezin izan genuen jaso gailurrera iritsi zinen unea.

ALEX. Metro gutxi batzuetara gelditu zen. Sekulako iskanbila (argazki baten bidez erakutsi zuen gailurerra iritsi zela). Oraindik ez ditugu ehuneko ehun zehatzak diren aparatuak. Gai korapilatsua da, GPS horiek transferitu baitaitezke. Edozeini eman, eta aurrera.

E. B. Nola laguntzen dizu zuri GPSak espedizio batean?

ALEX. Ez dit ezertan laguntzen, zeren eta, azken batean, gailuan ez duzu ikusten non zauden (seinalea igortzeko RaceTracker bat erabiltzen du). Etxetik jarraitzen gaituen jendearentzat dago pentsatua, batik bat, non gabiltzan ikus dezaten. Baina trasteak batzuetan gauza bitxiak egiten dituenez, ez dakit zenbateraino den onuragarri, egia esan.

E. B. Sare sozialak eta bloga eguneratzen dituzu espedizioetan. Nola egiten duzu hori? Ahalegin handia eskatzen dizu?

ALEX. Lan handia da, bai, baina gure eguneroko egitekoetako bat da. Kirolariak gara, bai, baina dena ez da entrenatzea eta mendira joatea. Sei hilabete eman behar izaten dira finantziazioa bilatzeko, beste hiru hitzaldiak emateko eta, gero, hiru espedizioan. Mendian zaudenean ere, sare sozialekin jarraitu behar duzu, hara joaten lagundu dizutenek oihartzuna izan dezaten komunikabideetan. Bizpahiru ordenagailu eramaten ditugu eta kargagailu ugari. Lana da, beraz.

Agur esan diogu Alexi. Elkarrizketa honetan, argi eta garbi erakutsi digu mendiaren tontorrera iritsi izanagatik oinak ondo iltzatuta dituela lurrean. Hurrengo batean esan beharko digu zer gertatu zitzaion azkenean autoari ????