Hurrengo erosten dugun auto berria ez da autonomoa izango, IoT gailu mugikor bat izango da, ingurukoa antzeman eta lainoan oinarritutako plataformekin komunikatzen dena.

Litekeena da auto autonomoen eta beste ibilgailu batzuen (kamioiak, adibidez) erabilera orokortzeko urte batzuk itxaron behar izatea, baina konektatutako autoak gure artean daude jada. Gauzen Interneta (IoT) duen gailu mugikor bilakatzen ari da auto modernoa: sentsorez betea, gaitasun informatiko nabarmenarekin eta hiru eremu zabaletarako komunikazio-sistemarekin. Hauek dira eremu horiek: lehena, ibilgailuaren kokapena, gidariaren portaera, motorraren diagnostikoa eta ibilgailuaren jarduera (telematika); bigarrena, ingurunea (ibilgailutik gainerakora edo V2X komunikazioa); eta, hirugarrena, ibilgailuko bidaiariak (entretenimendua). Sistema horiek guztiek teknologia zelularra erabiltzen dute, eta, besteak beste, gero eta 5G gehiago.

Automobilgintzako agenteak lanean ari dira 5G bidez konektatutako IoT soluzioen hazkuntza azkarrerako prestatzeko. Bat dator Gartner analisi-enpresa ere: 2019ko urrian aurresan zuen 2023rako automobil-industria izango zela 5G IoT soluzioetarako merkatu-aukerarik handiena, eta sektore hori 5G IoT terminalen merkatuko osoaren %53 izango da urte horretan. Gartner-ek aurresan duenez, 5G IoT terminalen oinarri instalatua ia 14aldiz handituko da datozen hiru urteetan, eta 2020an 3,5milioi unitate izatetik 2023an 48,6milioi unitate izatera igaroko da. 2020an, kanpoko zaintza-kamerek hartuko dute merkatuko zatirik handiena (2,5milioi unitate, merkatuan %70eko parte-hartzea), baina 2023an ibilgailu-soluzioak nagusituko zaizkie.

Ibilgailuak gero eta konektatuago daudenez, gero eta datu gehiago sortzen eta lantzen dira. Hori dela eta, software-enpresek eta hodeiko hornitzaileek gero eta gehiago hartzen dute parte automobilgintzan.

Microsoft da merkatuko liderra ibilgailu konektatuen bere plataformarekin (MCVP). Ibilgailuak mugikortasun-zerbitzuekin konektatzen dituen eta hodeian oinarrituta dagoen soluzio bakarrean integratzen ditu MCVP plataformak IoT-ren teknologia, segurtasuna, konektagarritasuna eta Microsoft-en ertzeko konputazioa (edge computing). Ibilgailuaren sentsoreko telemetria Azuren ostatatutako datu-laku baterantz bideratzen da. Haren bidez OEMek —besteak beste, Volkswagen eta Renault-Nissan-Mitsubishi fabrikatzaileek— haien soluzio propioak sor ditzakete, Azure-ren analisi-gaitasunak aprobetxatuta.

Automobilgintzan Microsoft-ek duen lehiakiderik handiena BlackBerry-ren QNX plataforma da. 2019ko ekainean, 150 milioi ibilgailutan integratuta zegoela zenbatetsi zen. CES 2020 ekitaldian, QNX eta Amazon Web Services (AWS) zerbitzuen arteko aliantza iragarri zuen BlackBerryk.

Zer inpaktu izan dezake eraldaketa digital honek automobilgintzaren diru-sarreretan? 2016an, McKinsey analisi-enpresak zenbatetsi zuenez, mugikortasunak eta datuetan oinarritutako zerbitzuek (mugikortasun partekatua, aplikazioak, nabigazioa, aisialdia, urruneko zerbitzuak, softwarearen eguneratzeak) 1.500 milioi dolarreko diru-sarrerak sortu litzakete 2030ean, edo, bestela esanda, %30eko igoera izan lezakete 2016ko kopuruarekin alderatuta.

2009az geroztik ari da Datik mugikortasunerako zerbitzu berriak garatzen. Bidaiarien garraio kolektibora bideratuta daude zerbitzuok, eta mugikortasuna jasangarriagoa, errentagarriagoa eta kalitate hobekoa izatea dute helburu. Datik-en hodeiko iPanel plataformak autobus-floten operadoreei hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie; besteak beste, puntualtasunaren planifikazioa eta kalkulua, bidaiariei informazioa ematea, emisio gutxiago egitea eta autobusaren elementu gakoen diagnostikoa (motorra, bateriak edo aire-girotzea) urrunetik egitea. Euskaltelek koordinatzen duen 5G Euskadi proiektua saiakuntza-banku ezin hobea da multimedia-edukiak kudeatzeko eta banatzeko garaian 5G teknologiak dituen onurak erakusteko, bai bidaiarien entretenimendurako, bai publizitatea zabaltzeko.

Laburbilduz, hurrengo erosten duzun auto berria ez da autonomoa izango, baina IoT gailu mugikor bat izango da, hainbat sentsore dituena; elektrikoa izango da ziurrenik, 5G konektagarritasuna izango du, eta ingurukoa antzeman eta lainoan oinarritutako plataformekin komunikatuko da. Horri esker, modelo komertzial berriak agertuko dira automobilgintzan, errepidearen eta trafikoaren baldintzei buruzko informazio gehiago emango diote gidariari, eta ibilgailua gidatzen lagunduko diote. Ondorioz, trafikoaren fluxu hobea eta istripu gutxiago izatea espero da. Bidaiariek, gainera, informazioko eta entretenimenduko sistema hobeak izango dituzte eskura, eta, horri esker, litekeena da “zenbat falta da?” ohiko galdera entzun beharrean “asko faltako ahal da” entzuten hastea.

5G Euskadi’ proiektua

‘5G Euskadi’ proiektua Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura. 13 erakunde publiko eta pribatu elkartu dira partzuergo batean, 5G teknologia garatu eta euskal enpresa-sarean ezartzeko lankidetza-hitzarmenak egiteko.

Hauek hartzen dute parte '5G Euskadi' proiektuan: Euskaltel, R, Orange, MASMOVIL taldea, ZTE España, ZTE Managed Services, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, Dbus (Donostiako Udala), Datik (Irizar taldea), CEIT eta Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, lankidetza-hitzarmenak egin dituzte Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Horrez gain, proiektuak euskal administrazio publikoaren laguntza du: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Donostiako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala. Azpimarratzekoa da, halaber, proiektu pilotua Red Colmenak (Promotora de Redes Compartidas SA) diseinatu eta kudeatu duela, eta partzuergoaren kudeaketa Euskalteli dagokiola.