Zalantzarik gabe, mundua izugarri aldatu da 2020 urte berezi honetan. COVID-19ak eragindako pandemiak gauzen berezko erritmoa azkartu du, eta horrek asko eragin die enpresa pribatu eta publiko askok martxan dituzten digitalizazio-prozesuei. Eta eraldaketa digital horretan, enpresentzat aparteko garrantzia du datuak atzitu, tratatu eta balioa emateak.

Eta, ia konturatu ere egin gabe, erakundeetako analisi-arloak buru dituzten proiektuak enpresa askotako protagonista nagusi bihurtu dira; izan ere, nahiz eta lehendik ere bazenekiten eraldaketa digitalak eta adimen artifizialak lehiatzeko abantailak ematen dizkietela enpresa guztiei, pandemiaren eraginez are ageriagoan geratu da arrazoi asko eta askotarikoak daudela mota horretako soluzioen aldeko apustua egiteko.

Adimen artifizial aplikatuko zerbitzuetan espezializatutako gure taldeak, BAI Analyticsek, ikusi du adimen artifizialaren industriako patroi batzuk garrantzitsuagoak eta ohikoagoak bihurtu direla enpresetan azken hilabeteetan:

1. Gero eta enpresa eta erakunde txikiagoek bideratzen dituzte baliabideak adimen artifizialeko proiektuetarako.

2. Datu-zientziako, adimen artifizialeko eta analitika aurreratuko ekipoak, batez beste, txikituz doaz; izan ere, batetik, gero eta enpresa txikiagoak ari dira sartzen adimen artifizialaren munduan, lehen aipatu dugunez, eta, bestetik, dauden tresnak ahaltsuagoak dira, eta, horri esker, ez dago lantaldea handitzeko beharrik.

3. Jende gaitua eta esperientzia duena falta da, gero eta gehiago, eta, beraz, gero eta beharrezkoagoak dira bazkide teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza estrategikoak.

4. Enpresetan martxan jarri diren adimen artifizialeko proiektuak helduagoak dira orain, eta gero eta lotuago daude erakundeen interes nagusiekin; hots, gero eta ekimen gutxiago egiten dira publikoari begira, eta gero eta gehiago diru-sarrerak handitzeko, kostuak txikitzeko eta bezeroarekin harreman hobea izateko.

5. Enpresetako proiektuen batez besteko aurrekontua txikitu egin da. Izan ere, batetik, adimen artifizialeko ekimenak azkarrago eta modu kontrolatuagoan garatzeko tresnak agertu dira —eta, hala, kostuak optimizatu dira—, eta, bestetik, aurrekontuetan murrizketak izan dira.

Datuek erakusten digutenez, adimen artifizialari lotutako industriak aurrera egiten du, baina teknologia berri horiekin lotutako ohiko arazo batzuk ez dira konpondu, eta, horietarako, aholkularitza eskatzen jarraitzen duzue.

Lehenik eta behin, epe ez oso luzean hedatu eta jarri nahi dituzue martxan adimen artifizialeko proiektuak; izan ere, martxan jartzeko hilabeteak behar dituzten proiektuak ez dira operatiboak: martxan jartzerako zaharkituta geratzen dira, datuak ez datoz bat une horretako errealitatearekin, eta gerta liteke beharrak ere guztiz aldatzea; eta alferrik da produkzioan jartzen ez den eredu bat sortzea, ez du ezertarako balio.

Horrez gain, hedatutako modeloak modu eraginkor eta jarraituan monitorizatzeko beharra duzue, eta ez noizbehinkako prozesu gisa. Eta, horretarako, beharrezkoa da enpresa-jardunbide egokienak askotariko ekoizpen-ereduak dituzten agertokietara egokitzea.

Jakin badakigu heldutasun gutxiko adimen artifiziala duten enpresek, bai eta datuak gobernatzeko tresna espezifikoak dituztenek ere, zailtasunak dituztela oraindik ere erabilera-kasuak lehenesteko eta konplexutasun-maila eta erakundean duen eragina hautemateko.

Azken batean, adimen artifizialeko ekimenak arrakastaz martxan jartzeko, ez da aski lizentzia batzuk erosi eta dataset historiko bat edukitzea. Proiektu bat hasieratik bukaerara egiteko, beste aldagai batzuk ere izan behar dira kontuan; besteak beste: datuen kalitatea, plataforma egokiak erabiltzea, profil egokiak ezagutzea, eta, estrategia ongi definitua izanik, adimen artifizialak ekar ditzakeen abantailen kontzientzia duen zuzendaritza-talde batek gauzatzea.

Zure enpresan zure beharretara ondoen egokitzen diren adimen artifizialeko zerbitzuak ezartzen laguntzeko prest dago Euskaltel. Gure soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera. Enpresa-bezeroentzako sail komertzialarekin ere jar zaitezke harremanetan.