Imajinatzen duzu zerua koloretako linternaz argituta? Ipuinetakoa dirudien irudi hori urtero ikusi ahal izaten da Baionan, Eguberri-jaien aurreko bi larunbatetan. Jarraian kontatuko dizugu noiz, nola eta non askatzen dituzten Baionako linterna ospetsuak.

Lapurdiko hiriburuan, modu ikusgarri eta magikoan hasten dituzte Eguberri-jaiak.

Paperezko linternak zerurantz askatzeko jai tradizionala ekitaldi ezaguna da gaur egun, eta milaka bisitari erakartzen ditu urtero-urtero.

Gabonen aurreko bi larunbatetan ospatzen da. Aurten, beraz, abenduaren 9an eta 16an beteko da Baionako zerua linterna ikusgarri eta ezagunekin.

Baionako liternak: non eta noiz izango dira 2023an?

Errobi ibaiko kaian, eta, zehazki, Carreau des Halles plazan askatzen dituzte masiboki linternak Baionako zerura. Alde batetik, ibaia; bestetik, hirigune historikoa. Agertoki ezin hobea, harriz eta urez inguratua, Baionako linternen jaiaz gozatzeko.

Bertakoak zein kanpokoak izaten dira Baiona erdialdean, guztiak ere iluntzeko 19:30ean linternak askatzeko prestaturik.

Non lortu Baionako linternak?

Ez baldin bazara ibili garaiz eta ez baduzu erosi linterna Baionan, Angelun edo inguruko beste herriren batean edo Zodio eta halako dendetan, egun horretan bertan eskuratu ahalko duzu, 15:30etik aurrera, askatzen dituzten tokian bertan.

Hori bai, gomendagarria da azken ordurako ez uztea, sekulako ilarak izaten baitira eta bizkor agortzen baitira.

Bost eta zazpi euro bitarte balio dute.

Linternak askatzea Baionan

Hona hemen hasiberrientzako aholku garrantzitsu bat: ezinbestekoa da metxero bat aldean izatea, linternaren metxa pizteko.

Hortik aurrera, zerurantz altxatzea eta hegan egin dezan lortzea da gakoa. Adituek aholkatzen dute hori egiteko modurik onena itxarotea dela; hau da, askatu aurretik, metxaren beroak linterna aire beroz betetzen uztea. Fisika-kontua da: aire hotza aire beroa baino astunagoa da; beraz, tenperatura igotzean, linterna igo egingo da.

Nolakoak dira Baionako linternak?

Lapurdiko hiriburuko linternak ikusgarriak dira.

Berdeak, gorriak eta zuriak izaten dira. Kolore bat ala bestea izaten dute, urtearen arabera.

Hori bai, material biodegradagarriz eginak izaten dira beti.

Koloreak ez ezik, asko zaintzen dute ospakizuneko giroa bera ere. Izan ere, linternak askatzen dituztenean, musika-doinuak ere izaten dira, zeinak aldatu egiten baitira aldi oro. 2022ko edizioan, egun batean animaziozko filmen soinu-bandetako abestiak ipini zituzten, eta hurrengo larunbatean, berriz, musika tradizionala.

Hala, Baionak asmatu du thailandiar jatorriko tradizio bat berezko nortasuna duen ikuskizun bihurtzen, eta Gabonetako koloreak eta espiritua nagusitzen dira zeruan. Beste udalerri batzuetara ere zabaldu dute ospakizuna.

Gabonetako linternak Iruñean

Iruñera ere iritsi da Baionako linternen tradizioa, senideturik baitaude bi hiriok.

Alabaina, iruindarrek Gabonen hasieran ez ezik San Saturnino egunean ere askatzen dituzte linternak, hau da, azaroaren 29an.

Dagoeneko zehaztuta daude aurtengo ediziorako ordua eta lekua: 19:00etan izango da, Gaztelugibelen.

Iruñeko Udala prest dago linternak askatzeko ekitaldi jendetsu eta arrakastatsu bat egiteko, eguraldiak laguntzen badu, behinik behin. Aurten, linterna gehiago banatuko ditu: 3.000 aurreikusten zituzten hasieran, baina azkenean 4.000 banatuko dituzte.

Pertsona bakoitzari linterna bat ematen diote doan, betiere 16 urte baino gehiago baditu.

Turismo Bulegoan, Kondestablearen jauregian eta udaletxean bertan jaso daitezke, hilaren 29an bertan, 16:00etatik aurrera.

Orain badakizu aurten non eta nola askatuko dituzten linternak Baionan. Gabonetarako ekitaldi magiko eta koloretsu bat, familia osoarentzako aproposa.

Goiburuko irudiaren letra-mota: Baionako Turismo Bulegoa.