Txuletoia gure gastronomiako platerik ezagunenetako bat da. Bi dira txuletoiaren arrakasta ulertzeko arrazoi nagusiak: kalitatezko lehengaia izatea eta mimoz prestatzea. Post honetan, azalduko dizugu non jan dezakezun txuletoia Bilbon.
Zalantzarik gabe, txuletoia prestatzea arte bihurtu duten zenbait jatetxe ditugu Bilbon. Leku asko daude aukeratzeko; beraz, apuntatu.
Kerren erretegia
Bilboko erretegirik zaharrena da Kerren. Jatetxea zabaldu eta berrogei urtera, hasierako grina berberaz prestatzen dute txuletoia.
Ez zara damutuko txingarretan erretako haragia jatera joaten bazara. Banana-biltegi izandako lokal bateko mahaietan paratutako parrilletan prestatzen dute haragia; garai bateko biltegia lokal moderno eta eroso bat da orain, hirigunean bertan kokatua.
Amaren
Amaren benetako idi-haragiaren tenplua da da Bilboko hirigunean.
2023an, World's 101 Best Steak Restaurants zerrenda gastronomiko entzutetsuaren 14. postuan sartu zen Amaren jatetxea, eta aitortza horrek munduko haragi-jatetxerik onenetako bat dela esan nahi du.
Harri-arkuz apaindutako jangelan, 90 lagunek goza dezakete txingarretan egindako idikiaz, hori baita Amaren jatetxeko sukaldearen erregea. Aukera ugari eskaintzen ditu: Iberiar penintsulako idikia, baserrikoa, Galiziako idiki ondua edo Amarenen ganadutegikoa.
Txakoli Simón
Artxanda mendian kokatua, Txakoli Simónek txuletoi ezin gozagarriagoak eskaintzen ditu: frisiar arrazako haragia da, infiltrazio-maila handikoa eta 30 bat egunez ondua. Egur-txingarretan erre, eta entsalada fresko klasiko batez lagunduta zerbitzatzen dira.
Tradizio handiko errezetak, kalitate oneko produktuak eta janariarekin hobekien uztartzen diren ardoak —sommelierrak otordu bakoitzerako hautatuak— eskaintzen ditu Txakoli Simónek.
Indusi
Indusi jatetxe-erretegiaren espezialitateak txuletoia eta euskal sukaldaritza dira.
Baserri-estiloko jatetxe honek gure sukaldaritzaren sustraietara eraman nahi du bezeroa jakien bidez, eta kalitate handiko bertako lehengaiekin prestatzen ditu platerak.
Gainera, etxean ere dasta dezakezu Indusiren azienda larriko txuletoia, etxera eramateko zerbitzua ere badute eta.
Guetaria erretegia
Guetaria erretegiaren espezialitatea arte-ikatzaren txingarretan erretako haragia da. Ukitu ketuak are gehiago nabarmentzen du haragiaren zaporea.
Dastatze-menua edo "neurrira egindako menua" aukeratu dezakezu, zer nahiago duzun. Edo beste aukera bat: etxean gozatzea Guetaria erretegiko txuletoiak, aurrez eskatu eta jatetxean bertan jaso ondoren.
Casa Rufo
Casa Rufo jatetxea eta janari-denda da.
Hainbat hamarkadatan martxan egon ondoren (1955etik), hasierako otordu eta mokadutxoetatik —Athleticeko jokalariak ziren ohiko bezeroetako batzuk—, delicatessen denda bat izatera pasatu zen, eta, horretaz gainera, txuletoian espezializatutako erretegia ere bada.
Casa Rufoko txuletoiak hemengo edo Galiziako abereenak dira, eta patata frijituekin zerbitzatzen dira.
Sukalde
"Bilboko txuletarik onena" eskaintzen duela dio harro Sukaldek.
Vega Siciliako Álvarez familiak Esla haranetan hazitako mendiko idi arrearen (pastuenco) txuletoiak prestatzen ditu Sukaldek.
Ez gelditu zalantzaz, eta probatu. Horixe duzu gure gomendioa. Kontsultatu hemen lokalaren kokapena.
NidoBilbao
Euskal Herriko abereen txuletoia NidoBilbaoko plater ospetsuenetako bat da.
NidoBilbao estetika modernoko jatetxe bat da, bistako adreiluzko paretak eta argiztapen ikusgarria dituena, baina muzin egiten ez diena euskal sukaldaritza tradizionalaren eskarmentuari eta egiazkotasunari.
Txakoli Berriz
Enekuri-Artxanda errepideko etxalde handi batean txuletoia jateko beste jatetxe tipiko bat dago: Txakoli Berriz
Txakoli Berriz jatetxe tradizional bat da, urte asko daramatzana sukaldaritzan eta bertako errezetak izar dituena; besteak beste, txuletoia.
Mendipe erretegia
Txingarretan erretako txuletoia da —hornigaiz eta, garaia denean, bertako piper berdez lagundua— Mendipe erretegiko bitxi gastronomikoetako bat.
Gainera, Bilboko eta inguruko mendietako ikuspegi ezin hobeez gozatuz dastatuko duzu txuletoia, leku paregabean baitago jatetxea, Pagasarri mendiaren magalean.
Sagarra
Bilboko alde zaharrean dago Sagarra erretegia, Txakur kalearen eta Andra Maria kaleen artean.
Zain dauzkazu han behi zaharren, behi galiziarren eta idien txuleta onduak. Eta ukitu berritzaileagoko zerbait nahi baduzu, probatu behi-txuleta ondua carpaccio eran prestatua.
Horma Ondo
2007an baserri bat zaharberritzea izan zen lehen urratsa Horma Ondo jatetxea Bilboko txuletoiaren beste geltoki ezinbesteko bat bihurtzeko.
Galiziako txuletak prestatzen ditu batik bat, frisiar arrazako behienak, eta 25-50 egunez onduak. Batere saltsarik gabe beti, ez baitzaio oztoporik jarri behar haragi onaren zaporeari.
Ez al zaizu iruditzen beti dela garai egokia Bilbon txuletoi eder bat jateko? On egin!
Fuente imagen principal: Horma Ondo.