Iritsi da abendua; hasi prestatzen: azken opor-egunak, ospakizunak lankideekin, San Tomas, Olentzeroren opariak, Urtezahar-gaua…
Azaroan kirol-jardueraz betetako agenda prestatu genizun, sasoian jartzeko. Bada, hil honetan, proposamen lasaiagoak egingo dizkizugu… kulturak eta ikuskizunek ere izan dezaten lekua, eta, nola ez, baita ardoak eta gastronomiak ere. Hilabetea oso luzea da, eta denerako astia izango dugu. Beraz, instalatu egin beharrekoak antolatzeko gustukoen duzun aplikazioa, eta prestatu proposatuko dizkizugun jarduera denak aprobetxatzeko:
Durangoko Azoka
Ezin duzu hutsik egin. Ezinbesteko hitzordua da gure kulturarekin. Musikan eta literaturan berriena ikusteko eta entzuteko aukera ezin hobea da, festa giro bete-betean. Aurtengo azokak 240 stand eta ia130 parte-hartzaile izango ditu, eta 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta beste mota batzuetako 27 sorkuntza aurkeztuko dira. Eta musika ugari; artista eta musika-talde askoren kontzertuak egunero. Oraindik ez badakizu ere, musika-maratoia hilaren 6an hasiko da, 23:00etan, Governors taldearekin. Egun bat geroago, Plateruenan, Arkada Social arituko da. Eromena besarkatzen diskoa aurkeztuko dute —osorik euskaraz grabatutako lehen diskoa—. Audience, Glaukoma, Zeze eta Jabier Muguruza ere pasatuko dira Plateruenatik. Ezetz galdu!
Euskal Herriko Bertso Txapelketa
Egun batzuk geroago, hilaren 17an (igandea), Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko da; aurten ere Barakaldoko BECen. Eta, aurten ere, inprobisazio onena eta euskal bertsolari onenak zuzenean ikusteko aukera izango dugu, eta bazkari ederra egingo dugu, konpainia ezin hobean. Baina ez hori bakarrik: finala ikustera nazioarteko zenbait inprobisatzaile eta aditu etorriko dira, hala nola John Zemke estatubatuarra, Missouriko Unibertsitateko Ahozko Tradizioa Ikertzeko Zentroko zuzendaria.
Ardoaraba
Kulturaz hizketan jarraituko dugu, baina, orain, ardoaren kulturaz, bestea bezain garrantzitsua baita, edo are garrantzitsuagoa. J Abenduaren 6tik 10era, zubi bete-betean, enogastronomiaren hiriburu bihurtuko da Gasteiz. Badakizu zer esan nahi duen horrek? Bada, hiri osoan Arabar Errioxako ardorik onena, txakolin onena eta sagardo onena eskainiko dituztela, eta, haiekin batera, pintxo esklusiboak eta gourmet produktuak. Hori guztia , Probintzia Plazan , Matxete plazan eta Foru Plazan jarritako karpetan, eta Txoko Gastronomikoan. Baina ez hori bakarrik; hiri osoko 80 taberna eta jatetxek baino gehiagok egin dute bat festa horrekin. Gabonetarako prestatzen hasteko...
Ez dago erraza: hainbeste bazkari eta afari etxekoekin eta lagunekin, erosketak, opariak... Espero dugu, hala ere, tartetxo bat egingo diezula gure proposamenei ere. Eguberri on!