Mundu hiperkonektatu honetan, albisteak bizkor baino bizkorrago zabaltzen dira. Eta albiste horiek faltsuak badira? Albiste faltsuak, edo fake newsak, asko ugaritu dira azkenaldian, eta buruhauste handia dira haien biktima diren enpresentzat.
Fake news dira egiaztatu gabeko datuak, datu manipulatuak edo egiazkoak ez diren datuak sortzen eta/edo zabaltzen dituzten albiste faltsuak. Honela definitzen ditu Europar Batasunak: “Informazio faltsua, okerra edo engainagarria, irabazi-asmoarekin eta kalte publikoa eragiteko helburuarekin, ekoizten, zabaltzen eta kontsumitzen den ekosistema”.
Izan ere, fake newsen atzean arrazoi pertsonalak, sozialak, ideologikoak, politikoak eta ekonomikoak egon daitezke.
Testu, irudi eta bideoen bitartez ere zabaldu daitezke, baina sare sozialak dira, zalantzarik gabe, fake newsak zabaltzeko euskarri gogokoena. Sare horien berehalakotasuna, laburtasuna eta biralitate potentziala konbinazio izugarria dira denbora gutxian pertsona askorengana iristen diren mezuak zabaltzeko.
Gainera, MIT (Massachusettseko Institutu Teknologikoa) entzutetsuaren azterketa baten arabera, albiste faltsuek % 70 aukera gehiago dute partekatuak izateko. Nola da posible?
Berehalakotasunak eta informazioaren gaindosiak markatzen duten garai honetan, erraza da informazio erreala eta erreala ez dena ez bereiztea, eta informazio bat egiaztatzeko eta kontrastatzeko beharrezko denbora ez hartzea. Hau da, kondizio perfektuak dira fake newsak ugaltzeko.
Fake newsak enpresetan
Enpresek, pertsona ospetsuekin batera, jasaten dituzte gehien fake newsak.
Starbucks, Amazon eta United Airlines eta beste marka batzuetan izandako kasu ezagunek agerian utzi dute arazoa, eta, testuinguru horretan, enpresa batzuek erabaki dute gerta daitekeenari aurrea hartzea protokolo espezifikoak definituz eta lantalde espezializatuak martxan jarriz.
Izan ere, informazio faltsuak arazo handiak sortzen ditu erakunde guztietan, edozein dela ere haren tamaina eta jarduera-sektorea. Besteak beste, alderdi hauei eragiten die: enpresaren izen ona eta sinesgarritasuna, bazkide eta kolaboratzaile posibleei helarazten zaien profesionaltasun-irudia eta finantza-egonkortasuna. Batzuetan, salmentek eta bezeroen kopuruak behera egiten dute zuzenean.
Enpresaren munduan, fake newsen asmoa izaten da beste enpresa baten ospea beheratzea. Askotan , esaten da konpetentziak edota enpresa berriek sortu dituztela, merkatua ezegonkortu eta haientzako tarte bat egiteko (hala ere, gutxitan ematen dira datuak).
Baina fake newsek zenbait sorburu dituzte, eta enpresa guztiek dute haien eragina jasateko arriskua. Beraz, jarraibide eta gomendio batzuk emango dizkizuegu, kalteak murrizten laguntzeko:
- Komunikazio-estrategia bat izatea, ongi definitua eta planifikatua, barne hartzen duena enpresak fake newsen baten eragina jasaten badu nola jokatu jasotzen duen eskuliburu, protokolo edo gida eguneratu eta errealista bat.
Kontuan izan bizkor jokatzea funtsezkoa dela krisialdiari aurre egiteko, eta inprobisazioa oso arriskutsua dela. Horregatik, jarraibideak aldez aurretik ezarri behar dira, behar izanez gero, modu koordinatuan erantzun ahal izateko berehala.
- Aurrea hartzea. Inork baino hobeto ezagutzen duzue zuen enpresa, eta seguruenik jakingo duzue zein izan daitezkeen zuen ahulguneak fake newsen kasuan. Egon zaitezte prest.
- Informazioa aztertzea eta monitorizatzea. Zerbait egin aurretik, jakin behar da zer, nola, non eta nori esan behar zaion. Modu egoki eta proportzionatuan erreakzionatzeko, xehetasunak garrantzitsuak dira, baita zer hedabide erabiltzen den eta zer audientzia lortzen den ere.
- Hedabide eta kontaktuekiko harremana zaintzea. Komunikabideak (aintzatespena eta izena ona dutenak), elkarteak eta profesional entzutetsuak aliatu onak izan daitezke informazio faltsuei aurka egiteko garaian.
Kontaktu-agenda on bat izateak asko errazten eta ugaritzen ditu egiazko albiste propioak zabaltzeko aukerak: datu osatu eta eguneratuak emanda, fake newsak agerian geratuko dira. Egoera ondo kudeatuz gero, fake newsak aukera ona izan daitezke gure marka-irudia indartzeko eta suspertzeko, egiazko informazio zehatzari eta gardenari esker.
- Aholkua bilatzea. Izen on korporatiboa, marka-irudia eta legeak lantzen dituzten enpresa eta profesional espezializatuak daude merkatuan. Lagungarriak izan dakizkizueke zuen enpresak albiste faltsuen eragina jasaten badu.
Ezagutza, irmotasuna eta arintasuna behar dituzue, eta ondorioen azterketa bat ere egin beharko duzue, ez baita erraza jakitea zuen erantzunak zer erreakzio eragingo duen. Aukera asko daude, hala nola kritika negatiboekiko axolagabetasuna edota irudia kaltetzeagatiko demandak.
Dagokien agintariengana ere jo dezakezue, hutsegite edo delituen (halakorik balego) larritasunaren eta ondorioen arabera nola jokatu behar duzuen aholka zaitzaten.
Espainiako Zigor Kodean, albiste faltsuak ez dira jasotzen delitu espezifiko gisa. Hala ere, zigorrak zehazten dira albiste faltsuekin erlaziona daitezkeen delituetarako (adibidez, irain eta kalumniak, iruzurra eta gorrotoa), eta esplizituki jasotzen ditu merkatuko posizioa kaltetzean eragindako kalteak.
Enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz gehiago jakin nahi baduzu, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Eta azken albisteak ezagutu nahi badituzu, jarraitu gaitzazu LinkedInen.