Iraultza teknologiko berri baten erdi-erdian gaude. Gero eta enpresa eta erakunde gehiagok jartzen dituzte abian eraldaketa digitaleko prozesuak, eta horiek guztiak ez lirateke posible izango ingurune teknologikoki segururik gabe.
Zibersegurtasunak aukera ematen du, besteak beste: IoT inguruneak martxan jartzeko, prozesu industrialak automatizatzeko, pertsonen segurtasuna bermatzeko inguru automatizatu horietan, enpresen komunikazio-sistemak blindatzeko haien lehiakortasuna bermatzeko, eta abar. Euskal enpresek 4.0 estrategiaren barruan nahitaez martxan jarri behar duten digitalizazio-prozesuaren osagarri dira egiteko horiek guztiak.
Hilaren 22an eta 23an, enpresetako ehun ordezkari baino gehiagok parte hartu zuten Euskaltelek Bilbon eta Donostian antolatutako eraldaketa digitalari eta zibersegurtasunari buruzko jardunaldietan. Gure partner eta bezero garrantzitsuenetako batzuek hartu zuten parte jardunaldiotan, besteak beste hauek: S21 SEC/Nextel, Kutxabank, Dominion, EcoMT, FVEM eta, nola ez, Basque Cibersecurity Center.
Jardunaldi horietan, eraldaketa digitalerako neurriak modu seguruan hartzeko esperientziak bateratu ziren, eta, horretaz gainera, beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzeko eta aliantzak egiteko bideak ezarri ziren; Koldo Unanue Euskalteleko zuzendari nagusiaren iritziz, funtsezkoa da hori digitalizaziorantz aurrera egiteko.
Jardunaldiek premisa hau izan zuten abiapuntu: eraldaketa digitaleko edozein prozesu martxan jartzeko oinarri nagusia zibersegurtasuna da, eta, beraz, integratua behar dute enpresa eta erakunde guztiek beren prozesuak eta negozioa babesteko.
Eraldaketa digitalaren paradigmetako bat Gauzen Internet (IoT) da. Teknologia horri esker, elkarri konektatu ahal izan dira hainbat gailu, bai etxean, bai enpresa- eta industria-ingurunean. Francisco Luis de Andrés S21 SEC/Nextel-en Cibersecurity Strategy and Technical Advisor-en arabera, teknologia horren ugaritzeak “haren esposizio-maila handitu du”, eta, beraz, “segurtasun-sistema eraginkor berriak sustatu behar dira teknologia hori aprobetxatzen laguntzeko”.
Nahiz eta iaz zibersegurtasuneko 123.000 gorabehera baino gehiago erregistratu ziren gure inguruan —pertsonekin eta enpresekin lotuta gehienak—, zibersegurtasuna alor aski ezezaguna da oraindik enpresa-munduan. Basque Cibersecurity Centereko Iratxe Martín Sorianok azaldu zuenez, ezjakintasunari aurre egiteko helburuetako bat da, batetik, “enpresei jakinaraztea nolako arriskuak dituzten eguneroko jardunean eta, bestetik, babesteko behar dituzten segurtasun-neurriak eskaintzea”.
Diagnostiko horrekin bat egin zuen Alfonso Encina Euskalteleko Segurtasun Zerbitzuen arduradunak; haren arabera, “eraldaketa digitala une egokia da enpresek serio har dezaten zibersegurtasuna”. Nahiz Euskaltelek urte asko daramatzan bezeroen segurtasun informatikoa bermatzen, nahitaezkoak dira zerbitzu kudeatuak, “baliabideei behar duten babesa eskaintzeaz gain, informazioa aztertzeko eta, gorabeheraren bat gertatuz gero, neurriak hartzeko aukera ematen baitute. Garrantzitsua da enpresak behar bezala prestatuak egotea beren burua babesteko, baina baita gerta daitezkeen gorabeherei erantzuteko prestatuak egotea ere”.
Horrelako jardunaldiak topagune egoki-egokiak dira zerbitzu berriak aurkezteko. Dominion-eko Datan Analytics Manager Ignacio Urigüenek nabarmendu zuen horrelako jardunaldiak funtsezkoak direla, “enpresak 4.0 industriako eraldaketa digitalaren errealitatera hurbiltzeko. Jardunaldiotan, kasu zehatzak ikusten ditugu, teknologia egokien aplikagarritasun-eremuak, negozioak hobetzeko zer aukera ematen dituzten erakusten dutenak”.
Alberto Díaz Euskaltel Taldearen Zerbitzu Digitalen eta Sektorekako Soluzioen arduradunak azaldu zuenez, jardunaldiok “teknologia berri eta berritzaileenak enpresetara hurbiltzeko” balio dute. Zehazki, Albertok azaldu zuen Euskaltelek enpresen esku jarri duela plataforma bat IoT, Big Data eta analitika aurreratuko zerbitzuak eskaintzen dituena, edozein erakundek berme eta segurtasun osoz egin diezaion aurre eraldaketa digitalaren prozesuari.
Ikusten duzunez, Euskaltelen jardunaldiak funtsezko topagune izan dira berriz ere gure enpresen eraldaketa digitala sustatzeko. Aldaketa-prozesu honetako esperientzia eta arrakasta-kasu berriak ezagutu nahi badituzu, zatoz gure hurrengo ekitaldietara!