Deepfake bat adimen artifizial bidez sortutako eduki faltsu bat da, pertsona baten ahotsa, aurpegia edo mugimenduak imitatzen dituena. Sare neuronal aurreratuak baliatzen ditu oso itxura errealistako eduki faltsua sortzeko.
Terminoa bi elementu hauek konbinatuz sortua da: deep learning (ikaskuntza sakona) eta fake (faltsua).
Nola sortzen da deepfake bat?
Deepfakeak AAko zenbait teknika erabiliz sortzen dira, hala nola sare sortzaile antagonikoak (GAN, ingelesez), ahots-sintesiko ereduak eta aurpegia trukatzeko sistemak (face swap).
Algoritmoak pertsona baten milaka irudi, audio edo bideotatik ikasten du, haren itxura, hazpegiak, aurpegiera edo ahotsa imitatzeko. Gero, ereduak bertsio faltsu bat sortzen du, gai dena aurpegi bat trukatzeko, ahots bat klonatzeko edo eszena berri faltsu baina oso itxura sinesgarriko bat sortzeko.
Deepfake bat balia daiteke iruzurretarako, propagandarako, xantaiarako edo norbaiten identitatea ordezteko. Inoren izen onari kalte egiteko eta albiste faltsuak hauspotzeko ere izan daiteke, eta zaildu egiten du errealitatea egiaztatzeko lana, nekezago suertatzen baita informazio benetakoa eta manipulatua bereiztea.
Nola jakin deepfake bat den?
Ez da erraza deepfake bat detektatzea, baina badira seinale batzuk lagungarri izan daitezkeenak:
-
Seinale bisualak; adibidez, begi-kliskatze ez oso natural bat edo aurpegiera behartu edo bitxi samarrak. Baita argiztapen gorabeheratsua edo ertz lausoak ere.
-
Audio-seinaleak, hala nola ahots robotiko bat edo ezpainen eta ahotsaren arteko sinkronizazio falta.
-
Testuinguru-seinaleak: eduki harrigarriegia edo informazio-iturri ez oso fidagarriak.
Deepfakeak identifikatzeko zenbait teknologia garatzen eta hobetzen ari dira gaur egun. Besteak beste, AAn oinarritutako detektagailuak, auzitegi-analisi digitalean baliatzen diren antzeko teknikak eta edukia egiaztatzen duten plataformak (fact-checking).
Deepfake-mota ohikoenak
Bideoa, ahotsa eta irudia dira deepfakeak baliatzen dituzten ohiko edukiak. Zehazki, hauek dira ohikoenetako batzuk:
-
Aurpegiak trukatzea (face swap).
-
Ahotsa klonatzea. Norbaiten ahotsa imitatzen da, audio faltsu bat sortzeko. Deepfake-mota hau maiz erabiltzen da telefono bidezko iruzurretan edo beste norbaiten identitatea hartzean.
-
Gaur egungo gaiei buruzko irudi edo bideo hiperrealistak sortzea.
-
Denbora errealeko deepfakeak, gai direnak ahots bat edo bideo bat manipulatzeko zuzeneko dei edo emisio batean. Bereziki arriskutsuak dira hauek, zailagoa baita momentuan detektatzea.
