Beste ezertara jo aurretik, ba al dakizu zer esan nahi duten 1G, 2G, 3G, 4G eta 5G siglek? Teknologia mugikorraren belaunaldiei dagozkie.

Oraingoz, eta berrogei urte baino gehiagoko garapenaren ondoren, bosgarren belaunaldian goaz..., eta gehiago etorriko dira atzetik. Zertan bereizten diren eta zuk, erabiltzaile gisa, nola nabaritzen duzun azalduko dizugu hemen.

Lehenbiziko belaunaldia (1G): 1970eko hamarkada

1970eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran sortu zen telefonia mugikorra. Deiak egiteko balio zuen 1G-k, ez beste ezertarako. Artean ez zen Internetik. Telefonoak ez ziren poltsikoan kabitzen: maletatxo batean eramaten ziren. Bestalde, apenas zegoen antenarik, eta oso gutxi irauten zuten telefono-bateriek; hori zela eta, mugikortasun eskasekoak ziren. Oso garestiak izaten ziren "mugikor" haiek, gutxi batzuek bakarrik ordain zitzaketen gurariak.

Hedatzen ari zen telefonia mugikorra (Estatu Batuetan batez ere), baina inork ere ez zuen irudikatzen zer izango zen handik urte batzuetara.

Bigarren belaunaldia (2G): 1990eko hamarkada

1990eko hamarkadaren hasieran, berriz, globalizazio digitala iritsi zen. Ordukoa da roaming kontzeptua (mugikorra atzerrian erabiltzea, alegia). Sasoi horretan, nabarmen hobetu ziren ahotsaren kalitatea eta datuak transmititzeko abiadura, eta SMSak agertu ziren.

Hobekuntza horiek, eta prezio merkeagoek, are gehiago zabaldu zuten telefono mugikorrekiko grina. Ez zegoen martxa hura gelditzerik.

Bigarren belaunaldi hark Interneteko nabigazioaren hastapenak ere ekarri zituen; ordurako, gainera, telefono mugikorrak poltsikoan kabitzen ziren. Beste berrikuntza bat: irudi-trukea. Lehenbiziko Blackberryak garai hartakoak dira.

Hirugarren belaunaldia (3G): XXI. mendea

Internet mugikorra heldu zen. Izugarri areagotu ziren erabiltzailearen aukerak: bideokonferentziak egin zitezkeen jada, mezu elektronikoak trukatu, bideoak ikusi… Era guztietako aplikazioak sortu ziren. Mugikorrean Facebook, GPSa edoYoutube edukitzea gauza guztiz normala izaten hasi zen.

3G-ren beste aurrerapen bat mundu mailako bateragarritasuna izan zen. Ez zion inporta non geunden; nonahi nabiga genezakeen Interneten. Geroz eta jende gehiago ikusten zen gau eta egun beren gailua aldean zutela. Mikroordenagailuak generamatzan poltsikoan. WhatsApp ere orduan sortu zen. Eta erabili ezean "baztertuta" geratzeko arriskua…

Laugarren belaunaldia – 4G – XXI. mendearen lehen hamarkadaren amaiera

Sare haridunen eta haririk gabekoen arteko konbergentzia dago 4G belaunaldiaren atzean, zeina IP protokoloan oinarritua baitago guztiz.

Smartphoneen ugaltzea eta ia nonahitik konexio izugarri azkarrak egiteko aukera dira belaunaldi horren ezaugarrietako batzuk. Euskadin, biztanle-kopurua baino handiagoa da jada telefono mugikorrena.

Duela urte batzuk pentsatu ere egingo ez genituzkeen hainbat gauza egin ditzakegu egun telefono mugikorrarekin: bizi-konstanteak neurtu, jatetxe bat gomendatu, goi-mailako bereizmenez egin argazkiak (kamera digital konpaktuen ordez mugikorrak erabiltzen dira orain)…

Bosgarren belaunaldia (5G): Hemen da!

Etxe eta hiri adimendunak, errealitate birtuala, auto autonomoak, telemedikuntza, cloud computinga... 5G teknologia gure bizitza goitik behera aldatzera dator.

Izan ere, askoz abiadura handiagoan nabigatu daiteke jada eta orain arte baino gailu gehiago konektatu sarera, konexioaren kalitateari kalterik egin gabe. Euskaltelen bezeroa bazara, ikusi streaming bidez zure telesail gogokoena 4K-n, eta esango diguzu! ;)

Eta 5G bidezko mugikorreko konexioak aukera emango du fitxategiak segundo gutxitan deskargatzeko edo ultra HD bideoak orain arte baino 10-20 aldiz azkarrago kargatzeko.

5G teknologiaren abantailak ezagutzen eta baliatzen hasi berriak gaudelarik, prestatzen hasia da jada hurrengo belaunaldia. Zer ekarriko ote digu 6G teknologiak?